blogak

Kaixomaitia

Hostoen Jolasa

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketako Finalista

Garazi Basterretxea

 

Bere itzala atean ikusi nuen. Edononera izan zitekeen, baina ezin zitekeen bera baino izan. Claribel zen. Une hartan jakin nuen gau hura desberdina izango zela. Pixkanaka nire ohera hurbildu zen, astiro, zaratarik egin gabe, soinu bakarra, debekuaren isiltasuna, ni bezalako norbaitek egin behar ez duenaren isiltasuna. Baina jada ez neukan beharrarekin borrokatzeko indarrik, ez neukan desiraren aurka borrokatzeko gogorik. Zer esango zuten, berdin zidan horrek. Sentitu baino ez nuen egin nahi, miazkatu, laztandu, muxukatu, bere gorputza puntaz punta, poroz poro, zeharkatu.

Ez genuen hitz egin, ez genion elkarri ezer esan. Ohearen alde batera mugitu ninduen. Kontu handiz. Nik utzi nion, bere lepoa usaintzen nuen bitartean, bere besarkadaren barruraino irristatzen nintzen bitartean. Pixkanaka etzan zen, nire gorputza oratzeari utzi gabe, nire sudurrak bere lepoa zeharkatzen zuen bitartean, ahotik belarrira, belarritik ahora. Dena berria zen. Dena ezezaguna zen. Baina dena laguna.

Begiak itxi nituen eta nire bizitzan zoriontsu egin izan ninduten une txiki guzti horietan pentsatzen hasi nintzen.  Zoriontasun txikiak; harea fina atzamarren artean irristatzen sentitzea, ura eta gatza, itsasoaren laztana oinetan, mahats berdeari kosk egin eta zuku gozo hori edan aurretik mihiaz mahatsaren mami hezea zeharkatzea. Mahatsez gozatzea. Begiak itxi eta sentsazio guzti horiek etorri zitzaizkidan burura, sentitzen nuen urduritasuna baretzen zutenak. Usaintzera baino ez nintzen ausartzen, bere azal bero zimurtuaren freskotasuna xurgatzera. Nire eskuineko eskua bere aldaka zabalaren gainean jarri nuen, bere gorputz errebeldearen bihurgune sentsual hartan. Kulerorik ez zuela sumatu nuen eta harritu ninduen. Bera, sinpletasunerako prest, eta ni, pixkanaka emozioak deskorapilatuz, bere eskuek biluzten ninduten bitartean. Egunero norbaitek biluzten ninduen, egunero norbaitek janzten ninduen. Baina gau hartan benetan sentitu nintzen biluzik, ahul. Indartsu. Geure bularraldeak elkar laztandu bezain laster izerditan hasi ziren, elkar ukitze hutsarekin kilimak sentitzen nituen titiburuetan, belarrietan, atzamar puntetan, kilimek nire gorputzean zehar bidaiatzen zutela sentitzen nuen. Ez dut gogoratzen zer esaten zidan, baina barrez hasi nintzen, muxukatzen, barre eta muxukatu, muxukatu eta barre. Ahoak bere erritmoan dantzatzen zuen eta hagin berriek ihes egingo zidatela uste nuen. Claribel  barrez hasi zen haginena esan nionean eta momentu hartan, alde batera utzi genituen aurreiritziak, historia, mundua, elkar maitatu genuen laztanez laztan, arropen josturetatik kanpo, behin eta berriz. Txoko berriak ukitzen zizkidan, jada lo nituela sentitzen nituen txoko zahar-berriak. Taupaka jarraitzen zuten txokoak. Kolonbiako kunbia sentitzen nuen bere atzamarren berotasunean eta ezpain horien hezetasunean. Gaua zabaldu genuen eta bagenekien jada ez genuela lorik egingo. Baina bazirudien ez ginela esna zeuden bakarrak. Korridorean zehar norbait ari zela entzun genuen. Izaren azpian barrezka hasi ginen, umeak ginenean bezala. Izaren azpian elkar begiratuz, zaratarik ez egiten saiatzen. Bere begiek lasaitasuna erakusten zidaten. Bere gorputzen taupadak entzun nitzakeen eta nire esku izerdituek taupada horien kolpeen bibrazioaren kilimez gozatzen zuten. Atea zabaldu zuten. Norbait sartu zen, argia piztu zuen.

Margari zen. Begiratu gintuen. Otzara bat zekarren besotik eskegita. Mari Angelesen bille nabil, nire ama. Ikus dozue? Oilongana bieldu nau, arrautzek koxten. Itzelezko pinta deke. Otzara hutsik zegoen. Begiratu zigun. Begiratu genion. Marmarka joan zen. Margari. Beti bila. Alde batetik bestera. Bila. Bilatzen duena zer den jakin gabe. Joan zen. Bere gelara berriro zelan eramaten zuten entzun genuen. Zorionez, gu ez gintuzten ikusi. Claribel altxatu zen. Berriro itxi zuen atea. Berriro zabaldu zen gaua.

Astiro mugitzen zen eta nik ezin nion bere azal ilunari begiratzeari utzi, are ilunago ilberriko gau hartan, zalantza guztiak estaltzen zituen gau hartan, mundutik, iraganetik, geure bizitzetatik, ezkutatzen gintuen gau hartan, sei hilabete lehenagotik  etxea nuen lekuaren gelditasunetik ateratzen gintuen gau hartan. Hemen egun guztiek berdinak dirudite. Baina gau hartatik aurrera, gau bakoitza egun berri bat izan zen.

Anak hona ekarriko ninduela esan zidanean ez nuen ezer erantzun. Alaba ulertu nuen. Aspalditik bizi nintzen bakarrik. Urteak ziren Luis hil zela. Ezin dut esan hutsunerik edo sentitu nuenik, antzinatik zegoen hesi erraldoi bat gure artean, ahaztuta dut noiztik sentitzen nuen hizkuntza desberdinak hitz egiten genituela edo agian sekula ez genuen hizkuntza berean hitz egin. Bera ez zen nire keinuak irakurtzeko gai. Eta nik ezin nizkion gertatzen zitzaizkidan gauzak azaldu, ulertzen ez zituelako. Horregatik, elkarrekin hitz egiteari utzi genion, elkar ukitzeari utzi genion. Luis hil zenean ez nuen hutsunerik sentitu. Errua baizik. Triste ez egoteak errudun sentiarazten ninduen. Ingurukoek begiratzen nindutela sentitzen nuen, nire begietatik erortzen ez zen malkoa ikusi nahian. Inork ez zidan ezer esaten baina isiltasun hark gogor egiten zidan oihu belarrietan.

Urteak igaro ziren eta nire gorputza gero eta nekatuago sentitzen hasi zen. Eta Ana hasi zen ni zaintzen. Oso altua ez naizen arren eta 60 kg. baino pisatzen ez dudan arren, gero eta zailagoa egiten zitzaion ni mugitzea, aulkitik sofara, edo ohera. Hasieran ariketak egitera behartzen ninduen, altxatzera eta ibiltzen saiatzera. Ezin genuen sinetsi horrela, egunetik egunera, nire hankek erantzuteari uztea. Ni ere saiatzen nintzen, beragatik, nire hankek jada ezin zutela banekien arren, saiatzeaz nekatu zirela nekien arren. Saiatzen nintzen, beragatik. Eskatzeari utzi zion arte. Bi aste geroago hona etorriko nintzela bizitzera esan zidan.

Anak eta Helenek, bilobak, ekarri ninduten eta ia egunero ni ikustera etortzen dira. Nik ulertzen ditut. Batzuetan triste sentitu arren, ulertzen ditut.

Anarekin eta Helenerekin etorri nintzen egun hartan bertan ezagutu nuen Claribel; izan ere, nire etxea inoiz izango ez den leku honetan guztiok ezagutzen dugu elkar, guztiok ikusten dugu elkar egunero, behin eta berriro, behin eta berriro. Batzuek elkarren pilulen orduak dakizkigu, telebistako saioen ordutegia, bisitena, nahiz eta tarteka bizi garen eguna asteazkena edo ostirala den gogoratzen ez dugun arren. Beste batzuek ezin dute ezer gogoratu. Beste batzuek zerbait. Eta gogoratzen ez dutena asmatu egiten dute, euren bizitza berriro idazten dute. Claribelek gauzak tarteka gogoratzen dituztenen taldean dago. Ni etorri nintzenean bi urte zeramatzan jada hemen, baina hori nik berak baino hobeto gogoratzen dut. Batzuetan esaten dit bera inoiz ez zela Kolonbian egon eta beste batzuetan zehetasun handiz kontatzen dizkit Karibeko herrialdean gaztaroan bizitzako istorioak.

Heldu nintzenean guztiak egongelan zeuden. Batzuk lauretako telenobela ikusten eta beste batzuk musean jokatzen. Bera lorategian zegoen. Nik ez nuen ikusi seiak arte, nire gelan nengoenean Anari eta Heleneri agur esaten. Kantari pasatu zen nire leihotik. Ahots atsegin eta afinatu horrek nik txikitan gustuko nuen bolero zahar baten estribilloa behin eta berriz errepikatzen zuen. Eskuaz agurtu gintuen. Helenek leihoa zabaldu eta ea nor zen galdetu zion. Bera ere beheko solairuan bizi zela esan zigun, nire alboko gelan eta zerbait behar banuen eskatzeko zalantzarik ez izateko. Irribarre egin eta begia kliskatu zidan. Anari esan zion lasai egoteko, hemen oso ondo egongo nintzela. Ez dakit zer duten bere hitzek, baina egun hartan lehen aldiz hirurok irribarre egin genuen, eurei behar entzun behar zituzten hitzak esan zizkien eta niri momentu hartan ulertu ez nuen zerbait piztu zidan, nire etxea izango ez zen etxe hura etxeago bilakatu zuen zerbait.

Biharamunean hitz egitera etorri zitzaidan, lorategian eguzki pixka bat hartzen nuen bitartean. Alde batetik bestera eraman ninduen landare bakoitzaren zuhaiztxo bakoitzaren inguruko istorioak kontatzen zizkidan bitartean. Egiazkoak izango al ziren? Berdin zidan. Batzuk behin eta berriz kontatzen zizkidan baina horrek ere ez zidan axolarik; izan ere, kontatzen zuen bitartean esku batez nire aulkia oratzen zuen eta bestea nire sorbalden gainean pausaturik zuen. Eta batzuetan bere ahoa nire belarrira hurbiltzen zuen pixka bat eta hurbil hitz egiten zidan. Bere ahotsa suabe eta grabea zen eta senti nezakeen zelan soinu bakoitzak, isiltasun bakoitzak, dardara bakoitzak gorputza laztantzen zidan. Horrela egunero, bazkaldu eta gero, bisitak etorri baino lehen, lorategitik paseatzen genuen, berak gidatzen ninduen, hitz egiten zuen. Nik bitartean entzuten nuen eta isiltzen zenean galdetzen nuen, hitz egiten jarrai zezan, bere ahotsaz nire gorputza laztantzen jarrai zezan.

Arratsalde batean kontatu zidan bera ez zela sekula ezkondurik egon. Mojekin ikastera bidali zuten gaztetan. Bere familia umila zen eta bera bezalako emakume batentzat ikasi ahal izateko modu bakarra zen hura. Bidaiatzeko modu bakarra. Asko bidaiatu zuen, Bilbora latina irakastera bidali zuten arte. Irakasle aritu zen bere bizitza osoan, beste moja batzuekin Elkano kaleko pisu batean bizitzen. Jubilatu eta urte batzuetara hona ekarri zuten arte. Hori da gutxi gorabehera ulertu nuena, gauza askotaz ez baitzen gogoratzen. Beste batzuk behin baino gehiagotan kontatzen zituen, batzuetan berdin, batzuetan desberdin. Ezkontzeak axolarik izan ez ziola esan zidan, inoiz ez baitzen gizon batengatik erakarririk sentitu. Inoiz ez baitzuen gizonik maitatu. Rosirekin, ordea, desberdina izan zen. Zelan muxukatzen ziren kontatu zidan. Horretan ez zuen zalantzarik izan, zehatz-mehatz kontatu zidan, bere kontaketako hitz bakoitza, soinu bakoitza, gorputzean itsatsita izango balitu bezala. Bere gorputza sekula miazkatua izan ez zen txokoak miazkatzen zituela esan zidan, sentitzen ikasi zuela bere ondoan. Alde egin zuen arte. Ez zen berriro itzuli. Ez nuen galdetu nor zen Rosi, zergatik joan zen, zer gertatu zen ondoren. Kontatzeari utzi zion, baina kontatu zuen horrekin ate bat zabaldu zuen gure artean.

Landareei buruz hitz egiten jarraitu zuen. Hosto bat emateko esan nion. Eta eskuan jarri zidan. Hurbiltzeko agindu nion. Eta aurpegitik pasatu nion. Begiak itxi zituen. Bekainetatik ere irristatu nion hostoa, eta irribarre egiten zuten ezpain mamitsu horien ertzetatik. Belarri-gingil erorietatik. Begitik erori zitzaion malkotik. Hostoa busti nuen eta bere aurpegitik irristatu nuen berriro ere, zimur bakoitzaren olatuetatik igeri eginez, kokotsetik ateratzen zitzaion ile bakoitzarekin jolastuz. Ura zikatzen zenean berriro jartzen nion ezpainetan eta berak bustitzen zuen, jolasak jarrai zezan. Bisiten ordua heldu zen arte.

Poltsikoan gorde nuen hostoa eta gau hartan, nire gelan bakarrik, jolastu nuen. Irudikatzera jolastu nuen. Nire gorputzetik Claribelek behin eta berriz bustitako hostotxo hori zeharkatzera, bere mingaina zela irudikatuz. Bere mingaina sentitzen nuen nire azal zimurtuan zehar eta konturatu nintzen nire burua gai zela jada ahaztuak nituen sentsazioak sortzeko, edo agian inoiz bizi izan ez nituenak. Gau batzuk geroago nire gelan sartu zen arte. Bere itzala atean ikusi nuen arte. Gaua zabaldu eta hainbat eta hainbat gau gehiagori bidea marraztu zien arte.

Gauero etortzen zen nire gelara. Hori ez zitzaion ahazten. Batzuetan ez zekien non zituen zapatilak, edo kuleroak ahazten zituen nire ohean, baina inoiz ez zitzaion ahazten argiak itzali eta ordu erdira nire gelara etortzea. Eta horrela, miazkadaz miazkada, laztanez laztan, izaren azpian etxe berria sortu genuen. Batzuetan hostoekin jolasten genuen. Beste batzuetan gorputz osoa miazkatzen zidan sutsuki, ia lo nituen hanketatik hasita, nire aluko tolesdura bakoitzean murgilduz, nire gorputzak oraindik isur zitzakeen zukuak dastatuz. Sabelaldean dantzan nituen azalekin jolastea gustatzen zitzaion, eta grabitatearen eta denboraren indarrak erorarazi zituen bularren gainean bere listuaz marraztea, borobilak eginez, batzuetan handiagoak, gero eta txikiagoak, nire titiburuen perimetroa marrazten zuten arte. Eta ondoren alderantziz. Gero eta zabalagoak.

Beste batzuetan nire gainean jarri eta nik miazkatzea nahi zuen gorputz atala jartzen zuen nire ahoaren parean, suabe. Eta nik mihia mugitzen nuen, batzuetan begiak itxita, jartzen zidan gorputz atala zein zen jakin gabe, zaporeez gozatuz, testuren kilimen plazeraz elikatuz. Miazkatzea, helbururik gabe, miazkatzeak berak sortzen zizkidan kilimak jomuga bakarra. Nora nindoan jakin gabe. Joateaz gozatuz. Neure etxe zen gorputz horren txoko berriak gauez gau ezagutuz, birkonkistatuz.

Oraindik ez diet Anari eta Heleneri ezer esan. Oraindik jolastu ondoren Claribel bere ohera itzultzen da. Eta orduan, lo egiten dut. Batzuetan jantzi egiten nau joan aurretik, baina beste batzuetan biluzik uzteko eskatzen diot, izaren leuntasunak laztantzen jarrai nazan. Batzuetan erizainek galdetu izan didate zelan egin dudan gauean zehar nik bakarrik biluzteko. Nik ez dakidala esaten diet, horrela esnatzen naizela. Ez dute ezer esaten, baina behin entzun nituen elkarrekin komentatzen Margari ibiltzen zela gelaz gela gauza arraroak egiten. Margari, beti bila, zeren bila ari den jakin gabe. Nire gelara ere askotan sartzen da, baina gauean ez da berriro sartu. Nik dakidala, behintzat.

Oraindik ez diet Anari eta Heleneri ezer esan. Ezkutuaren magiak kitzikatzen nauelako. Edo agian, euren hitzak, epaiak, entzun nahi ez ditudalako. Nire etxea ez den zahar-etxe honen barruan, nire etxea birkonkistatzen jarraitu nahi dudalako.

 

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07