blogak

Jendartean

Ez ukitu nire maskulinitatea!

Sexismoan, genero indarkerian, bullyingean gizonok dugun ardura fokupean jarri du iragarki batek (behean bideoa) eta gizon asko neurrigabe mindu, asaldatu eta amorratu dira. Youtuben boto negatibo izugarria du dagoeneko iragarkiak, produktua boikotatzera deitu dute eta barkamena eska dezala exijitu. Txikitatik jaso ditugun genero rol eta botere posizioa birpentsatzea baino erosoagoa da “denak ez gara gaiztoak” leloa errepikatzea.

“Oso zaila da onartzea gu garela zapaltzaileak”

Jaiotzen garen unetik hasten den prozesua da genero ikasketa, baina borrokan aritzea edo emakumeak jazartzea ez da “izan zaitezkeen gizonik onena”. Alboratu maskulinitate toxikoa eta egin zaitez matxismoaren kulturan duzun erantzukizunaren jabe. Mezu hori darabil Gillette bixar-xafla markaren iragarkiak, baina pribilegio posizioan dagoenari ez zaio gustatzen pribilegio horiek seinalatu eta kuestionatzea. “Oso zaila da onartzea gu garela zapaltzaileak, niri oso zaila egiten zaidan moduan onartzea txuri bezala beti egongo naizela beste azal kolore bat dutenen jomugan, baina hori onartu behar dugu lehenik: garenak non kokatzen gaituen eta zein pribilegio eta aukera ematen dizkigun bakoitzari”, esan zigun Miren Arangurenek.

Hain juxtu, errazagoa da egiturazkoa ere baden arazoa indibidualizatzea eta “denak ez gara berdinak” lelopean beste aldera begiratzea, genero indarkeria kasu bakoitza kasu isolatua bailitzan, berau ahalbidetzen, sustatzen eta babesten duen sistema oso bat atzean ez balu bezala.

Gillette, estereotipoen erregea

Bai, Gillettek estereotipo atzerakoienak erabili izan ditu bere kanpainetan eta multinazionalak Donald Trumpen alderdia laguntzen du diruz, ez dugu sinesten bat-batean marka feminista bihurtu denik, baina gehiago saltzeko diskurtsoa moldatzera behartuta ikusi badu bere burua, eta matxitoak beldur badira gaizki ulerturiko gizontasuna arriskuan dagoelako, mugimendu feminista lan ona egiten ari den seinale.

Click here to view the embedded video.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07