blogak

Jendartean

Haurrei beldurrezko istorioak kontatu nahi ez dieten gurasoak

Britainia Handiko ikerketa batek harritu nau: mila guraso ingururi galdetuta, herenak dio seme-alabei ipuinak kontatzerakoan pertsonaia maltzur edo beldurgarria duten istorioak saihesten dituztela. Aipatuenen zerrendan, Ozeko Aztia (sorginengatik), 101 dalmata (Cruella de Vil-engatik) edota Txanogorritxo (otsoagatik). Beste aukera, jatorrizko istorioen bertsio urardotu deskafeinatu eztituak dira, haurra babestearen ustetan.

Urardotzen maisu dugu Disney (ez bakarra): filmean, printzearekin ezkonduta bukatzen du Ariel sirenatxoak, nahiz eta jatorrizkoan itsas-apar bihurtuta amaitu; edo heroi izatera iristen da Quasimodo, Notre Dameko konkorduna, jatorrizkoan Esmeralda maitearen gorpu ondoan gosez hiltzen den arren. Bertsio edulkoratuak dira, baita ere, Edurnezuri, Marierrauskin, Rapunzel eta abarrak.

“Beldurra erantzun naturala da”

Aldiz, Britainia Handiko ikerketa horren ondorioa da pertsonaia ilunak dituzten istorioak, egoera zailak eta gordinak erakusten dituztenak, baliagarriak direla umeentzat ere, beldurra erantzun naturala delako eta istorio hauek beldurrak gainditzen laguntzen dietelako umeei. Gainera, dio ikerketak, istorio bat kontatzea kontrolatu daitekeen egoera bat da, istorio erdian gelditu eta eztabaidatzeko aukera eskaintzen baitu, abagunea da haurrari zer sentitzen duen galdetu, gertakizun beldurgarri horren inguruan hitz egin eta hori guztia kudeatzeko.

Heriotza eta sufrimendua, tabu

Maiz, umeei gerrak, ezbeharrak eta zorigaitzak saihestu nahi dizkiegu helduek, burbuila atsegin batean bizi daitezela ume eta inuzente diren bitartean, baina ez ote da arriskutsuagoa tabu bihurtzea bizitzaren parte diren heriotza, sufrimendua, maltzurkeria…? Ez ote da okerragoa hori guztia ezkutatzea, gestionatzen lagundu ordez?

Jakina, eduki guztiak ez dira umeentzat egokiak, baina non dago muga? Sen onaz gain, haurrari/gazteari berari erabakitzen uztea aukera ona dela uste dute ikerketan parte hartu dutenek, norberak baitaki noiz dagoen prest, noiz ez duen istorioa irakurtzen/entzuten/ikusten jarraitu nahi, eta noiz dagoen aurrera egiteko gogoz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07