blogak

Jendartean

“Girl”. Ispiluko hori ez naiz ni

Zeinen sotil, zenbat ñabardurekin, kontatzen digun Girl filmeko zuzendariak protagonistaren sufrimendu isila; zeinen natural lortzen duen ikusleok sufrimendu horrekin bat egitea, gorputz arrotzean bere burua ezagutzen ez duen nerabearen bakardadea ulertzea. Besteei “ongi nago” errepikatu eta irribarre eginagatik handia izan baitaiteke ezkutuan daramagun ezinegona.

Zakilarekin jaio zen Lara, baina gauzek bide onean dirudite: balet-eskolan onartu dute eta sexuz aldatzeko tratamendua abiatu berri du. Familiaren babes osoa dauka eta inork ez du transexual izateagatik mespretxatzen, esplizituki ez behintzat. Eta halere, trabaz beteta dago Lararen egunerokoa: berak bere buruari ezarritako exijentzia maila handiak eraginda batetik, ingurukoek kontziente eta inkontzienteki sortuak bestetik. Baina hermetikoa bezain borrokalaria da protagonista, eta konbentzituta dago gainera: emakume gorputza lortzen duenean, arazo guztiak konponduko dira, eta edozertarako prest dago bide horretan.

Onen eta gaiztoen drama errazetik ihesi, keinu txikiek/inplizituek/gordinek jositako gidoi sakona du oinarri istorioak. Baletaren erritmora, identitatea, esfortzua, obsesioa bezalako gaiak edertasun handiz kontatu ditu Lukas Dhont zinegileak, eta Victor Polster aktorearen lan bikainari esker, guztiz enpatizatu dugu protagonistarekin. Cannesen saritu zuten Girl.

PERLAK

Girl

Zuzendaria: Lukas Dhont.

Gidoilariak: Lukas Dhont, Angelo Tijssens.

Aktoreak: Victor Polster, Arieh Worthalter, Katelijne Damen, Valentijn Dhaenens.

Belgika-Herbehereak, 105 minutu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07