blogak

Jendartean

Gizarte arrakalak agerian utzi ditu koronabirusak

Denek ez dugu berdin jasango berrogeialdia. Etxegabeak, euren segurtasuna bermatu gabe enplegu prekarioetara joaten segi behar dutenak, lanetik kaleratuko dituztenak eta fakturei aurre egin ezingo dietenak, indarkeria matxista etxean pairatzen dutenak, zaintza lanek zamatuak, balkoirik gabeko espazio gutxiko etxeetan bizi direnak, migratzaileen zentrotan pilatuta segitzen dutenak… Egoera ugari ikusgarriago eta are zaurgarriago bilakatu ditu koronabirusaren krisiak.

Eguneroko erritmo frenetikoan hala-moduz sostengatzen den gizarte eredua ispilu aurrean jarri digu krisi honek, eta bagenekiena gordin islatu digu: desoreken gainean eraikitako gizartea da, eta baldintzarik zaurgarrienak dituztenak dira kaltetuen aterako direnak. Batzuek, ezinezkoa dute osasunaren izenean lanera joateari ezetz esatea, nahiz eta jakin lan horretan beharbada ez kutsatzeko neurriak faltako direla; beste batzuentzat, infernua da etxeko pareten artean erasotzailearekin edo itogarria den giroan hogeita lau orduak pasatzea; bakarrik bizi diren adinekoek bakardade are handiagoa bizi dute egunotan; zaintza lanak ez ditu denak berdin zamatuko; gizarte bazterkeria egoeran daudenek murriztuta ikusi dituzte haientzako zerbitzuak…

Ez, denek ez dugu berdin jasango berrogeialdia, eta horregatik dira hain garrantzitsuak auzoz auzo eta herriz herri sortzen ari diren laguntza sareak, krisiari kolektiboki erantzun behar zaiola argi dutenak, “norberak bere burua salba dezala” filosofia neoliberala alboratuz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07