blogak

Jendartean

Jakesek urritasun funtzionala du eta zoriontsu da lasterketetan parte hartzen

Jakesek garun paralisia eta urritasun funtzionala ditu; maite du kirola egitea, gauzak egin nahi dituela adierazten du, “baina bere gorputzaren preso da”, dio aitak. Aulki berezi bati eta geroz eta gehiago diren boluntarioei esker, lasterketa herrikoietan parte hartzea lortu du mutikoak, eta pozarren dago.

Argazkia: Euskadi Irratia.

“Lasterketetan jendea txaloka eta animatzen ikustea gozamena da denontzat, eta Jakesentzat sekulako emozioa da, zoratuta egoten da, etengabe barrez. Egunerokoan, ordu asko dira lanean, fisioarekin, ebakuntzak tarteko… eta gure seme-alaben irribarrea ikustea da gure motibaziorik handiena. Berak kirola egitea maite du eta bizipen horiek guztiak era batera edo bestera sentitzen lagundu nahi diogu”, kontatu du Jakes Lopez beasaindarraren aitak, Euskadi Irratian.

Jakes ez da aulki bereziaz gozatzen duen bakarra

Semearen gogoa bete asmoz, urritasun funtzionala duten haurrek lasterketa herrikoietan parte hartu ahal izateko egitasmoa jarri du martxan: Zure irrifarra, nire indarra. Funtsean, aulki berezi bat da, haurra bertan doa, eta aulkiari bultzaka korrikalari bat, baina aulkiari bultza egiteko prest dauden boluntarioek erreleboak egin ditzakete. Oraingoz hamalau aulki lortu dituzte, aniztasun funtzionala duten hamalau korrikalarik baliatuko dituzten aulkiak.

“Guraso bezala askotan zure gain hartzen duzu zama guztia”

Ekimena aurkeztu eta oso denbora gutxian, 43 boluntariok eman dute izena ekimenean parte hartzeko: “Herri mailan hasitakoak gainezka egin du, jende asko ari zait deika, baita Goierri kanpotik ere, eta ez dakizu zer nolako zoriontasuna den hori, zure umea eramaten lagundu nahi duen jendearen deiak jasotzea. Guraso bezala askotan pentsatzen duzu, ‘nik eraman behar dut’, zure gain hartzen duzu zama guztia”, eta horri buelta emateko ere balio dute halako ekimenek.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07