blogak

Jendartean

Eskola digitalak sortzen duen lilura eta beldurra

Eskoletako digitalizazioak atzera-bueltarik ez duen garaiotan, teknologiaren dirdirak sortzen duen lilura bezainbestekoa da mesfidantza eta zuhurtzia: horren lekuko, adimen artifizialean oinarritutako ChatGPT sistema debekatu duela New Yorkeko Hezkuntza sailak, AEBetako eskola publiko sare handiena duenak.

ChatGPT delakoa kapaz da bera bakarrik testuak sortu eta garatzeko –gai jakin bati buruzko saiakera, esaterako– eta galderak azkar erantzuteko, ikasleei pentsamendu kritikoaren ateak itxiz, argudiatu dute. Debekuak debeku, adimen artifiziala ere lehenago edo beranduago sartuko da hezkuntzan, zuzenean edo zeharka, eta teknologia berri hori ikasgelan nola baliatuko ote den pentsatzen jarrita, komeni da orain arteko esperientziak aintzat hartzea: Eskola 2.0 eta gisako programen inpaktua ez da ona izan, berdin Google, Microsoft eta Applek hezkuntza mundurako landu dituzten paketeek oro har utzi duten emaitza, Pablo Garaizar Teknologia irakasleak 2021ean emandako hitzaldi batetan nabarmendu zuenez.

Are gehiago, Garaizarren hitzetan, azterketa guztien arabera hezkuntzan teknologia pixka bat erabiltzea ona da, baina teknologia askok ez du laguntzen eta batzuetan egoera okertu dezake. Paperean edo pantailan irakurtzearen arteko aldea jarri zuen adibide: hamar urteotako ikerketek erakutsi dute paperean hobeto irakurtzen dugula. Beste etsenplu bat: zenbat eta teknologia gutxiago, orduan eta hobeto egiten dira matematikako ariketak eta orduan eta hobeto garatzen da pentsamendu abstraktua.

Alegia, teknologia berriak ikasgeletan gero eta gehiago sartzen ari diren honetan, espiritu kritikoa behar du hezkuntzak: gailu berriak zenbat, zein kasutan, nola eta zertarako erabili gogoetatzea dagokigu, ikasketa prozesua errazteko tresna izan daitezen, ikasketa prozesua baldintzatu ordez. Gaur gaurkoz, urrun irudikatzen da eskola digitala: IKTen garrantziaz hitz egiten da, baina kasu askotan, borondatea eta gaian interesa duen irakasleren bat ez badago, jai du ikastetxeak. Erronkak ere ez dira makalak: irakasleen formazio eta trebakuntza, azpiegitura egokien beharra, teknologia edukiz betetzea eta zentzuz erabiltzea, teknologia berrien araberako materiala sortzea, pedagogia egokitzea… eta Google eta enparauei –enpresa pribatuen interes, negozio eta botereari– eskolan zein leku egin nahi zaien erabakitzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abenduan iragarritako dirulaguntzetan handiena ikastetxe publikoetako baliabide digitalak eskuratzera bideratuko da: 54,4 milioi euro ikasgela digitalak osatzeko (pantaila interaktiboak, ordenagailu eramangarriak, gelako web kamerak, tableta digitalak…). Ongi etorriak baliabideak, baina ondo pentsatutako plangintza batekin iritsi daitezela.

The post Eskola digitalak sortzen duen lilura eta beldurra appeared first on Jendartean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07