blogak

Kaixomaitia

Etorriko da?

Laster pasako dira Gabonak. Urte berria hasiko dugu eta aurtengoan inoiz baino gehiago desiratuko dugu urte berri on bat. Aurrekoa baino hobea izatea ez da zaila izango, Covidaren urte honek jarritako muga, distantzia eta beldurrekin apurtzeko beharra sentitzen dut.

Gabonetan, ohiko ospakizunez gain, iñauteriei begira jartzen gara koadrilan. Zertaz mozorrotuko gara?Non hartuko dugu bazkaritarako lekua? Aurtengoan ez dugu elkarrizketa hori izango, azarotik badakigu iñauteriak ez direla ospatuko… Iñauteririk gabeko urtea, benetan?! Egunerokotasunetik atera eta kolorez eta umorez betetako egunak dira eta!!

Iñauteriak urteroko zita dira guretzat eta askorentzat. Betiko lagun koadrilan elkartu eta bizitzeko, aspaldiko ezagunak ikusteko, urterokoak… Bada jende bat holakoetan bakarrik ikusten dena.

Ohiko zita. Bai, benetan baietz! Eta nolakoa gainera!! Urtetik urtera hobeagoa. Zenbat ote dira jada lehenengo zita edo topaketa hartatik? Urtero leku berdinean, ordu berdinean eta iñauterietako egun berdinean. Igande gaueko hamabietan, Frontoi tabernako barra inguruan. Protagonistak ere berdinak, mozorroa izan ohi da aldatzen dena. Nor ginen ezkutuan mantentzen zuen mozorroak baina bata bestearen bilako urteroko zitara gindoazela adierazteko pista bagenuen:

-Surik bai?

-Bai, tori.

Urtero metxero berdina, Rioko Pan de Azucarren irudia duen metxeroa, oraindik ere txispa eta sugar indartsuarekin.

-Aiba, Rio! Badut bertara joateko gogoa! -izan zen lehen urteko nire erantzuna.

-Nahi baduzu, sanba dantzatu dezakegu elkarrekin? -eta hori berea.

-Bai noski, goazen!

Bakarrik nengoen, lagunak etxera joan ziren eta ni tabernara sartu nintzen komunera joateko asmoarekin. Ez nuen etxera joateko gogorik eta gustukoa egin zitzaidan sanba dantzatzeko proposamena. Baita bere begirada ere, dantza egiteko gonbidapena luzatzerakoan erakutsi zidana bere betaurrekoak mugituz. Peluka berdea bat zuen jarrita, betaurrekoak eta jantzi koloretsu bat. Ni Pipi moduan nindoan mozorrotuta baina nik ere ezagun bati kendu nizkion betaurrekoak neuzkan jantzita, auskalo ze mozorrotakoak izango ziren.

Barrako tipoari musika brasildarra jartzeko eskatu genion, baita pare bat kaipiriña ere. Mojitoarekin konformatu behar izan genuen baina berdin izan zigun. Musikarekin batera oinak mugitzen eta Brasilgo kontuez hizketan hasi ginen. Biok ere egonak ginen eta nabari zitzaion dantza eskola batzuk hartuak zituela, ederki mugitzen baizen. Biok ere gustura geundela nabari zen. Irribarre polita zuen eta ezpainak ere ederrak.

Brasildar musikak irekitzen ari zizkigun ateetatik sartzen ari ginen, elkarrengana gerturatzen gindoazen, eskuak gerrian jarriz eta aldaken mugimendua sentitzen.Galtza eta elastiko estuak zituen eta bere bular, beso eta ipurdiek itxura sendoa zuten. Bere gorputza laztandu eta estutzeko gogoak ari zitzaizkidan sartzen eta dantzan ari ginela horixe imajinatzen hasi nintzen, berari begira eta askatasun guztiarekin.

Beste mojito batzuk hartu genituen eta barrakoek ere gustura jarraitzen zuten musika dantzagarri hori jartzen, tabernan parrandarako giro ona sortu zelako. Sanbako mugimenduak ere geroz eta hobe ateratzen zitzaizkigun, eskuak, aldakak, hanka jokoa, belauna izterretan… giroa oso bero ari zen jartzen tabernan eta baita gure artean ere.

Barrara gerturatu ginen unea batean, komunera joan nintzen eta ateratzerakoan eskatutako edariak hartu eta eskuetatik heldu nion lagun berriari, eta jarraitzeko esan nion. Tabernako eskailerak igo eta goiko solairura joan ginen. Goran tabernako musika entzuten genuen baina gu bakarrik geunden. Txoko batean zegoen mahaian utzi genituen edariak eta dantzan jarraitu genuen. Goran ez zegoen argirik baina leiho handiak zeuden eta bertatik argi apur bat sartzen zen. Elkarren gorputzak ikusteko nahikoa.

Izerditan geunden eta edalontziko izotzak primeran etorri zitzaizkigun. Lagun hippyak ahoan hartu zuen bat, bere ezpainen artean jolasti erakutsiz, pixkanaka mozorroko arropak elkarri eranzten genizkiola. Berehala erantzun nion eta bere ezpainen artetik izotz pusketa hartzera hurbildu nintzen. Ezpainak gerturatu orduko bere aho barrura sartu zuen izotza eta bion arteko musu heze baten ondoren kendu nion urtzen zihoan izotz pusketa. Nire ahoarekin bere lepora eraman nuen izotzaren freskotasun bustia. Hortik bularraldera erortzen ziren izotz tantak. Ordurako mozorro jantziaren gainekoa kendua zuen eta tirantedun kamiseta beltz bat zuen soinean. Bere sorbalda sendoa ikusten zen, baita besoak ere.

Sanbako mugimenduetatik eskuen eta ezpainen mugimendura pasatu ginen, gorputzeko izerditik, ahoko eta hankarteko hezetasunera eta bi gorputzak mugimendu bakarrean dantzan egitera. Tarteka jendearen mugimendua sumatzen zen tabernan edo eskaileratan, zehazki non ez genekiela baina gugandik nahiko gertu sentituz. Eta tarteka entzuten zen txarangaren bat ere eta guzti horrek gehiago areagotzen zigun barruan sentitzen genuen urduritasun eszitagarria.

Izotza urtu zen eta musuka jarraitu genuen. Berak beste izotz pusketa bat hartu zuen ahoarekin. Lepoaldean jarri zidan eta hortik nire bularretara eraman zuen. Tantak sabelaldera isurtzen ziren, zilborrera eta hortik behera, alu ingurura. Esku sendoak zituen, behatz luze jostalariekin. Nire hanka eta izterretatik gora sentitzen nituen, koloretako medien gainetik. Bere eskuek eta behatzek berotasun handia ari zidaten eragiten eta ahoan zuen izotz pusketaren hotzak eragiten zuen kontrastea itzela zen.

Tantei segika hasi zen, bere mingain eta ezpainekin. Alura iritsitakoan bere ezpain freskoak sentitu nituen nire ezpain beroekin jolasean. Berehala hartu zuten tenperatura, baita gure gorputzek ere. Mahai ondoko aulkian esertzera mugitu nion gorputza eta bere zakila laztantzeari ekin nion. Tente zuen enborra, gustura sentitu nuen gogortasun hori ezpainen artean. Ezpain eta mihiaren laguntzaz kondoia jarri eta bere gainean eseri nintzen. Musika brasildarra entzuten jarraitzen genuen, bata bestearen barruan sartuta. Hankak paretan jarrita, bere gorputz gainean kulunkatzeko indarra egiten nuen, bere eskuek bizkarra eta gorputza inguratzen eta eusten zidaten bitartean. Izerditan eta intzirika geunden. Bere behatzak nire ahoan eta ezpain ertzetan pausatu zituen, ondoren sabelean eta gero klitorian. Ordurako erabat handitua zegoen nire perla ezkutua eta bapatean entzun zen txarangaren burrunbarekin batera bota nituen nire irrintziak. Bera ere joan zela sumatu nuen bere mugimendu sutsuen eta ondorengo erlaxazioarekin.

Txaranga pasa zenean, tabernako musika geratu zela ohartu ginen eta beheko argiak pizten hasi zirela. Azkar batean mugitu eta berriro mozorroak janzten hasi ginen. Azkar eta presaka, Gatibuko “alkandorie” moduan. Peluka, betaurreko eta gainontzekoak ondo jarri eta ziztu bizian jaitsi genituen eskailerak eta atera ginen tabernatik barreari ezin eutsita.

-Sanba dantzaldi bikaina izan da! -esan zidan betaurrekoak pixka bat jaitsita.

-Datorren urtean leku eta ordu berdinean itxarongo zaitut. Agertu eta dantzatuko dugu berriro. -esan nion nik belarrira, ezpainetan azken musua ematera gerturatu nintzenean.

Horrela izan zen lehen urtean eta hurrengo urteetan ere dantzaldia bikaina atera izan zaigu, geroz eta hobea. Txantxa moduan esan nion hurrengo urtekoa eta burutik erabat ahaztu nuen. Baina Gabonetan, koadrilakoekin iñauterien gaia eta mozorroen gaia ateratzean, alua busti zitzaidala sumatu nuen. Eta iñauteriek beti eszitazioa sortzen badute ere, konturatu nintzen gorputzaren erantzun hori aurreko iñauterien sanba dantzalditik zetorrela. Eta ordutik burutik kendu ezinik nenbilen galdera:

-Etorriko da? Keba! Eta ni ere ez naiz agertuko… Eta agertzen bada? Ez dut ezer galtzen azaltzeagatik, horren ondo pasatu nuen aurreko aldian…

Eta horrela iñauteriak etorri ziren arte. Eta galdera horiek buruan ibiltzeak bakarrik izugarri berotu eta alaitu eta aztoratzen ninduen. Partekatutako sekretua zen, gozamenez beterikoa.

Iritsi zen iñauterietako igandea. Ohi baino urduriago hasi nuen eguna, gaueko hamabietako zitaren pentsamendua gainetik kendu ezinik. Erabakia nuen agertu egingo nintzela, aurreko urtekoa errepikatzeko gogotsu nengoelako. Ahal bazen iazko sanba dantzariarekin eta bera ez bazen agertzen, aurtengoan suertatzen zen pertsonarekin. Dantza egiteko irrikatan nengoen.

Frontoi tabernara sartu nintzen, begiak eta belarriak erne, ikusten nituen pertsona oro aztertzen. Baina ez nituen informazioa emango zidaten helduleku asko. Begiak tapatuak izan genituen une askotan, pelukak, bere ahotsaz ere ez nintzen asko oroitzen, bere ezpainez eta eskuez bai. Barra handia dauka tabernak eta ni iazko lekuan kokatu nintzen, tabernariari mojito bat eskatuz. Lasaitzen saiatu nintzen. Zigarro bat erretzeko gogoa sartu zitzaidan baina ez nuen lekutik gehiegi mugitu nahi. Esku batean mojitoa eta bestean zigarroa nuela, iazko sanba dantzariaren garaiera antzekoa zuen pertsona bat gerturatu zitzaidan. Bera aurrean nuela sua eskaini zidan. Metxeroa eskuan hartuta Rioko Pan de Azucarren irudia ikusi nuen eta masailak eta hankartea berotzen zitzaidala sumatu nuen

Eta horrela joan ziren gainontzeko urteetako zitak. Frontoi tabernako barra inguruan elkartu, eta elkar ezagutu orduko, sugarrak pizten ziren gure artean. Frontoiko goialdea, eskailerak eta komunak probatu ondoren, inguruetako txokoak esploratzen ibili ginen urtez-urte. Eta beti bukatzen genuen datorren urtean errepikatzeko gogoekin baina, aldi berean, elkarri pista gehiagorik eman gabe. Gau hori guztiz gurea zen, gurea bakarrik, eta urteko gainontzeko egunek berdin zuten.

Birus madarikatu horrek eragindako zorigaiztoko pandemia zentzu guztietan izango da txarra. 2021ean iñauteriak ez dira ospatuko. Iñauterietako igandea igande arrunt bat izango da, mozorrorik gabea, jendetzarik gabea, txarangaren burrunbarik gabekoa… Eta gure sanba dantzaldia? Etorriko da? Ausartuko al gara mozorrorik gabe azaltzen gure urteroko zitara?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07