blogak

Jendartean

Eskandalua hezkuntzan

Guraso batzuei eskandalagarria iruditzen zaie hezkidetza eta sexualitatea lantzea eskoletan. Baina 8 urterekin pornografia kontsumitzen duten mutilen eta 14 urterekin beren alua ongi ezagutzen ez duten nesken aroan, eskandalua da seme-alabentzat heziketa sexu-afektiborik nahi ez izatea, identitate sexual anitzak ez onartzea, harreman osasuntsu eta orekatuak lantzen dituen Skolae programa arbuiatzea genero berdintasuna lortua dagoela argudiatuz. Guraso horiek eramango nituzke nik epailearen aurrera.

Ikasgeletan matxismoaz eta klitoriaz hitz egiterik nahi ez duten gurasoek, etxean lantzeko kontuak direla diotenek, umeei sexualitateaz hitz egiteagatik irakasleei “pederasta eta pedofilo” deitu dieten gurasoek, horiek bai beldurgarriak. Zer nolako gizartea, zer nolako burbuila, nahi dute eraiki? Jakina eskolan landu beharreko gaiak direla norbere gorputza, identitatea, rolak eta estereotipoak. Genero arau zurrunek jaiotzetik baldintzatzen gaituztela ukatzea errealitatea ukatzea da. Eta heziketa sexu-afektiboa tabu bihurtzea da funtsezko premia bati erantzun nahi ez izatea, beste alde batera begiratzea eta seme-alaben sexualitatea zalantza, kezka eta desinformazioaren esku uztea.

Joko politikotik harago, mamia

Guraso hauen erruz epailearen aurrean deklaratu beharko dute ostiral honetan hamar lagunek (Skolae programa idazten aritu diren bost, eta beste bost tutore). Salatzen dutenez, genero ideologian doktrinatu nahi dituzte euren seme-alabak eta gizonen aurka egiten du Skolae programak (emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortua dagoela argudiatuta). Jakina, politikakeria maltzurrenak ez du aukera galdu, gizarteko sektore erreakzionarioak hauspotu eta hezkuntza bilakatzeko gobernuaren aurka egiteko tresna. PP, UPN eta VOX aritu dira giroa gaiztotzen eta kutsatzen; ez da denbora asko Katalunian irakasleek doktrinatzen dutela esanez kanpaina gogorra egin zutela, eta Nafarroan ere ezaguna zaigu mantra bera, ikastolen aurka egin dutenean. Baina zurrunbilo politikotik harago, mamiarekin gera gaitezen: Skolae programa derrigorrezkoa da Nafarroako ikastetxe publiko eta kontzertatuetan eta 0-20 adina hartzen du gainera, alegia derrigorrezko hezkuntza osoan zehar berdintasunean hezteko programa jasoko dute haur eta gazteek, eta aurrerapauso izugarria da hori. Bejondeiola.

Deklaratu behar dutenekin elkartasunez, sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiralean goizeko 9:30ean, Nafarroako Auzitegiaren aurrean.

Gaiari lotuta:

Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07