blogak

Jendartean

Ikaslea egun batzuetarako kaleratzea, zeinentzako mesede?

Desegoki jokatzen duen ikaslea egun batzuetarako eskolatik kanporatzea eraginkorra al da? Britainia Handiko batzorde parlamentarioan heldu diote gaiari, eta Euskal Herrirako ere balio du eztabaidak: zigor gisa ala opor moduan bizi du ikasleak? Ikasleak gogoetatzeko baino, ikasgelaren mesederako ez al da neurria? Ba al dago alternatiba hezitzaileagorik?

“Gainerakook lasaitua hartzen dugu, baina arazoa ez da konpontzen”

EAEn Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lanean dabilen irakasleari galdetu diogu: “Berez, azken neurria da eta aldez aurretik hainbat ohartarazpen jaso behar izan ditu ikasleak. Neurri zuzentzaile mailakatua da, alegia lehenengo aldian egun baterako kanporatzen da, ondoren bi egunerako, astebetez… 20 eguneko kaleratzeak ere ikusita nago”. Garbi dio: “Gainerako ikasleek eta irakasleok lasaitua hartzen dugu, ikasgela baretu eta ikasteko giro aproposa berreskuratzen da, ikasi nahi duten gainerakoak babesteko ere balio du… baina arazoa ez da inolaz ere konpontzen. Normalean etxean jarraipenik ez duten ikasleak dira eta kanporatuta dauden egun horietan deskontrolatuta egoten dira; batzuk ikastetxera etortzen dira, ez dutelako nora joan”. Izan ere, kaleratua den ikaslearentzat –testuinguru sozioekonomikoaren arabera– hainbatetan etxean bakarrik geratzea edo kalean noraezean ibiltzea dira alternatibak, eta eskola-porrotera kondenatuko dituen tresna bat gehiago bihurtzen da kanporatzea.

Gurasoen inplikazioa eta zeregin sozialak

Ikastetxe batzuetan argi dute gurasoen inplikazioa funtsezkoa dela, desegoki jarduten duen ikaslearen ardura hartzen ez badute gutxi egin ahalko duela eskolak bere kabuz. Beste aukera bat da kaleratu beharrean ikaslea eskolan mantentzea, baina zigorren bat betetzen (adibidez, ikastetxea garbitzen). Edo Lodosa eta Lizarrako institutuetan, “Kaleratzea ez, aukera alternatiboa” programa daukate: zeregin sozialetara bideratzen dituzte, adineko jendea zaintzera esaterako, etxean edo kalean besoak gurutzaturik geratu ez daitezen.

Eta ikasi nahi ez badu?

16 urtera arte derrigorrezkoak dira ikasketak, baina 14 urterekin argi dute batzuek: ez dute gehiago ikasi nahi, ez bederen ohiko ikasketak. Horri erantzun nahian, programa eta zentro bereziak daude, zailtasunak dituzten 14-16 urteko ikasleak hartzen dituztenak eta lanbide heziketarantz bideratzen dituztenak. “Bide hori egiten ari diren ikasle ohi batzuk topatu berri ditut –esan digu irakasleak–; zurgintza ikasten ari dira eta DBHko hainbat gai tartekatzen dituzte. Oso gustura daude eta erdi mailako Lanbide Heziketa hasiko dute gero”. Hori bai, “ghettifikatzeko arrisku handia duten zentroak dira hauek”.

Irakurri baita ere: Ikasturtea errepikatzea, icebergaren tontorra

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07