blogak

Jendartean

Musika ikasgaia, zaharkitua? Inola ere ez!

Musikako irakasleei formakuntza eta motibazioa falta zaiela eta irakasle hauek teknologia berriak gutxiesten dituztelako ikasgaia zaharkituta geratu dela kaleratu du El País-ek, eta haserre erantzun du Musika irakasle batek: topikoak gezurtatuz, errealitatea oso bestelakoa dela azaldu du.

Ikerketa bat aipatzen du El Paíseko artikuluak, baina ikerketa desitxuratu eta interpretazio askea eskaini du egunkariak. Erantzun dion Musikako irakaslearen hitzetan, ez da egia teknologia berriak erabiltzen ez dituztenik klasean, alderantziz, beraiek dira gehientsuen erabiltzen dituztenak: grabaketak aire zabalean, sorkuntza musikalak, hots eta soinuak, bideoak, audioak, material multimedia interaktiboa… “Testu-liburua gutxien erabiltzen dugunetakoak gara, nahiz eta testu-liburua erabiltzea ez den bere horretan txarra, gaizki erabiltzea da txarra”.

Bai, teknologia erabiltzen dute Musika irakasleek, “baina ez egunero, gustuko dugulako baita ere musika zuzenean egitea eta entzutea, psikomotrizitatea lantzea, komunikazioa, sentsibilitatea…”, eta horretarako ez dira teknologia berriak behar.

Musika klasikoa eta “hezkuntza erakargarriaren mantra”

Beste aurreiritzi bat ere badakar El Paísek: musika klasikoa baino ez dela jorratzen ikasgelan, gazteak erakartzeko moduko musika jarri ordez. Bada, haur eta gazteek musika klasikoa ere ezagutzea ona dela dio irakasle honek, eta beharrezkoa dela “neska-mutilek begirada zabaltzea eta ‘interesatzen zaiena’ delakotik harago autonomia garatzea, topiko pedagogiko horren atzean interes komertzialak ere badaudelako maiz. Musika klasikoa defendatzen dugu, eta klasikoa ez dena ere bai”.

Musikako irakasleen motibazioa eta prestakuntza defendatu du, nabarmenduz sarri administrazioak eta gizarteak berak gutxietsitako ikasgaia dela, nahikoa baliabiderik ez dutela eta denbora eskasegia hartzen duela Musikak ikastetxeetan, jakinik zein inportantea den musika gizakion garapenean.

Gaiaz aritu ginen ARGIAn, Tresna pedagogiko baliotsua afinatzen artikuluan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07