blogak

Jendartean

Nork eta noiz esan behar dio haurrari Olentzerori buruzko egia?

7 urterekin esan zigun guri irakasleak ez zela Olentzero opariak etxera ekartzen zituena. Gertaerak ez zuen gurasoen artean zalaparta handiegirik sortu, haserreren bat edo beste bai. Berriki, Bizarzuri gurasoak direla esan die irakasle batek 6 urteko umeei AEBetan, eta zuzendariak ikastetxetik bota du irakaslea. Gai honetan bezala beste hainbatetan, zein “eskumen” dagozkio ba ikastetxeari?

Behin hasita, Perez Sagutxoa eta Pazkoko Untxia ere asmakizunak direla esan die irakasleak bere ikasleei, magia ez dela existitzen. Zuzendariak, larrituta, gutuna bidali die gurasoei, gertatutakoa azalduz, eta gurasoetako batzuk asaldatu eta tristatu egin dira, irakasleak seme-alaben inuzentzia urratzeko ez dagokion lizentzia hartu duela iritzita. Maistra kaleratzea gehiegizko neurria dela ahaztu gabe, eztabaida interesgarria planteatzen du gertaturikoak.

“Eskola ez da nor, nire umeari honetaz edo hartaz hitz egiteko”

Haurrari fantasia zapuzten diona maiz anai-arreba zaharragoa, lagun zolia edota ezagun zirikatzailea dela albo batera utziz, nork, noiz eta zein irizpideren arabera kontatu behar dizkio halakoak umeari? Etxean argitu beharreko kontu pribatua da ala ikastetxean lantzekoa? Elkarrekin adostu daiteke? Ume bakoitzak du bere unea, bakoitzari utzi behar zaio “bere kabuz” deskubritzen?…

Ez da gai berria: “Eskola ez da nor, nire umeari honetaz edo hartaz hitz egiteko”, eskatu ohi dute guraso batzuek; “eskolan hitz egin beharreko gaia da hori”, uste dute bestetzuek. “Gehiegi delegatzen dute gugan”, kexu dira irakasle batzuk; “ikaslea nahikoa heldua bada, zergatik ez jorratu gai hau edo hura ikasgelan?”, aldarrikatzen dute bestetzuek.

Normala denez, etxea eta eskola beti ez datoz bat irizpide, pentsamolde eta heziketa moldean, baina bata zein bestea dira umearen hezitzaile, batak eta besteak eragiten dute –eta asko– umearengan, eta kondenatuta daude elkar ulertzera, elkar elikatzera eta bidea elkarrekin egitera, abiapuntutzat hartuta denek dutela haurraren garapen onena helburu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07