blogak

Jendartean

“Margolaria”. Bidaia musikala sormenaren ertzetara

Mikel Urdangarin musikaria da protagonista eta aitzakia, sormenaz eta artistaz –eta artistaren atzealdeaz– gogoetatzeko. Bidaia patxadatsua da Margolaria, bidaia musikala, Urdangarinen erritmo eta akordeetara natural egokitzen dena.

Musika pasio, ogibide eta bizimodu. Hala sentitzen du Urdangarinek, hala kontatu digu Oier Aranzabal zuzendariak. Kantautorearen itzala baita kamera, eta plano hurbilekin jolastuz, Urdangarinen bakardade uneetara, oholtza aurreko/gaineko/ondorengo sentsazio, hutsune eta pozetara eramango baitu ikuslea. Tonu intimista horrek gidatzen du dokumentala, zuri-beltzean.

Protagonistarekin batera egingo dugu bidaia, eta beste hainbaten artean Alain Urrutia margolariarekin edo Kirmen Uribe idazlearekin dituen solasaldien lekuko izango gara, kulturaz, arteaz, sortzeaz, bizitzaz. Berdin familia, lagun eta lankideekin. Eta hori guztia tartekatuz eta zipriztinduz, Urdangarinen kontzertu, entsegu eta kantaldiak. Musika (kultura, oro har) gure gizarteak nola ulertzen duen edo artistak berak ibilbide hori hautatzeko izandako zalantza eta oztopoak ezagutuko ditugu, ofizioaren eta afizioaren zailtasunak.

Bi urtez Mikel Urdangarin grabatzen eta jarraitzen aritu ostean, mimoz egindako lana dakarkigu Aranzabalek, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian.

 

ZINEMIRA

Margolaria

Zuzendaria: Oier Aranzabal.

Gidoilariak: Oier Aranzabal, Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria.

Euskal Herria, 105 minutu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07