blogak

Kaixomaitia

Itsas aparra

Martxoak 8a antolatzeko asanblada batean ezagutu genuen elkar. Gogoan dut otsaila zela, otsoak menditik jeisten diren hila.

Kostata, baina elkar ezagutu eta urtebetera lortu nuen nire etxera etor zintezen. Hantxe zeuden, etxeko sofan eserita; oinutsik eta ilea txirikorda luze batean bilduta. Niri ezinezkoa zitzaidan esaten ari zenidana entzutea, zure ezpainen mugimendu goxoari beste ezerri ezin bainion erreparatu. Elkarren gertu ginen eta zure gorputzari zerion usainak nire irritsa pizten zuen. Beroaldi batean nintzen eta gogor eusten ari nintzaion zure ahoa jateko gogoari.

Halako batean, zure ezpainek mugitzeari utzi zioten eta isilunea sortu zen. Zure begietara goratu nuen orduan begirada.

-Aizu, zer duzu? Begirada galdua duzu.- esan zenidan. Nik ez entzunarena egin eta kafetxo bat eskeini nizun.

-Afalostean patxarana nahiago dut, baduzu?-. Buruaz baietz egin eta sofatik altxatu nintzen.

Sukaldera bidean, komunean sartu nintzen. Ispiluari begira, ilea atondu eta nire islari irribarre egin nion. Sukaldean bi edalontzi izotzez bete, patxaran botila hartu eta zure ondora abiatu nintzen. Sofa zaharraren epeltasunera bueltatu nintzenean, hantxe zeuden zure bi begitxoak, nire zain.

Oker ez banaiz, zu hasi zinen. Edo agian ni. Ez dakit. Lehen laztanek ustekabean harrapatu ninduten. Ez genuen patxaran botila ireki behar izan ere, fereka batek besteari jarraitu baitzion, domino fitxak izango balira bezala. Ene… oroitzen zara zelako gosex ginen?

Huraxe izan zen nirea ez zen alu bat laztantzen nuen lehenengo aldia. Garai hartan ez nuen nirea sobera ezagutzen, eta zurea ezin politagoa iruditu zitzaidan, haragizko piku eder baten modukoa. Dastatzeko irrikaz nintzen, zure zaporea ezagutzeko irrikaz. Baina zure tipulatxoa dastatu aurretik, izterretatik alurako bidea egiten hasi nintzen. Bidea musuz musu egin nuen, poliki-poliki, kilimekin eta desirarekin jolastu nahian. Eta zu, zirri artean, irriari ezin eutsirik zeunden.

Zure pikua dastatzera nihoan unean bertan, ateko txirrin-hotsa entzun eta ikaratuta aldendu nuen nire muturra zure alutik. Gona jantzi eta atera gerturatu nintzen. “Nor ari ote da deika?”. Ateko behatxulotik begiratu eta ez nuen inor ikusi. “Bizilagunen ume madarikatuak izango ziren… bihurrikerietan beti!”. Egongelara bueltatu nintzenean, prakak jantzita zenituen. “Bazoaz?”. “Bai, kontu batez ahaztuta nengoen”.

Gau hartan ezin izan nuen lorik hartu. Antxoari eragin bai, gogoz eragin nion, baina lasaiturik hartu ez. Zure irria, zure usaina, zure izterren beroa nire gogoan zeuden bueltaka.

Hortik gutxira deitu zintudan berriz elkar gintezen, eta zuk hondartzan elkartzeko proposatu zenidan. Elkartu ginen egunean, goiza oskarbi esnatu zen eta, iraila izan arren, tenperatura itzela zegoen. Hendaiara joateko, Hondarribin hartu genuen txalupatxoa.

Ondarraitzeko hondarra txikitatik goxo-goxoa iruditu zait, hegoaldeko hondartzena baino goxoagoa. Eta hondar goxo horretan etzan ginen, bakoitza bere toailan, arroparik kendu gabe. Aurreko gauarekin alderatuta, oso bestelako egoera zen hura. Lotsatuta moduan ginen, isil-isilik.

-Azkenean konpondu ahal izan zenuen kontu hura? Aurreko gauean ahaztu zitzaizun
kontua hura esan nahi dut…- galdetu nizun.

-…- ez zenidan erantzun. “Putza! Zeba galdetu diot? Ez nion galdetu behar. Joder, a ze hanka-sartzea, Ainara!” pentsatu nuen. Baina hortik gutxira agondu eta eguzkitako betaurrekoak kendu zenituen, nire begietara zuzen begiratzeko.

-Aizu, Ainara, aurreko egunean urduri jarri nintzen… Horregatik egin nuen hanka. Oso gustoko zaitut, baina halako beldur batek hartu ninduen… Ez dakit nola esan.- nire eskua hartu zenuen eta musu eman zenidan sorbaldan.

-Ulertzen dut, bai. Ni ere urduri nengoen.- musu eman nizun besoan.

-Biok geunden urduri beraz.? musu eman zenidan sudurrean.

-Halaxe dirudi, bai.?musu eman nizun lepoan.

Hainbeste musuren artean, zerua oharkabean lainotu eta hondartza jendez hustu zen. Tantak pitinka hasi ziren gure azalera jausten, zeruak oparitutako musu umelak balira bezala. Zirimiri eta zirri-mirri. Gero eta euri gehiago egiten hasi zuen, baina gu ezin ginen mugitu, bata besteari kateatuta baikeunden. Bero-bero, gu bai ero! “Goazen uretara…” gozokiro xuxurlatu nizun belarrira, bertan koxk egin aurretik.

Toailatik altxatu, arropak kendu eta uretara korrika abiatu ginen. Zirrarak olatuekin talka egin zuen eta gu, ur gazien artean, elkar besarkatu genuen. Musuak gozoak izatetik gaziak izatera pasa zien. Zure ahoa, lepoa, sabela… zure gorputzeko zirrikitu guztiak ere gaziak ziren. Bularrak dastatu nizkizun ur azpian, eta burua uretatik atera nuenean, hantxe zeuden zure ezpainak, nireak hartzeko prest. Eta musukatu bitartean, nire eskuak zure alua bilatu zuen. Emeki-emeki nire hatzek zure alua ferekatzen hasi ziren… eta hura fereka geldiezin bihurtu zen. Zeure esku bihurria ere eztiki hurreratu zen nire alura eta segituan hasi nintzen arnasestuka.

Nik gehiago nahi nuen eta zure titiak esku batez hartzen saiatu nintzen, nire ahora biak eraman nahirik. Orduan, hatzak pikuan sartu zenizkidan. “Ai ene…!”. Sorgin irriñoa bota zenidan eta nik bueltatu nizun. Nik ere zure beheko ahoan sartu nituen hatzak eta aieneka hasi ginen biok elkarrekin.

Hortik gutxira bi irrintzi entzun ziren Ondarraitzeko hondartzan eta gure aparra Kantauri itsasoko aparrarekin nahastu zen.

Gure lehen hondartza izan zen hura, baina ez zen azkena izan. Hortik aurrera hondartza nudistetara joan izan gara, ez baitugu gehiegi nabarmendu nahi izan. Basoak ere frogatu izan ditugu, zuhaitzak konplize ditugulako. Eta haitzuloetan, suak gure gorputzen soslaia harrizko hormetan marraztu bitartean, gure irrintziak inoiz baino ozenago entzun izan ditugu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07