blogak

Jendartean

Futbolean ez dago gayrik

Gizonen futbolean ez dago homosexualik, mundu guztiak daki hori; izatekotan, kasu isolaturen bat edo beste. Joaquín Caparrós Athleticeko entrenatzaile ohiak garbi esan zuen, duela hamarkada bat: “Ez dago Espainiako futbolari gayrik, horregatik ez dira armairutik ateratzen”. Egungo panorama ikusita behintzat, horixe da txikitatik haurrek jasotzen duten mezua: futbol munduan ez dagoela edo ez dela onartzen homosexualik, futbola ez dela marikoientzat.

Kontrakoa pentsatu ahal izateko, lagungarria litzateke jokalari gayek beren sexualitatea natural eta askatasunez bizi ahal izatea. Erreferente itzela lirateke idolotzat dituzten haur eta gazte –eta ez hain gazte– asko eta askorentzat, zer esanik ez euren sexualitatea garatzeko eta adierazteko beldur diren horientzat. Baina markek babesletza erretiratu diezaieketelako, klubek eta agenteek zuzenean edo zeharka debekatu egiten dietelako, –gaizki ulerturiko– maskulinitatea nagusi delako zelaietan eta harmailetatik iristen diren irainetan… armairuan gordeta jarraitzen dute jokalariek. Zero aldizkariak erreportaje berezia prest zuen hitzartua hainbat futbolarirekin, baina hauek jaso zituzten presioengatik bertan behera gelditu zen artikulua.

Presioak, bai, federazio eta klubek elikatzen dutelako homofobia. Esaterako, partiduetan inpunitate osoz entzuten diren irain homofoboak errotik mozteko tresnak badituzte, baina nahiago dute entzungor segi. Joan den astean, bizkaitar batek arbitro izateari utzi dio, jasandako eraso homofoboagatik baino gehiago, eraso horren ostean izandako babes faltagatik. Jokalariei beraiei ere (entrenatzaileei, klubetako presidenteei, ligako arduradunei), noiz entzungo diegu jarrera homofoboak publikoki eta tinko salatzen? –Balio beza zelaietan hain hedatuta dauden irain matxista eta arrazistentzat ere–. Gainerakoan, futbolean halako jarrerak onartuta daudela pentsatzen jarraitu beharko dugu. Tamalez, baita atzetik datozen belaunaldiek ere.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07