“CompArte: artea, Kapitalaren eta harresien aurka” jaialdiaren sareko ediziorako deialdia.
Bigarren urtez, EZLN-ek CompArte jaialdia antolatu du ‘bestelako arte bat’-ean sinisten duen pertsona oro gonbidatuz. San Cristobal de las Casas-eko CIDECI-Unitierran lekutuko da jaialdia uztailaren 23tik 27ra eta Oventik karakolera igoko dira azken bi egunak ospatzeko (uztailaren 28-29).
Bien bitartean, bertaratu ezin direnek ere parte har dezaten sareko edizio bat antolatu dute. Hona hemen pasa den astean plazaratutako komunikatua:
“Posible al da bestelako ziber-sare bat? Borrokatu daiteke eremu horretan? Okupatua, lotua, baliogabetua al dago espazio hori? Erresistentzia eta errebeldiarako baliatu daiteke? Sortu al daiteke artea sarean? Nolakoa litzateke, izatekotan? Sareko eta esklusiboki sarearentzat sortua den arteak borroka hutsaldu eta arindu ala indartu egiten du? Arteak saretik Kapitalaren harresiak harramazkatu eta zauritu, murruetan arrakalak ireki ditzake? Birtuala, birtuala al da oinarrian, sorreran ere? Sarea dominazio, hegemonia eta homogeneizaziorako eremua da edo eztabaida eta borrokarako erabili dezakegu? Materialismo digitalaren izateaz hitz egin dezakegu?
Zuek, sareko sortzaile zaretenok, ikusten al duzue ekaitza? Eutsi eta aurka egiten al diozue?
Galdera hauen eta beste hainbaten inguruan erantzunak eraikitzeko –edo deseraikitzeko- gonbita egiten dizuegu, sarean eta sarerako sortutako artearen bidez.
Ongietorri gune autonomoetatik sarean lanean diharduzuenoi, plataforma kooperatibo, open source, software libre, jabetza intelektualeko lizentzia alternatiboak etab erabiltzen dituzuenoi. Ongietorri aurrez aipaturiko kezkak eta antzekoak dituzuenoi. Zuen lana eta antolaketa modua elkarbanatzeko gonbita egiten dizuegu. Bidali zuen link-a CompArte digitalaren sareko erakusketa eraikitzeko.
Oraindik ez duzu zure materiala igotzeko biderik, espaziorik? Kasu honetan gure sareko arte-artxibategi kolektiboan eskegi dezakezu besteokin elkarbanatu nahi duzun hori.
Edonola ere, zuen parte-hartzearen inguruko informazio edo dudekin ondorengo e-mailera idatzi diezagukezue. Sortzaileen izena, lanaren izenburua, deskribapen txiki bat eta irudi bat bidaltzeaz gain, sarean espazio propio bat duzuen (link-a gehitu) edo lana guk igo dezagun nahi duzuen aipatu. Iristen zaigun material oro atal desberdinetan banatuko dugu eta festibala hastean zabaldu.
Link eta partehartzeak 2017ko abuztuaren 1ean martxan jarriko den ondoko orrialdean zabalduko ditugu.
Ongietorri beraz CompArte-aren sareko ediziora.
Mexikoko hego-ekialdeko mendietatik.
EZLN-ko Sexta-ko batzordea.
2017ko uztaila.”