blogak

Kaixomaitia

Kosk egin

Gaur ere ez du zapatak janzteko moduko egunik egingo.

Beno ez zapata, ez bota, ez kirol zapatila, ez abarka ez kalerako guk edo gure arbasoek hobetsitako ezer ere ez.

Gaur, telelanaren diktadurapeko outfiterako eguna dago.

Alde batetik, ezin uka, esfortzu handia izan zen niretzat orain urte batzuk lan honi ekin nionean egunero ordu goiztiar berean jaiki eta lanera joan beharra. Ahalegin horrek baldintzatzen zituen bezperako afari ordua eta oheratzea, loa eta goizeko bekarrak kentzeko ahalegin nagia irratian Errontegiko zubiaz ziharduten bitartean. Zer esanik ez, norbere buruaren jabe zeharo izan gabe gidatu beharraren zentzugabekeria arriskutsua nardagarria iruditu zait beti. Hobe etxean goxo, pentsatzen nuen halakotan, etxean egotera behartua ikusi naizen arte. Nahiz eta behin martxa hartuta, ondo ninderaman ikasturtearen ibaiak.

Alabaina, egun batean, bulegoan obrak egin behar direla eta, ordezko espazio bat alokatu ordez esan ziguten bakoitzak bere etxetik lan egiteko. Horra modernotasuna zer den, hogeigarren mendeko salbuespena, nire birramona eta birraitonen antzera lanera etxera itzuli bainaiz, itzultzaile izatera nire bakardadean.

Etxeko lehen bi asteak  zoriontsuak izan ziren; moka kafe goxoa, giro lasaia eta ekoizpen joria. Hitzek, pasarteek eta orriek praxinoskopio batean baleude lez dantza egiten zuten nire testu prozesatzailearen zurian. Ase nengoen.

Ezer ez da betiko ordea, gutxiago hori ona bada. ETBren ordutegi gautxoriak behartuta, nork esango zidan niri euskal ikus-entzunezko industriaren azken harribitxia ikusi ahal izateko loari traizio egingo nionik; auto-oharra: traizioa ez da errepikapenean oinarritzen, aski da behin egitea edo ez egitea zerbait traidore bihurtzeko. Eta loak, mendeku gosez, goizetan bere arrastoa utzi zidan begirada lauso eta mugimendu geldo eran. Lo ezaren lorratzak egun bat ez, egunak iraun zituen nigan.

Akabo produktibitatea eta ongi etorri desordutako lana. Gauetan berandu arte lan egitea eta egunez kalera irten ordez pantaila aurrean mugitu gabe egotea  bilakatu zen plana, lanerako inspirazioak prest harrapa nintzan, nabigatzailean zumirikiz zumiriki saltoka. Horrela iritsi nintzen, klik dosi bakoitzak berarekin dakarren gose faltsuz, lagun batetik bestera saltoka, twitter kontu ezezagun batetara: Kosk egin zuen izena.

Twitter kontuko bioan ondorengo leloa: Fruituari kosk egitea da bekaturik larriena. Egunero gauerdian bideo berri bat.

<<Eta hemen nago>>, madarikatu nuen nire burua ordu batzuk beranduago, itzulpen bat eginaz ez atzera ez aurrera telelanaren barrote gabeko espetxean, enpresa munduko hizkera anpulutsutan kateatuta, nabigatzailean zazpi leiho irekita.

Eta bai, artean fruituen leihoa ere zabalik. Puntual txiokatu zuten eta jakin minak eroanda, ze bihurria den gero, periscope bidezko zuzeneko emisioan horra non zen fondo zuriaren aurrean artilezko jertse belzdun gizon heldua, egur zurizko mahaiaz bestalde. Kamerari begira, isilik, sagar gorria parean zuela, eskumuturreko erlojuari erreparatzen zion adi. Horrenbeste, ze nik ere ordenagailuaren pantaila ertzeko digituei ere ez nien begirik kentzen. Hamabiek jo zutenean, begirada kamerari zuzendu, besoa luzatu eta sagarra eskuan hozkada sendoa eman zion sagarrari. Entzuten den hozkada horietakoa, sagarrak duen hots beregainarekin. Bigarren haginkadaren ostean zuku hari batek distira eragin zion ezpainetatik behera. Gizonak ez zuen ezer esan, sagarra isilean jan soilik kamerari begira. Bukaeran, txortenetik helduta biratu eta mutxikina ez besterik utzi arte jan zuen. Minutu eskaseko bideoa.

Hurrengo egunean, esnatu nintzenetik banekien gauez nire pausoek nora eramango ninduten. Gainera bezperako gizon bera espero nuen ordu magikoan, zertarako kontrakoa esan. Ile sendo eta urdindua zuen, gorpuzkera gihartsua eta urteek gogortu ahala ondutako eitea. Bere partez, halaber, emakume gaztea blonda elurkara agertu zitzaidan aurrez aurre, beste pareta zuri baten kontra bermatuta, mahai gaineko iratzargailu bati begira. Ordua iritsi zenean, matsalkoa atera bistara eta ahoan sartu zuen aurreneko alea, kuxin gainean etzanda den zesarra bailitzan lepoa bihurriturik. Hirugarren mahats alea osorik miazkatu zuen mihiarekin, geldo, presarik gabe, leun, irentsi arte. Miazkatu ostean kamerari begiratzen zion, jostari, horzka egiten zion azpiko ezpainari. Bosgarren edo seigarren alea, ez nago ziur, aurrena airera botata ahoratu zuen. Ez ninduen hotz utzi.

Hirugarren egunerako banuen jada gauerdiko fruituari buruzko apustu sorta txikia eginda, ea zer tokatuko zen. Papaia, mangoa edota bestelako fruitu tropikalen bat desio nuen, egiari zor, lurrina ere pantailaz bestalde hedatzen duten horietakoa. Haragitsua, kolore bizikoa, ausarta da fruta tropikala. Horren partez zer eta piku sorta bat, beraien atzealde puztu eta ubelekin, erakutsi zuen pantailaren aurrean gizon gazte beltzaranak. Ba ote pikua baino gauza zaharragorik? Ba akaso mizpira, baina hor-hor dira biak. Segundoak igara ahala, hipnotizatuta, bere ezkontza eraztunari begira amaitu nuen, likits baitzegoen pikuen haragiz blai. Hiena batek gorpua nola jan hala jan zituen fruituok, gose basatiz, kulturak berarekin dakartzan barrera guztien gainetik salto eginda, era zikin eta intentsuan. Apetituaren espektakulu lotsagabearen lekuko egin ninduten. Erlojuak hogeita zazpi segundo besterik ez zituen aurreratu.

Honezkero bideoak ez nau lanean harrapatzen, bideorako prestatu egiten naiz. Gaur lana garaiz amaitu dut, patxadaz dutxatu naiz nire gorputzeko ertz denak xaboiz igurtziz eta lurrina oparo bota dut gorputzean zehar. Ondoren ispilu aurrean nire gorputza luzez miretsi ostean, <<ez nago horren gaizki>>, arropa dotorea jantzi, ardo zuri kopa zerbitzatu, txokolate ontza beltz bi erauzi eta miazkatzeko utzi, gai naiz ahoan ontza desegin arte minutuak egoteko, mukizapiak eskuragai jarri. Pantailaz bestalde, bideoan, gizon heldu, sendo eta bizartsua ageri da, motorzale banda amerikar horietako batean arazorik gabe bere tokia aurkituko zukeen horietakoa. Meloia da protagonista gaurko gauerdian eta, ezin bestela esan, a ze meloia. Heldua, guria eta urtsua, bereziki urtsua. Hozkada bakoitzarekin bizar guztia meloi zipriztin, isuri eta haragi zatiz josiz doakio. Eskua pasa dut ezpainetatik utzikeriaz, narras, zikin eta axolagabe.

Eskua jostari nabaritzen dut, bizi propioz. Gizonak meloi azalaren azken erpina marraskatu orduko sukaldera jaiki eta madari heldua aurkitu dut niri begira-begira, gauerdia bailitzan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07