blogak

Jendartean

Legebiltzarrera iritsi da EAErako Hezkuntza Lege egitasmoa. Zer jasotzen du eta zer ez?

Heziberri famatua abiatu zuenetik Jaurlaritzak eskuartean duen EAErako Hezkuntza Legea Eusko Legebiltzarrera iritsi da azkenean; gaur eztabaidatuko dute alderdi politikoek. Egiatan, Legebiltzarrera eraman dutena oraindik ez da lege-proiektua ere, hausnarketarako dokumentu bat da, eragileen parte-hartze handiagoa behar zukeena eta uneotan mahai gainean dauden hainbat eztabaida inportante falta dituena.

Heziberri onartu zenean, eragile ugariren kexua izan zen prozesuan parte hartu baino, Jaurlaritzak aurkezturikoaren gainean eztabaidatu besterik ez zutela egin. Oraingoan ere, administrazioak eta haren adituek prestaturiko dokumentuaz hitz egiteko bi bilerara deitu dituzte hezkuntza arloko norbanako batzuk, eta ondoren Euskadiko Eskola Kontseiluak onartu du dokumentua. Parte-hartzearen kontzeptu eskasa dirudi, eta bitxia da baita ere alderdi politikoekin gaur arte gaia eztabaidatu ez izana, (boterean egon daitekeen gobernutik harago) lege egonkorra izan nahi badu ezinbestekoa izango baita negoziaketa eta gutxieneko akordioa.

Zer botatzen da faltan Jaurlaritzaren dokumentuan

Hainbat gai potolo eta arantzatsuri ez die heltzen Jaurlaritzak aurkezturiko dokumentuak. Finantzaketari buruzko gogoetak oinarri-oinarrian behar luke, irizpideak eta partidak (eragileen aspaldiko eskaera da hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea), baina dokumentuak ez du ezer aipatzen. Gainera, ez da zehazten soilik sare publikoari eragiten dion legea den, ala itunpeko sareak ere barne hartzen ote dituen, eta gogoratu behar dugu hain juxtu puntu honek dituela muturtuta sare publikoa eta itunpekoa. Eskola-segregazioa gainditzeko Zubiak Eraikiz plataformak Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena atzera bota zuen Jaurlaritzak eta argudiatu zuen Hezkuntza Legean jorratuko zela gaia. Ordea, oso azaletik eta neurri zehatzik gabe ageri zaigu gai hau dokumentuan (irakurri, paragrafo pare bat beherago, Bizikidetza atalari buruzkoak). Behin-behineko irakasleak eta ordezkapen sistema sarri surrealista nagusi diren egungo hezkuntza ereduan, irakasleen egonkortzeari buruzko neurririk ere ez du jasotzen dokumentuak.

Zer dio dokumentuak

Bost atal ditu dokumentuak: Hizkuntzak, Bizikidetza, Modernizazioa, Ebaluazioa, eta Autonomia. Hizkuntzen atalean, ez da ageri eragileek aspalditik eskatzen dabiltzana: hizkuntza ereduak desagertzea eta murgiltze eredua (D eredua) izatea ikastetxe guztietako eredu bakarra. Horren ordez, ikastetxe bakoitzak bere egoeraren araberako hizkuntza proiektua egitea proposatzen da, euskara ardatz hartuta, eta ingelesaren ezagutzan ere gutxieneko helburu batzuk finkatzen dira.

Bizikidetzaren atalean, ekitatea eta kohesio soziala aipatu arren, ikasleen eskolatzean “zenbait desoreka” badirela eta ikasleen hautaketa prozesuak arautu behar direla onartu arren, azaleko diagnostikoa egiten da (sare publikoaren eta itunpekoaren arteko aldeez ez da ezer esaten), eta premia bereziak dituzten ikasleen matrikulazioa orekatzeko proposatzen dira: Onarpena Bermatzeko Batzordea eta lurralde mailako eskolatze bulegoak. Pizgarriak ere aurreikusten dira, premia bereziko ikasle asko dituzten ikastetxeentzat.

Modernizazioaren atalean, irakasleen prestakuntzan jartzen da fokua. Ebaluazioa atalean, ebaluazio hezigarri integralaz mintzo da dokumentua, alegia ikasleez gain ebaluatuak izan daitezela ikastetxeak, zuzendariak eta irakasleak elkarren artean. Autoebaluazioari eta kanpo-ebaluazioei balioa ematen zaie eta konpetentzien ikuspegia pixkanaka sartu behar dela nabarmentzen du.

Azkenik, Autonomiari dagokionez Jaurlaritzaren proposamenak dio ikastetxeek autonomia handiagoa behar dutela, hiru arlotan: pedagogian, antolakuntzan eta lantaldea osatzeko orduan. Zuzendaria prozesu guztien lider gisa ikusten da.

Irakurri Eusko Jaurlaritzak prestaturiko dokumentua osorik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07