blogak

Jendartean

Egiten al dute euskaraz irakasleek?

Ikasleen euskara maila eta erabilera hezkuntza arloko kezka eta eztabaidagai errepikakorra den garaiotan, fokua zabaldu du Ibai Zabala irakasleak: ikasgelatik kanpo egiten al dute euskaraz irakasleek? Eta zer nolako gaitasuna dute euskaraz?

“Irakasle askok euskararekiko agertzen duen atxikimendu falta” jarri du mahai gainean Zabalak, sare sozialetan. Arrazoia emanez erantzun dio beste hainbat irakaslek: D ereduko ikastetxeetan eta irakasle-geletan maisu-maistrak euren artean erdaraz mintzatzen direla aipatu dute, batzuk baita ikasleek entzuteko moduan ere. Gurasoei kritika bera egin dio baten batek, eskola-atarian erdaraz barra-barra jarduten dutela. Baina bata ez da bestearen justifikazio. Ados, zama osoa ez du hezkuntzak bere gain hartu behar, baina arduraz ere ezin da hustu, eskolak oinarrizko hezigune eta etorkizun hobeago baterako aliatu diren heinean eredu eta erreferente baitira irakasleak.

Pentsatu nahi dut gutxiengoa direla euskara haurrekin mintzatzeko tresnatzat baino ez duten irakasleak, zeren komunikatzeko euskarak duen balioa nekez transmitituko du eguneroko komunikazioan baliorik ematen ez dionak, nekez izango du sinesgarritasuna ikasleei euskaraz aritzeko eskatzen badie. Koherentzia funtsezko abiapuntua dela kantatu zuen Aitor Sarriegi irakasle eta bertsolariak: “Buenos días-ka ezin da hasi guretzat eguna, eta nolakoa izango da gure etorkizuna, haurrei eskatuz gero geuk egiten ez duguna”.

Irakasleen euskara maila

Ikasgaia menderatu dezake irakasleak, baina eduki horiek ikaslearengana helaraziko dituen hizkuntza menderatzen ez duenak arazo bat du. Are arazo handiagoa, edukiez gain hizkuntzaren aberastasuna eta joritasuna ikusarazi nahi baditu. Irakasleek darabilten euskararen kalitatea ere eztabaidara ekarri nahi izan du Ibai Zabalak; beste modu batera esanda, euskaraz trebe aritzeari nahikoa garrantzi ematen ote zaio irakasletzan?

Erraz egiten du buruak atxikimenduaren eta gaitasunaren arteko lotura: zaila du euskaraz abilezia bereganatzea, beste hizkuntza batera jotzeko joera duenak.

The post Egiten al dute euskaraz irakasleek? appeared first on Jendartean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07