blogak

Kaixomaitia

Jolastu dezagun

“Ez izan buruarina maitasun kontuetan Matxalen. Kontuz ibili, ez jolastu sentimenduekin, izan zentzuduna…”. Titiak handitu eta nire kuleroetan abisatu barik agertu zen kutsu gorri batek “heldua” nintzela erabaki zuen egunetik errepikatu didate gurasoek esaldi bera. Behin eta berriro.

Antza, ez naiz beraiek eduki nahiko luketen alaba ganorako eta zuzen hori. Ez naiz pertsona formala. Okerra naiz, akastuna, zinez, bide zuzenek aspertu egiten nautelako. Eta jolastea? Jolastea maite dut, izugarri, ez dakizue zenbat…

Lekeitiarrentzat ez omen dago antzara batetik zintzilik egotea bezalakorik, Tolosarrentzat inauterietako karrozen prestakuntzak edo Bilbotarrentzat Aste Nagusiko txosnek parekorik ez duten bezala. Donostiarrentzat, berriz, San Sebastian eguna izaten da urtean desiratuena.

Zoratuta dabil jendea, txano zuri eta guzti, alde batetik bestera “Sebastian bat bada zeruan” kantatzen. Asaldatuta dago nire pisu-kidea ere, gaurkoa ahaztezina izango dela oihukatuz. Bere ahizpa gaztearen baserritar jantzia darama. “Nirea baino estuagoa da eta ederki markatzen dizkit titiak”, horrela dio berak…

Pertsona berezia da oso. Udako egunetako lehenengo euri tanten usaina atsegin du, eta bustitzea, aterkirik gabe, ur tantak gorputzetik behera doazkion bitartean dantzatzea. Txokolate beltza gorroto duela dio, zuria maitatzen. Berezi deitzen diote, ezin izen egokiagorik aurkitu.

Orduak aurrera doaz sagardo eta dantza artean, eta behingoan, ustekabean, nire metro eta erdi eskasa gainditzen duten ardozale xoratu horien guztien artean, begirada zorrotz bat aurkitu dut. Ezpain lodi eta bustiak, irribarre bihurria… Bai, bera da. Berotzen, erotzen, urduritzen, probokatzen eta kilikatzen nauen Asier, Bereziren mutil laguna.

Ez diogu oraindik elkarri hitzik esan, baina bere begiek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Niri bezala, berari ere gure gorputzei euren hizkuntzan hitz egiten uztea gustatuko litzaioke, ziur nago. Desiratzen nau, nik bera adina. Askotan ez da berben beharrik izaten…

Tabernariek Eperrak eta Xalbadorren heriotza kantak jarri dituzte. Argia piztu dute, “Nuuuuun haaagooooo” hori indarrez, gogotsu, abesten geunden bitartean. Festa amaitu denaren seinale.

Tripa betetzeko okindegi baten bila doaz batzuk. Beste hainbatek, ordea, ez dute oraindik jaialdiari amaiera emateko asmorik. Parranda osteko goizetan besterik bururatzen ez diren galderekin bueltaka dabilen baten bat ere bada. “Zeren beldur gara? Ez al ditugu gauzak gehiegi konplikatzen?” Gu, baina, elkarrekin etxeratu gara, Berezi, Asier, eta hirurok…

Igogailuan sartu eta eskua hartu dit Asierrek. Bere azala sentitu eta urduri jarri naiz berehala. Begiratu dudanean, ordea, barkamena eskatu eta askatu egin du eskua. Zertan dabil? Ze jolas mota da hau?

Pisura heldu orduko nire gelara joan naiz. Beroegi nago, eta Asier ondoko logelan dagoela pentsatzeak oraindik gehiago aztoratzen nau. Begiak itxi eta nirekin dagoela imajinatzen hasi naiz. Nire atzamarrak ezaguna duten bidea egiten hasi dira orduan, poliki…

Sorpresan harrapatu nau Asierren bisitak, eta ezustean bere ahotsak. Kuleroak arineketan jantzi eta zer nahi duen galdetu diot. Bere hitz aske eta eztiak sumatu ditut belarrian “jolas dezagun batera…”. Bizitzan bi motatako berbak daude: egunekoak (gure ardura eta arrazoiarekin zerikusia dutenak), eta gauean esaten direnak. Azken hauek gehiago sortzen dira gure irrika eta desioetatik…

Goxoki dator, gustagarri. Baina ni erabat blokeatuta nago. Aurpegia nigana hurbildu eta musu gozoz bete nau, ahotik lepora, gora eta behera. Ezpainetan kosk egin, eta belarrietara igaro da… Ni gero eta beroago nago, eta nire arnasestuek ez dakite disimulatzen.

Esku bat nire sorbaldan paratu eta bestea kamisetaren tirantearen azpitik sartu dit, laztanduz, ferekatuz, bularretara heldu den arte. Amets bat da edo benetan gertatzen ari da?

Orduan kamisetak erantzi, berotasuna galtzeko beldur izango bagina bezala, eta aspaldi gogortu zaizkidan titiburuak miazkatzen hasi da. Bere mingaina nabaritzen dut, gora eta behera, alde batetik bestera, borobil antzekoak egiten… Batu gara, bular eta bular. Bere berotasuna ere sentitzen dut, bere izerdi hotza, bere taupada gero eta bizkorragoak. Laztanak, esku batekin bularretatik, bestearekin gerritik, eta bat-batez, ezaguna dudan beste hirugarren esku bat igarri dut izterretatik. Berezi da.

Nire harritasun aurpegia ikusi eta “sshh, ez pentsatu Matxalen, sentitu, besterik ez…”xuxurlatu dit bere ahots ezti eta suabe horrekin. Akabo. Desblokeatu naiz. Behingoan, beste nonbaitera joan zait burua. Eta zeinen gustagarria den arrazoia galtzea …

Buruz gora etzanda nago, Asierrek nire titiburuekin jolasten duen bitartean, Berezik eskua kuleroen azpitik sartu dit, mugimendu lasaiak eginez. Emeki, heldu dira bere hatzamarrak nire hankartera, barnerantz irristatuz, igurtziz… Zeinen ondo egiten duen!

Belauniko jarri eta gora igo da orduan, bere alua nire ahoaren parean gelditu den arte. Poliki hasieran, azkarrago gero, mingainarekin bere klitoriaren gozotasuna dastatzen hasi naiz, goitik behera, zirkunferentzia txikiak eginez. Ez dut inoiz emakume baten alua miazkatu, eta izugarri gustatzen ari zait.

Asierren zakila sentitu dut orduan. Nire barnean sartzen hasi da, eta guztiz zabalik nauka. Nire barruan sumatzeak deskriba ezin dezakedan plazerra eragiten dit. Blai nago, blai gaude hirurok, sutan, hau gozamena! Hiru gorputz erabat biluzi mugimenduan, gero eta bizkorrago, arnasestuka…

Berezi gerria mugitzen hasi da, suabe, begiak itxita, eskuekin bere bularrak ferekatzen dituen bitartean. Ahoa hasperen sakonak egiteko nola zabaltzen duen ikusteak oraindik gehiago berotu nau. Plazereko zorabioan galtzen hasi naiz, dardarka. Leher eginda nago, eta bat-batean, “aaaaahhh…!” garrasi ozen bat atera zait eztarritik. Hau bai orgasmoa! Zergatik itxaron dugu hainbeste elkarrekin gozatzeko?

Lo gelditu gara, biluzik, elkarri lotuta, sexu usain eta zaporea ahoan. Danbor hotsak isildu dira azkenean, eta isilik egongo dira beste urtebetez, datorren urtarrilaren 20a iritsi bitartean. Arrazoi zuen Berezik, egun hau ahaztezina izango da. Esperientzia izugarria, buru galtze itzela. Horixe baita sexua, hegan egitea, gozatzea, plazerra, bekatua… eta ni, irakurle maiteak, ni bekataria naiz…

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07