blogak

Jendartean

“Se rokh”. Errealitate gordina, umore ukituz

Oraingoan ere, dokufikzioa hautatu du Jafar Panahik. Beste behin, bera da protagonistetako bat, eta beste behin, tonu umoretsua aukeratu du Irango errealitatea salatzeko. Ezaguna zaigun formula darabil, eta ongi darabil gainera. Jafar Panahiren zigilua du Se rokh filmak, bete-betean.

Bere herrialdeko errealitate bortitz eta batzuetan surrealista azaltzeko, tresna boteretsua du Panahik: umorea. Taxi Teheran aurreko lanean hiriburua zen protagonista, oraingo honetan Irango nekazal girora egin du salto, mendi urrun eta herrixka ñimiñoetako xumetasunaren eta irudi poetikoen atzealdea azaleratu nahian. Suizidioa, identitatea, familia, harremanak… jorratzen ditu filmak, eta gai guztien gainetik, emakumeek Iranen jasaten duten zapalkuntza.

Panahi bera eta Behnaz Jafari aktorea (Iranen oso ezaguna) ageri zaizkigu pelikularen hasieran, metazinemarako zuzendariak duen joerari eutsiz. Mugikorrera bideo bat iritsi zaie, herri txiki galdu bateko neskato batek bidalia: aktorea izan nahi du neskak, baina familiak ez dio uzten, komunitateak ere ez du begi onez ikusten neskatoak ikasketak egitea, eta etsipenaren etsipenez bere buruaz beste eginez bideoa grabatu du mugikorrez aktore ezagunari bidaltzeko. Neska benetan hil ote den eta egia zein den deskubritu asmoz hurbilduko dira herrixkara Panahi eta Jafari.

Estatuaren aurkako propaganda egitea leporatuta, kartzelan egona da zuzendaria, eta 2010etik, filmatzea eta herrialdetik ateratzea debekatua du. Hala, azken obra ere erdi-klandestinitatean errodatu behar izan du. Filmak gidoi onenaren saria lortu du Cannesen.

PERLAK

Se rokh

Zuzendari eta gidoilaria: Jafar Panahi.

Aktoreak: Behnaz Jafari, Jafar Panahi, Marziyeh Rezaei.

Iran, 100 minutu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07