blogak

Jendartean

Ikasturte hasiera hau ez da serioa

Bi aste pasa dira EAEko eskola publikoetan ikasturtea hasi zenetik, eta hasierako kaosa konpondu beharrean (irakasle faltan dauden ikastetxeak, administrazioak postu bera irakasle bati baino gehiagori ematea, gauza bat eskaini zaien eta ikastetxean beste bat aurkitu duten maisu-maistrak…), are kafkiarragoa bihurtu da egoera: punturik ez duten irakasleei esleitu dizkie plazak Jaurlaritzaren Ordezkagunea aplikazio telematikoak, plaza hori jaso behar zutenak esku hutsik utziz. Ez omen da aplikazioaren hanka-sartzea izan, hartutako erabakia baizik; baina handik gutxira jakinarazi du Hezkuntza Delegaritzak postuen banaketa errepikatuko duela. Ulertezina da gertatzen ari dena, eta Hezkuntza sailburuak –oraindik eman ez dituen– azalpenak zor dizkie euren lanpostuak dantzan ikusten dituzten irakasleei.

Ehunka dira ez aurrera ez atzera dabiltzan ordezko irakasleak, egokitu zaien ikastetxera kilometro andana egin ostean etxera buelta egin behar izan dutenak postu bera beste bati ere eman zaiolako, edo lan eskaintzarik jaso gabe daudenak beraiei dagokien postua punturik ez duen (eta beharbada zerrendan ere ez dagoen) irakasleren bati eman zaiolako, edo postu bat agindu eta ikastetxera iritsi direnean postua guztiz bestelakoa dela ikusi dutenak, edo irakaslerik gabe dauden haurrak postu hori oraindik bete ez delako… Jaurlaritzak aurten Ordezkagunea aplikazio telematikoa jarri du martxan irakasleen postuak banatzeko, eta sortu den anabasa ez da nolanahikoa.

Irakaskuntzan ezegonkortasun handiena dutenei eragin die gainera. Hamarretik lau irakasle behin-behinekoak dira EAEko hezkuntza publikoan, eta hain juxtu ordezko irakasle diren horiek ikusi dituzte dantzan beren lanpostuak. Haserre daude, eta erraklamazioak jartzen hasiak dira. Bide judiziala ere iragarri dute sindikatuek; ikusiko dugu zein bide egiten duen horrek guztiak.

Erantzukizun politikoa

Erreklamazioek izan ditzaketen ondorioetara itxaron gabe, baina, erantzunen bat merezi dute irakasleek. Arazo teknikoak aipatu zituen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, aplikazio telematikoaren irizpideak oso argi dauden ere ez dago garbi, hanka-sartze hauek zergatik ematen ari diren ez dakigu, ez eta zergatik erabaki den adibidez punturik gabeko irakasleengandik hastea postuen eskaintza… Cristina Uriartek esatea “arazo puntual batzuk” direla eta ikastetxeetako profesionalei “pazientzia pixka bat” eskatzea ez da nahikoa. Tamaina honetako kalapitak neurriko erantzukizun politikoa eta neurriko azalpenak eskatzen ditu. Hau ez da serioa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07