blogak

Jendartean

Ikasketa librea ez da hain librea

Ikasketa prozesua haurraren interes eta jakin-minetatik abiatzea ez da premisa txarra, baina ñabardura inportantea egin du Ani Perez pedagogoak: haurraren testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalak eragina du interes eta jakin-min horietan, ez baita gauza bera esaterako liburuz betetako etxe batean edo libururik gabekoan bizitzea, eta horregatik, bidelagun bakarrik ez, akuilu ere izan behar du hezitzaileak, haurrak aukera guztiak eskura dituela ziurtatzeko.

Teoriak teoria eta pedagogiak pedagogia, ikuspegi hori oso presente izan beharko genuke: atzean geratzeko arrisku handiagoa dutenen akuilu izan behar du eskolak, gizarte desorekatu honetan funtzio orekatzaileak behar du egon hezkuntzaren xede eta erronka nagusien artean. Ekitatea deitzen zaio horri, espiritu berdinzalea, ez ikasle homogeneoak sortzeko, baizik eta akademikoki eta baliabide aldetik erraztasun handienak dituztenen eta zailtasun gehien dutenen artean distantzia ahalik eta txikiena izan dadin, hormak eta aurreiritziak gaindituz ez dadin betikotu betikoen arrakasta eta betikoen eskola-porrota, bermatu dadin premia dutenengan benetan jartzen duela arreta hezkuntza komunitateak.

Ikastola eta eskola publikoaren arteko ika-mikak etorkizunerako nahi dugun eskola ereduaz gogoetatzeko parada ere eman duen honetan, ez da norabide txarra ekitatea: izan dadila gure hezkuntza sistemaren kalitatea neurtuko duen adierazle garrantzitsua, ez baitu askorako balio hezkuntza ibilbide primerakoa egin duten neska-mutilak harro erakusteak, atzean geratu direnen –eta galdutzat eman ditugunen– zakua handitzen badoa. Zaurgarriak are zaurgarriago bilakatu dituen pandemia garaiotan, gure gizarte ereduaren amildegi eta arrakalak gero eta sakonagoak diren garaiotan, izan dezatela ikastetxeek eta ikasgelek helburu amildegien gainean zubiak eraikitzea.

The post Ikasketa librea ez da hain librea appeared first on Jendartean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07