blogak

Jendartean

Ez zapuztu umeen haurtzaroa

Haurren neurrira egindako hiriak aldarrikatzeagatik ezaguna den Francesco Tonucci pedagogo italiarrak lau gako jarri ditu mahai gainean, gaur egungo umeen haurtzaroa zapuztearen erantzule. Lehenengoa, “helduok gure haurtzaroa ahaztu egiten dugula”.

Haurtzaro ahaztuak. “Garunak lehenengo hilabete eta urteetan duen jarduna ez da konparagarria ondoren izango duen jardunarekin, hastapenetan jartzen ditu bizitza osorako zimenduak. Gaixotasun handi bat bizi dugu ordea, ahaztu egiten dugula gure haurtzaroa, eta gurekin egin zituzten akatsak errepikatzen ditugu seme-alaba eta ikasleekin”, adierazi du Ser irrati katean.

Gainbabesa. Horra bigarren gaitza, Tonucciren arabera: “Umeen autonomia deuseztatzen ari gara”. Pedagogoarentzat, funtsezkoa da umeek etxetik eta eskolatik kanpo, kontrol zuzenik gabe orduak igarotzea, “une horietan biziko dituztelako benetako esperientziak, bizitza osoan gogoratzen direnak. Baina gurasoen beldurrek oztopatzen dute hori, nahiz eta datuek dioten kalera ateratzea ez dela lehen baino arriskutsuagoa”.

Hiri deserosoak. Kasik 30 urte dira Tonuccik Haurren Hiria proiektua martxan jarri zuela, espazio publikoetatik autoa atera eta espazio horiek jendeari itzultzeko helburuz. Urte hauetan guztietan, egoerak okerrera egin duela dio: “Umeak jada ez dira kalera jolastera ateratzen, jolas-parkeak dituzte, baina hiriak berak jolasteko eremu izan behar du bere horretan. Espazio publikoa da jolasteko espazioa”.

Konpromiso falta. Haurraren Eskubideen Aldeko Hitzarmenak 30 urte bete ditu, baina ez da betetzen. Tonuccik kritikatu du Nazio Batuen Erakundeko herrialdeak konprometitu zirela munduko haurren sufrimenduari aurre egiteko neurriak hartzera, baina inork ez duela ezer egiten. “42 artikulu baino ez dituen dokumentua da, eta mundu guztia gonbidatuko nuke horiek irakurtzera. Bereziki, 3. artikulua nabarmenduko nuke: beti gailendu behar da umearen interesa”.

Gaiari lotuta:

Haurrak eskolara oinez eta beren kabuz, hain sinplea, hain iraultzailea

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07