blogak

Jendartean

Kapuściński garaile

Ez da ohikoena animaziozko dokumental batek lortzea publikoaren saria. Baina Another Day of Life ere ez da ohiko animazio lana. Hasteko, Ryszard Kapuściński gerra-kazetari handia duelako abiapuntu (haren Another Day of Life liburua eta hitzak ditu oinarri pelikulak), eta gainera, Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nenowk zuzendutako obra gai delako, animazio bidez, ikuslea hasieratik amaierara harrapatzeko eta Angolako gerran bete-betean sartzeko; gerraren horrorea, geopolitika, konpromisoa, memoria eta gizatasuna pantailaratzeko.

Kazetaritza hizki larritan. Horretaz ere dihardu filmak. Azken finean, Kapuściński kazetari poloniarraren bizipenak dira mamia: badoaz kolono portugaldarrak Angolatik eta bere independentzia aldarrikatzear da herrialde afrikarra, baina berau gobernatzeko gerra betean dago herri xehea batetik (errusiarrek eta kubatarrek babestuta) eta estatubatuarrek/CIAk ordaindutako indarrak bestetik, eta egoera bertatik bertara ezagutzera joan da Kapuściński. Munduari kontatu nahi dio benetan gertatzen ari dena, herriaren alde bizitza ematen ari direnak ahanzturan erori ez daitezen, zanpatuen, txiroen, ahulenen memoria gorde dadin. Kazetari eta/baina pertsona den heinean, noraino iristeko prest dagoen ere kontatuko digu filmak.

Tarteka, animazioarekin batera garaiko irudi errealak eta protagonistak eurak (bizirik jarraitzen dutenak) hezur-haragizko agertzen zaizkigu, garai hura eta bereziki Kapuściński nola gogoratzen duten azalduz. Estilo eta formatu uztarketak lagundu egiten dio istorioari, eta omenaldi bikaina egiten dio kazetari poloniarrari.

Euskal gidoi onenaren saria ere lortu du filmak. Eta publikoaren beste sarituak ere bi golardo eskuratu ditu, ikusleen iritziz Europako lanik onena izan denak Sebastiane saria (LGBTI komunitateak ematen duena) jaso baitu: Lukas Dhont zinegile belgiarraren Girl. Eta ez gaitu harritu, hain da sotila Girl, hain da ñabardurez betea, keinu txikiz, inplizituz, gordinez josia. Zakilarekin jaio den Lararen sufrimendu isila, gorputz arrotzean bere burua ezagutzen ez duen nerabearen bakardadea, edertasun handiz narratu du zuzendariak eta bikain antzeztu du Victor Polster aktoreak, eta ezinezkoa da protagonistarekin ez enpatizatzea. Baletaren erritmora, identitatea, esfortzua eta obsesioa bezalako gaiak jorratzen ditu istorioak, balet dantzaria izan nahi duen eta sexuz aldatzeko tratamendua abiatu duen Lararen ikuspegitik.

Gainerakoan, pelikula aipagarri ugari ikusi ahal izan ditugu Publikoaren Sarirako hautagaien artean. Pájaros de verano kolonbiarrean, diru-gosea, pasioa, familia, ohorea, mendekua… gurutzatzen dira hiru belaunalditan zehar, tragedia handienen gisan; emakumeek Iranen jasaten duten zapalkuntzaz ohiko tonuan dihardu Jafar Panahik Se rokh filmean; eta azkarra, leiala eta bizitzak gogorturiko mutikoaren istorioa dakarkigu Nadine Labakik, Libanoko kaleetan bizirauten saiatzen den mutikoaren istorio bortitz eta krudela: Capharnaüm.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07