blogak

Kaixomaitia

Arratsalderik lizunena

Europako kapitalak gorroto ditudala argi dago. Ez dakit zergatik jarraitzen dudan horiek bisitatzen. Kriston hotza egiten du, jendez gainezka daude, biztanleak serioegiak eta ixilegiak dira… Baita nerabeak ere! Begiratu horiek. Mugikorrean sartuta, ez dute elkar begiratzen eta, gehien jota, irriño txiki bat oparitzen diote pantailaren beste aldean dagoenari, bideo edo mezu batek grazia egin dielako.

Nik, haien adina nuela, oihuka ibiltzen nintzen lagunekin batera inguruko guztiek jakin zezaten zein ondo ari ginen pasatzen, zein bizirik geunden…

Metroan noa. Aireportura bidean. Behingoz amaitu dira opor madarikatu hauek. Zein aspergarriak izan diren. Ohar-mentala: “EZ bidaiatu bakarrik inoiz gehiago! Ez behintzat, lagunak egitea ezinezkoa den leku batera.” Beno, dena den, hau amaitzear dago, eta ordu gutxi batzuen buruan etxean egongo naiz, eta nire sare sozialak hiri “eder” honen argazkiz josiak egongo dira.

Argazkiei buruz ari naizela, hortzak zuritu beharko nituzke… Selfietan horiegi ateratzen zaizkit.

Ai ama! Gero eta jende gehiago dago bagoi honetan. Aurrean dudanak atzo parranda ona bota zuelakoan nago, izan ere, lo seko dago eta listua aho-ertzetik erortzen hasia zaio. Nazka zein barregura sortarazten dit. Alboan emakume edadeduna daukat. Zein ondo usaintzen duen eta, esna egonda, sakelakoari begira ez dagoen bakarra da. Jatorra dirudi. Irribarre egiten diot, eta irribarrea bueltatzen dit. Gero aurrera begiratzen dugu biok, berriro. Ez dugu hitzik trukratzen eserlekutik altxatu eta bye labur bat elkarri oparitzen diogunera arte. Orduan, metroko ate automatikoak gurutzatu eta jendearen artean desagertzen da.

Nire adina izango duen neska bat eseri da orain. Ingurua behatu du, nire antzera, eta ez du pantailarik jarri bere aurpegiaren aurrean. Aldiz, motxilatik liburu bat atera eta irakurtzeari ekin dio. Irribarre polita duela dirudit, zuri-zuria, nirea ez bezala. Ezin jakin baina, liburuaren orrietan murgilduta baitago.

Bost geltoki baino ez dira geratzen aireportura ailegatzeko eta bagoia, orain bai, jendez gainezka dago. Motxiladun mutil gazte bat nire aurrean jarri da, zutik. Hankekin nire maleta niregana hurbildu du. Hankak ireki, eta belaunen artean kokatzen dut, molestatu ez diezaion. Nire ezkerreko belaunak alboko neskarena ukitu du, begiratu nau, urduritzen hasi naiz. Sorry apal bat baino ez zait atera, eta begirada berriro aurrera gidatu nahi izan dudanean, nire sudurrak mutilaren motxilaren kontra jo du. Barrezka hasi naiz, ezin eutsirik, eta nire barrea alboko neskarenarekin nahastu da. Irribarre zuri bikaina ez ezik, bere barrea ezinhobea iruditu zait. Guztiz ezmelodikoa. Barreak horrelakoak izan beharko lukete beti. Izan ere, horiei esker, zeri barre egiten diozun ahaztu eta barreari berari barre egiten diozu, gurpil zoro barregarri zein dramatiko amaigabean galduz.

Ingurukoek begiratu egin gaituzte, guk elkarri begiratu diogu. Eta, bat-batean, nire barrealgarak eten egin dira. Bere belaunaren kontra dudan belauna laztantzen ari zait. Begietara begiratu diot. Inguruan dagoen guztia desagertu egin da. Bakarrik gu gaude. Sutan. Esku dardartiaren hatz-mamiekin eskumuturra laztandu diot, eskura ailegatu arte. Gure eskuak lotu egin dira, eta gure beroak nahastu. Liburua lurrera erori da. Inork ez du hartu. Haren gainean jarriko nintzateke, lepoa musukatu, titiak estutu, baina badakit ezinezkoa dela. Horrela dirudien arren, ez baikaude bakarrik. Begirada batekin, hitzik gabe, zer eta nola egingo dugun adostu dugu. Bakoitzak bere motxila magalean jarri du. Eta elkarri izterrak laztandu dizkiogu, barnebarnetik ere bai. Ezin eutsirik gabiltza. Batak bestearen praketako botoiak eta kremaierak ireki ditu. (Filmetan ez bezala, kostatu egin zaigu esku bakar batekin lana burutzea, baina lortu dugu. Baita ondo lortu ere.) Sabelaren amaiera goxokiro ferekatu diot, ile ahul batzuk aurkitu arte. Horiek bidea erakutsi didate, nahiz eta begiak aspaldi itxi ditudan. Eskuak azkar berotu zaizkigu, gainontzeko gorputz-atal guztiekin batera. Bere klitoria maitatu dut, berak nirea gozarazi duen bitartean. Laster etorriko naiz…

Txirrina jotzen ari dira. Zer demontre? Begiak ireki ditut. Ohean nago eta eskua hankartean daukat. Azkar batean altxatu naiz. Entzuten ari naizena interfonoa da.

— Bai? Esan?

— Maddi Zabala andrea?

— Bai. Ni naiz. — Zer demontre nahi duzu? nere barnerako.

— Durangoko Azokako pakete bat dakarkizut.

Guztiz ahaztuta neukan. Aurten Durangora ezin hurbildu eta onlineko dendan erositakoak heldu dira. Zein azkar!! Kameratik pixka bat kuxkuxeatzeko parada hartzen dut. Musukoa daraman arren, oso erakargarria egiten zait mutilaren aurpegia. Betidanik maite izan ditut bekain iletsuak. Begiei ez ezik, haien jabeari ere indarra, kemena ematen dietelakoan nago.

— Zein ondo! Aurrera…

Atea irekitzen eta ixten entzun bezain laster, logelarako bidean korrikan hasi naiz. Soineko bat aukeratzeko denborik ez dut, baina, behintzat, elastiko batzuk eta aurkitzen dudan orbanik gabeko lehenengo kamiseta jantzi dut. Neure buruaren isla ikusi dut komunera bidean noala. Ez nago oso fin, baina animalia marrazkidun pijama baino okerragorik ez da izango, inondik inora ere.

Ni bai zorte onekoa. Laugarren pisuan bizi banaiz ere, banatzaile katxarro honi eskailerak erabiltzea gustatzen zaiola dirudi. Komunean sartu eta aurpegia ondo garbitu dut ur hotzez (listu arrastrorik gera ez dadin), ondoren ilea mototz garai batean jaso dut.

Txirriiiiiiiin. Ateruntz noa korrika batean. Bere itzala sumatzen dut ateko behekaldeko zikirritutik. Urduritzen hasi naiz. Maskara jartzea ahaztu dut.

— Badirudi norbait lo-kuluxkatik jaiki berri dela.

Mutu geratu naiz. Ba al daukat itxura txarra??

— Ai, barkatu! Ez zintudan deseroso sentiarazi nahi. Erlaxatuta zaudela ematen du.

Besterik ez.

— Zuk jakingo bazenu…

— Barkatu?

— Ez, ezer ez. Pentsatzen ari nintzen, zuk, aldiz, neke itxura duzula. Sar zaitez eta zerbait

hartu nirekin.

Aurpegi arraroa jarri dit. Zertan nengoen ba ni pentsatzen?? Lanean dago, Maddi. Lanean!!

— Ados.

Nola???! Baietz esan du?! Alde batera mugitu naiz eta sartzen utzi diot. Dar-dar batean sentitzen dut nire gorputza. Espero berak ez nabaritzea. Egongelara joan eta esertzeko agindu diot.

— Ardo txuria gustoko duzu?

— Bai, noski.

Edateko musukoa kendu behar du eta, aspaldiko partez aho berri bat ikuste hutsak berotu nau. Koparik ez dudanez, propaganda katilutik edaten ari gara biok. Egoerak barregura sortarazten dit. Berriro ere harrituta begiratzen nau. Nola deitzen den ere ez dakidala konturatu naiz, baina ez du axola. Ez dut jakin nahi. Hitz egitera animatuko naiz:

— Egia esateko, lo-kuluxkatik altxatu berri naiz. Arrazoia zeneukan. Baina, amets benetan goxoa izan dudanez, egia bilakatzea gustatuko litzaidake. Lagunduko? — joder, Maddi! Bero zaude gero! — Edo, beharbada, presaka zabiltza…

— Lasai. Zu zara nire gaurko azken paketea. — erantzun dit begietara begira, nire niniak biluztu nahiko balitu bezala.

Ez dugu ezer gehiago esan. Elkarrizketa hor amaitu da. Katiluak lurrean utzi ditugu eta nire gorputza berarenarengana hurbildu dut. Gure ahoek bat egin dute. Begiak itxi ditut eta, une batez, metroko neskaz gogoratu naiz. Ipurmasailetatik hartu eta sofan etzan nau. Elkar biluztu dugu, musu, fereka eta zirri artean. Bere aurpegia niretik urrunduz joan da, gorputza musukatu bitartean, gero eta beherago. Hankak ireki egin zaizkit, udaberriko loreak irekitzen diren bezala. Nire pistilo maitea gose da. Nire alu ileez osatutako maskara hau zekarrena baino askoz ere hobeto gertatzen zaio. Nire begirada berarenarekin bat egin du hustu naizen bitartean.

Arratsalde bikaina izan da. Amak oparitutako sofa berria estreinatu dudalakoan nago… Bai horixe!

Portatila hartu, piztu eta Durangoko Azoka idatzi dut. Aurpegia kulturaz argitu zait. Bizimundua izeneko liburua aukeratu dut. Ea aurki nire desioa asebeteko duen paketetxoa ailegatzen zaidan…

Itziar Uriarte Crespo

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07