blogak

Jendartean

Eskola-segregazioaren eztabaida, legebiltzarrean tabu?

Ostegun honetan bozkatuko dute Eusko Legebiltzarreko alderdiek: eskola-segregazioari aurre egiteko 17.000 herritarren babesa lortu duen lege-proposamena (10.000 sinadura nahikoa dira egitasmoa aurkezteko) tramiterako onartu ala eztabaida atzera bota erabakiko dute. Jaurlaritzak aurreratu du tramitearen aurka bozkatuko duela, eta haserre daude proposamenaren bultzatzaileak: hori da herri-ekimen legegileek merezi duten harrera? Noiz arte atzeratu hezkuntza segregazioaren gaia? Beldurra al zaio eztabaidari?

“Foku mediatikotik atera nahi da gero eta deserosoagoa den arazoa”

Proposamena aintzat hartzearen alde agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, hasiera batean PSE ere bai (gehiengoa lukete beraz, eztabaidari ateak irekitzeko), baina Eusko Jaurlaritzak kontra bozkatuko duela adierazi du eta iritzi berekoa da orain PSE. Argudioa: Jaurlaritza prestatzen ari den hezkuntza legean jorratuko dutela gaia. Plataforma herritarrak aldeko botoa eskatu dio PSEri, hasiera batean agindu zuen moduan. Absurdua iruditzen zaie etorkizuneko legearen aitzakian eztabaidari ateak ixtea: “Orduan, ezingo litzateke ezer eztabaidatu ez proposatu, gai guztiak hartzen dituen hezkuntza legea izango den heinean. Gainera, lege berri baten gestio prozesuak oso geldoak dira, zer esanik ez oraindik aurreproiekturik ere ez dagoenean. Noiz arte luzatu eztabaida? Esan egia: foku mediatikotik atera nahi da gero eta deserosoagoa den arazoa”.

Herri-ekimen legegileak aurkezteko aukera zabaldu, eta legebiltzarrera iristen den lehenengoari ateak ixtea ere ez dio zentzu handirik ikusten plataformak. Halaxe uste dute baita ere EHIGE eskola publikoko gurasoek: “Ez dirudi bide egokia parte-hartzeaz eta akordioez hitz egitea, gizartearen ekimenak eteten diren bitartean”. STEILAS sindikatuaren iritziz, “EAJk eta PSEk emandako arrazoiak aitzakiak baino ez dira kohesio sozialik bermatzen ez duen hezkuntza sistema pribatizatu eta segregatzailea mantentzeko”.

Zubiak Eraikiz plataforma herritarrak zortzi neurriko proposamena aurkeztu du eskola-segregazioa gainditzeko, eta alderdiek berau bozkatuko duten egunean, ostegun honetan, elkarretaratzea deitu du plataformak legebiltzarraren aurrean, goizeko 8:45ean.

Ikastolen Elkarteak ere bere proposamena aurkeztuko du

Bestalde, Ikastolen Elkartea bat etorri da Jaurlaritzarekin: segregazioaren gaia egiteke dagoen hezkuntza legean jorratu behar dela dio, beste lege bat egin beharrean. Proposamen propioa ere egingo dute ikastolek, udazken honetan. Besteak beste, behin ikasturtea hasita berandu matrikulatzen diren ikasleetan jarri nahi dute arreta, ikusten baitute eskolatze batzordeek zuzenean ikasle horiek eskola publikora bideratzen dituztela, eta eskola batzordeetan egon daitekeela gakoa.

Gaiaz gehiago:

Ghetto-ikastetxeen egunerokoa

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07