71 zinegotzik eta María de Jesús Patricio ‘Marichuy’k osatuko dute 2018ko Mexikoko hauteskundeetara aurkeztuko den Indigenen Gobernu-Udalbiltza.
Maiatzaren amaieran gauzaturiko CNIaren biltzarrean, Indigenen Gobernu-Udalbiltza osatuko duten 71 zinegotziez gain, 2018ko hauteskundeetan haien ordezkari nagusia izango denaren izena plazaratu zuten: María de Jesús Patricio.
Oaxaca, Jalisco, Campeche, Puebla, Txiapas, Quintana Roo, San Luis de Potosí, Sonora, Veracruz, Yucatán, Querétaro eta Mexiko Estatuko (denera 52 herritako) 1482 pertsona elkartu ziren biltzarrean, haien hitzetan « gudaren aurkako udalbiltza » sortzeko helburuarekin.
CIDECI-UNITIERRA ‘Lurraren Unibertsitate’-tik, desjabetzea, heriotza eta sufrimendua jaso duten milaka mexikarrei dei egin zieten, « beldurrik ez izan eta antolatzeko ».
« Ez dugu botererik nahi, aitzitik, dituen arrakalez baliatu eta hura desegiteko asmoa dugu». Hitz hauekin haien norabidea zein izanen den argi utzi nahi dutela zioten, bozkak baino, autogobernu eta autogestioaren bidez, bizitza eta herrien berreraikitzea dituztela helburu hain zuzen ere.
Bertaratutako batek « bozken bila ez bazoazte, zeren bila zoazte? » galdetzean, zinegotzitako baten erantzuna honakoa izan zen:
« Ez dugu han goiko botere ustelik nahi. Aitzitik, bizitza lapurtzen ari zaigun oro salatu, ikustarazi eta zabaldu nahi dugu. Ez ditugu hautetsontziak zaindu nahi, ez gaituzte botoek kezkatzen. Ez dugu gure ordezkariagatik bozkatuko; herrialde hau berreraikitzera goaz, denek jakin dezaten zer gertatzen ari zaion hain mindua dagoen Mexikori ».