blogak

Jendartean

Kritikoa eta borrokalaria ez bada, ez da Harrotasuna

Jaia eta ospakizuna gauza ederra eta beharrezkoa dira, sexu askapena, luma eta genero disidentzia kalera ateratzea bera inportantea da, baina jaiaren aitzakian LGBT komunitatea desitxuratzea, Harrotasun mugimenduak bere baitan daraman sugar borrokalaria ezabatzea eta interes komertzialengatik kolektiboaren aldarrikapenak instrumentalizatzea ez da zilegi. Hala salatu du hainbat eragilek.

Ortzadarrez jantzi dituzte eraikin publikoak, sexua eta maitasuna nahasten dituzten mezu xaloak zabaldu dituzte han-hemenka, despolitizatutako ekitaldi koloretsuak antolatu dituzte herri ugaritan. Iritsi da Harrotasunaren Eguna. Gizarte, herri, udal aurrerakoiak ditugula erakutsi nahi dute batzuek eta besteek, LGBTfobia ez baita politikoki zuzena, nahiz eta komunitate horren aurkako indarkeria betikotzen duen egitura oso bat mantentzen segitzen den.

Kapitalismo arrosaren gozamenerako

Sistema abila da eta identitate disidenteak pixkanaka asimilatzen doa, Hiruki Larroxako kideek azaldu bezala: “Ez ditu hirukotean bizi diren emakume bizardunak nahi, familia bat osatzen duen bikote lesbiana eredugarria nahi du, klase ertainekoa eta zarata gutxi aterako duena”, eta ikuspegi hori barnebiltzen –eta beste hainbat kanpoan uzten– duten ospakizun eta mezuak ohiko dira gurean, kapitalismo arrosaren gozamenerako: LGBT komunitateak aurpegi asko dituen arren, gizon homosexual zuri burgesa profil bikaina da salerosketan oinarritzen den industria oso batentzat.

Ez dezagun ahaztu LGBT jendea dagoela gizarte honetako subjektu prekarizatu, marjinatu eta baztertuenen artean. Ez dezala hori jaiak desitxuratu

Ozen! LGTB asanbladak garbi du: borroka oinarri-oinarrian du egun honek. “Harrotasuna da Euskal Herriko kaleetan mugitzen eta indartzen 40 urte baino gehiago daramatzan mugimendua. Lehenengo mobilizazioak Oreretan bizi izan genituen, Espainiako Poliziak eraildako gure arreba Francisengatik. Gure memoria historikoak sugar borrokalari hau piztuta mantentzen du”. 40 urteotan gudu-zelai asko ezagutu ditu komunitateak “eta zisnormaren eta heteronormaren azpian geratu ez diren desio eta identitateekiko zapalkuntza sistematikoaren aurka borrokatzen jarraitzen da, espazio posibleak eta identitate bizigarriak sortzeko helburuarekin”.

“Ez dugu hiririk gay-ena izan nahi”

Bilboko Udalean eta hiriburuan egiten den Pride jaian zentratu ditu kritikak Ozen! asanbladak, hiri eredu jakin bat sustatu nahi dutelakoan: “Munduko udalik libre eta anitzena, nazioarteko ekitaldi handienetarako prest; hiririk onena turistentzat, hiririk txarrena bizilagunentzat. Ez  dugu hiri ‘gay-ena’ izan nahi. Ez dugu nahi gure izenean hiri honetan egiten diren bidegabekeriak ezabatu eta garbitzea”.

Azken finean, ez dezagun ahaztu jai honen funtsa aldarrikapena eta borroka dela, ez dezagun ahaztu LGBT jendea dagoela gizarte honetako subjektu prekarizatu, marjinatu eta baztertuenen artean. Ez dezala hori jaiak desitxuratu.

The post Kritikoa eta borrokalaria ez bada, ez da Harrotasuna appeared first on Jendartean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07