blogak

Jk´altik artasorotik

Maiatzera bitarte CNIak plazaraturiko komunikatuen laburpena

Urriaren 9-13 bitartean Indigenen Biltzar Nagusiko (CNI) ordezkariak kongresuaren XX. urteurrenaren bueltan bildu ostean,  CNI eta EZLN-k 2018ko estatuko hauteskundeetara emakumezko hautagai indigena bat aurkezteko asmoa azaldu zuten ‘‘Que retiemblen en sus centros la tierra’’ izeneko komunikatuan.

2016ko urri, azaro eta abendu bitartean  komuna, ejido, udalerri, udalerriarte eta eskualdeko biltzarretan eztabaidan jardun zuten.  Batzar hauen emaitza CNIaren bigarren etapa deiturikoan plazaratu zuten, Oventik caracol-ean 2017ko urtarrilaren 1ean:

  • “ …Gobernuko Udalbatza Indigena (Concejo Indígena de Gobierno) bat izendatzea erabaki dugu, bertako herri, tribu eta nazio bakoitzeko pertsona guztien ordezkaritza jasoko duena. Udalbatza honen ahotsa CNIko emakumezko indigena batena izango da, zeina Mexikoko 2018ko hauteskundeetara hautetsi independente modura aurkeztuko den…”.

 

  • “…Mexikoko jatorrizko herriei, Sexta-ko kolektiboei, langileei, nekazari eta hirietako fronte eta batzordeei, ikasle, intelektual, artista zein zientzia komunitateei, antolatu gabeko gizarte zibilari eta bihotz oneko edonori erasora pasa daitezen egiten diegu dei. Denon indarrez goiko boterea eraitsi eta antolakunde bakar baten izenpean behetik eta ezkerretik herrialdea berreraiki dezagun egin nahi dugu lan, gure azken hitza eta lehen ekintza duintasuna izan dadin. Elkarrekin antolatuz guda hau gelditu dezakegu, eraikitzeko beldurra uxatu eta kapitalismoak utziriko hondakinetatik hazi berriak ereintzen hasi gaitezen.”

 

  • “2017ko maiatzean Gobernuko Udalbatza Indigena elkartu dadin nahi genuke, lurra bere erdigunetan astindu dezagun, beldurrari aurre egin eta gizakiona, lurrarena eta herriaren dena berreskuratu dezagun. Indarrez harturiko eta suntsituriko lurren berreskuratzearen alde, desagertuarazitako haien alde, preso politiko guztien askatasunaren alde, eraildakoen justizia egarriaren alde, nekazalgune eta hirietako duintasunaren alde… Duintasuna izan dadin mundu berri horren epizentroa.”

Azkeneko berria Apirilaren hasierarekin bat iritsi zitzaigun. Enlace Zapatistan argitaratu zuten komunikatua, Gobernuko Udalbatza Indigena Maiatzaren 26-28 bitartean  San Cristobal de las Casas-eko CIDECI-UNITIERRAko instalazioetan bilduko zela plazaratuz.

Beste behin, kontzientzia kolektiboa astindu eta 2018ko hauteskundeetako bozketan haserrea, erresistentzia eta iraultza azaldu daitezen borrokatzen direla azaldu zuten, alderdi politikoekin lehiatzeko inongo interesik ez dutela errepikatuz. Aldaketa bat emateko botere instituzionalean ez dutela sinesten zioten, aurretik landutako antolaketa eta eztabaida eremuen sorreran baizik. Bozketetan irabazi edo ez, garrantzizkoena Mexikoko jatorrizko herriak mugiaraziko dituen prozesu politikoa martxan jartzea zela, aldaketa erradikal bati hasera emango dionari oinarri bat eraikitzea.

“Behetik eta ezkerretik datorren herriaren hitza gara, autonomia epizentroetatik mundua astintzen duen hitza, harrotasunez desberdin egiten gaituen hitza:

  • Herrialde guztian zehar milaka hildako eta desagertu pilatzen ari diren bitartean, gure herriek babes eta justizia eremuak sortu dituzte.

 

  • Jatorrizko herriak lehen eta bigarren hezkuntza eta unibertsitate propioak eraikitzen ari dira, ama lurra babestu eta zientzia, arte eta jatorrizko hizkuntzetan jakinduria zabaldu eta elkarbanatzeko asmoarekin.

 

  • Denon ahotsa entzun dadin, batzarretan oinarrituriko gobernu autonomoa eraikiz dihardugu etengabe. Honela, edozein proiekturen aurrean erabaki benetan demokratikoak hartzea da helburua, herriaren hitza kolektiboa izan dadin bermatuz.

 

  • Gure lurrak fracking, parke eoliko, meategi, petrolio putzu, gasbide eta oliobideen eraikuntzaren bidez suntsitzeko arriskuaren aurrean defendatzen ditugu, energia burujabetzarako bideak sortuz.

 

  • Hazi transgenikoak ereitea ekiditen dugu, gure bizitza eta espiritualtasunaren oinarri den arbasoen aberastasun genetikoa babeste aldera.

 

  • Albisteak manipulatu eta egiak desitxuratzen dituzten horien aurrean, komunikazio bide berriak sortu ditugu, berriak ahalik eta garbien zabal daitezen.

 

  • Laburbilduz, gu geu naturarekin bat, eta lantzen dugun lurraren parte garela sinesten dugulako, gure lurraldeak defendatzen ditugu. Herrietan autonomian eta autodeterminazioan bizi nahi dugulako ari gara beste mundu bat eraikitzen.

Click here to view the embedded video.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07