blogak

Kaixomaitia

Imaginariotik at

Astelehena da berriz, kafe egin berriaren usaina sudur-zuloetatik sartzen zait, eskuak katiluan berotu eta kazkabarra leihoen kontra kolpatzen entzuten dudan bitartean. Goizeko 9:00ak dira, oraindik jendea bulegoan sartzen ari da, egunero bezala bakoitza bere munduan murgildurik; albokoari agur miserable bat ere eskaintzeko astia ez dutela. Askotan pentsatzen dut nire bizitza monotonoegia dela, hausnartzen dut nire bizitzaren inguruan eta neure buruari galdetzen diot ea nominak, segurantza soziala edota fakturak egunero berrikusteak zoriontsu egiten nauen benetan; ardia sentitzen naiz, ardi txuria sentitzen naiz guztiok txuriak garen artalde handi batean. Jaio, lanera etorri eta hil, hori da gure patua. Zerk desberdintzen gaitu? Zerk egiten du gure bizitza berezi? Robotak gara mundu robotizatu batean….

Takoi hotsak entzun ditut bat-batean nire atzeko pasillotik aurrera, eguneroko erritmo urduri eta geraezinean. Pentsamenduak alde batera utzi eta hor ikusi zaitut atea gurutzatzen, giro grisari tonu bero bat emanez. Nire egunak alaitzen dizkidazu, lanera egunero etortzeko arrazoia zara; jakingo bazenu nola mugitzen dizkidazun barrrenak, jakingo bazenu zenbat desio zaitudan….Imajinatzen dut, eta askotan imajinatu ohi dut, bulegoan bakarrik gaudela, arrastiko 19:00ak edo direla, kanpoan hotz eta ilun dagoen bitartean elkarrekin hitz egiten hasten garela. Ohikoak izaten dira gure hurbilketak, badakizu txora-txora eginda naukazula eta hori aprobetxatzen duzu zure bizitzari emozio puntu bat emateko. Harreman hetero aspergarri batean zaude aspalditik, bi alabatxo dituzu eta bizitza arrunt bat bizi duzu. Nire zuzendaria izateak emozioa ematen dio gure arteko sexu jolasari, debekatua dagoen zerbait naiz zuretzat eta horrek izugarri berotzen zaitu, gure artean dagoen adin desberdintasunak ere erakartzen zaitu, gaztetu egiten zaitu ni bezalako neskatxa batekin larrua jotzeak. Ai Amaia, tenteldu nauzu guztiz, lerdea dariola egoten naiz egunero, zu bulegora noiz etorriko zain…

Bulegoa hutsik geratu da….Kafea eraman dizut, bakarrik gaude eta zugana hurbiltzeko aitzakiaren bat behar nuen. Alboan jarri naiz eta hizketan hasi gara; laneko kontuak gora-behera, eguraldia, asteburua…halako batean zure eskua ukitu dut, disimuluz, ezustean kentzen baduzu jakingo dut ezingo dudala jarraitu, baina ez duzu kendu, eskua laztantzen jarraitu didazu. Nire bihotza inoiz baino azkarrago doa. Begietara begiratu dizut eta irribarre egin didazu; ufa, zenbat maite dudan irribarre hori…nire gogoa ezin kontrolatu eta ezpain horiek musukatzera joan naiz, ausarki, baina arduraz. Harritu nau mihia barruraino sartu didazunean, eta zure eskuak nire gona azpian sartzen hasi zarenean. Hankak zabaldu ditut zure atzamarrek nire barrurako bidea errazago topatu dezaten. Likatsu atera dituzu atzamarrak, busti-busti eginda nago, ikaragarria da zenbat erakartzen nauzun. Halako batean musukatzeari utzi eta eskutik hartu zaitut, komunerako biderantz abiatu gara. Bertan sartu eta segituan musukatu zaitut zure titiak ferekatzen ditudala.
Kamiseta barrutik sartu dizkizut eskuak, zure bi tontorrak leuntzen hasi naiz, eskuak bularretakoaren azpitik sartu eta titiburuak gogorturik dituzula konturatu naiz. Eszitazio maila gorenera iristea lortu dut, praketako botoia askatu eta galtzak jaitsi dizkizut ni ere belauniko jartzen naizen bitartean. Zure klitorisaren bila abiatu naiz, astiro musukatuz, astiro zupatuz. Zure arnasa geroz eta azkarrago doala konturatzean nire atzamarrak sartzen ditut zure barnean, goxotasunez, baina gelditu gabe, klimaxera iristen zaren arte, orgasmora iritsi zaren arte….Kuleroak eta prakak jantzi eta nire alboan eseri zara, muxu heze eta bero batekin gorputza atzeraka bota didazu, nire gainean etzan zara zure atzamarrak nire kuleroen artean dantzan dabiltzala ohartu naiz. Topatu duzu nire klitorisa eta mugimendu leunak egiten hasi zara, hasiera batean atzera eta aurrera, ondoren zirkuluak eginez, geroz eta azkarrago, gelditu gabe…azkenean ni ere klimaxera heldu naiz gorputz guztiko atalak bihurritzen zaizkidala. Hasperen egin dut bukatzean, ederra izan da eta oraindik ez daukat lurretik altxatzeko indarrik. Baina zuk bai, hemen ezer gertatu ez balitz bezala, lurretik altxatu eta komunetik alde egin duzu inolako hitzik egin gabe. Bukatu da gure jolasa, bukatu da nire ametsa.

Telefonoak jo berri du eta nire imajinaziotik ateratzeko ordua iritsi da, ezin naiz horrelako ametsetan murgildu, ez lanean behintzat. Batzuetan oso errealak izaten dira nire desioak, errealegiak agian. Hobe dut komunera joan eta ur baso bat edaten badut, gehiegi berotzen naiz lanean, zu hor zaudela ikustean, nire mahaitik bi metrora, hain hurbil eta era berean hain urrun…Kitzikagarria da, kitzikagarriegia zu alboan izatea.

Lanetik irteteko ordua heldu da, arratsaldeko 18:00ak dira, etxera heltzen naizenerako 19:00ak izango dira, neguko arrasti euritsu eta ilun batean. Metroa hartu eta gorputza guztiz nekatuta dudala sentitzen dut, bagoiak jendez beterik
doaz, euritakoak nonahi eta hezetasunaren usaina giroan. Etxera heltzeko irrikitan nago, agian gaur bainu eder eta beroa emango dut…Etxera iritsi eta giltzak harrerako mahaian bota ditut, jaka kendu eta gauza bera egin dut, baina ohe gainean utzita. Ezin dut gehiago; gorputza, burua…guztiak gehiegi pisatzen didala sentitzen dut, sofan etzan eta Miau batekin agurtu nauzu, egunero bezala: ai nire Anie polita…jakingo bazenu nolako konpainia egiten didazun…

Sabaira begira geratu naiz arratsaldero bezala; zer egin nire bizitzarekin? Zoriontsu egiten ez nauen lan batean geratu edo ez? Jada ez naiz 20 urteko neska bat, arriskatu naiteke edo beranduegi da? Pentsamenduak uxatzen saiatu naiz, nahikoa da. Nire burua zuriz uzten ahaleginduko naiz, listo, lortu dut azkenean….Baina bat-batean berriro agertu zara zu, beti zu Amaia…Zugan pentsatzeak soilik zeharo bustitzen dizkit kuleroak, sartu ditut atzamarrak eta bai, egia da, blai eginda nago, atzamarrak guztiz biskatsuak ditut…Orduan, nire mesanotxeko kajoian gordeta daukadan Satisfayer-a hartzea erabaki dut, aspaldian erositako jostailurik onena da, egin dudan inbertsiorik onena….arropak kendu eta sofan etzan naiz berriro. Hasieran potentziarik baxuenean piztu dut jostailua, astiro, esku batekin tramankulua eutsi eta bestearekin nire bularrak igurtzen ditudala….Apurka-apurka potentzia igotzen noa, 11 abiadura desberdin omen ditu, ni ez naiz inoiz 6 edo 7.etik pasa…Martxa azkartzen doa nire arnasarekin batera, badoa, banoa, badoa, banoa….zure izena oihukatu dut orgasmoa izaten ari naizen bitartean….izugarria da sentsazioa, klimaxa, oihua eta orgasmoa…oraindik ere berotasuna nabari dut nire barnean, eta nire bihotz taupadak ez dira ohiko erritmora itzuli…Ikaragarria da
gizonekin izandako sexu jolasetan lortu ez ditudan sentsazioak jostailu batekin izateak. Dudarik gabe, maite dut Satisfayer-a, eta maite dut eragiten didan orgasmoaren intentsitatea.

Azkenaldian egunak berdintsuak izaten ari dira. Ez dakit negua den, luzeegia egiten ari zaidan; ez dakit nire existentzia den, etorkizunari buruz pentsatzeak beldurtu egiten nauela; edo ez dakit zurekin ezin egoteak sortarazten didan ezinegona den. Baina argi dudan gauza bakarra da bihar asteartea izango dela, eta berriz ere, bulegoan ikusiko zaitudala.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07