blogak

Jendartean

“Euskal Herrian bakarra nintzela pentsatzea”. Heterosexual ez direnen bizipenek hartu dute Twitter

“Gizonezko nire bikotekidea gaixo jartzea eta ospitalean ezin bisita egitea, bere familiak ez dakielako beste gizon batekin dagoela maiteminduta”, dio Álvaro Cuencak. “13 urterekin klaseko batek ‘zergatik hitz egiten duzu nesken moduan?’ galdetzea eta luma zer den ikastea (orduan izenik jartzen ez nion arren) eta nintzena ezkutatu behar nuela barneratzea” kontatu du Garu jat izena erabiltzaileak. #MeQueer traolapean, norbere bizipenak kontatzen ari da LGBTIQ+ kolektiboko jendea Twitterren.

Gizon alemaniar batek hasi zuen fenomenoa, #MeQueer traolarekin batera honakoa txiokatu zuenean: “Nire senarra nire senarra da, ez laguna. Noiz bukatuko da hau”. Orain, nazioartera zabaldu da mugimendua: jasotako mehatxu, irain eta kolpeak kontatzen ditu jendeak (adibidez, sexu bereko beste pertsona bat publikoki musukatzeagatik); gurasoek emandako babesa azpimarratzen dute batzuek, baina senideengandik mespretxua sufritu dutenak ere ez dira gutxi; eta asko eta askok azaltzen dute ezkutuan eraman behar –izan– dutela euren sexu joera (bai publikoki, bai familiaren aurrean).

Nerabezaro lapurtuak eta ohe bananduak

“Zure bizitza sexual eta sentimentala bost edo hamar urteko atzerapenez hastea. Nerabezaroko lehenengo maitasunerako aukera lapurtzea”; “Nire emaztearekin hotel batera joan eta ohe bananduak ematea, esplizituki eskatu dugunean ohe bakarra nahi dugula”; “ez gurutzatu hankak! Ez dantzatu horrela! Eseri gizon baten moduan! Zer egiten duzu gona horrekin? Panpina horrekin asko jolasten duzu! Inoiz ez duzu lan on bat izango!…”; “amak esatea ia negarrez beldurra duela egunen batean jipoituko ote nauten, trans naizelako”; “umiliazio eta jipoi etengabeak jasatea eta institutuko komunetan ezkutatzea negar egiteko. Gehiago ezin jasan eta ikasketak uztea, eta drogetan erortzea. Nire buruaz beste egiten saiatzea”; “eskolatik etxera iristea bizkarrean MARIKOIA hitza idatzia duen papera itsatsita. Ama izatea papera kendu, besarkada eman eta indarrak eman zizkidana”; “ikastolako irakasleak, etikako klasean, bikote homosexualen adopzioaz ari ginela: homosexualitatea gauza normala da. Bisexualitatea aldiz, hori ez dut ulertzen”; “bakarra nintzela pentsatzea, Euskal Herri osoan besterik ez zegoela. Ondorioz txarra eta uko egin behar nion zerbait zen niretzat. Erreferente falta horrek erabat markatu ninduen, 22 urte nituen arte ez nuen besterik ezagutu”…

Bizipen horiek eta gehiago aurki daitezke #MeQueer traola duten mezuetan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07