blogak

Jendartean

“BlackKkKlansman”. Arrazista ergelak

Dibertigarria da estatubatuar zuri ultraeskuindar arrazistez barre egitea; are gehiago, osasuntsua eta aringarria dela esango nuke. Spike Lee zuzendariak behintzat ziur barre gustura egin duela BlacKkKlansman errodatu bitartean. Umorea eta salaketa maila berean erabili ditu istorio honetan, aukeran esplizituegi, aukeran manikeoegi.

1970eko hamarkadan, polizia beltz bat, Ku Klux Klan eta black power mugimendua uztartzen ditu Leek, zurien eta beltzen arteko gatazka, arrazakeria, berriz ere gai hartuta (Malcolm X edo Jungle Fever lanetan egin zuen moduan). Oraingoan, umorea hautatu du kritikarako (karikaturara eta estereotipoetara jotzen duen umorea, hainbatetan), eta nahiko txoriburu, nahiko ergel ageri zaizkigu KKK-ko gizon arrazistak. Beharbada arazoa da errealitatean lau ergel kaskamotzetik harago doala eskuin muturraren esku luzea. Poliziaren jarrera ere ez dago kritika garratzetik salbu, beltzen aurka duten jazarpen sistematikoa salatzen baitu Leek, eta agerikoak dira baita ere irudikatzen duen eszenatokia gaur egungo AEBekin lotzeko erreferentzia ugariak (Donald Trump jomugan). Mezuren bat edo beste ere esplizitatzen du, ikusle despistatuarentzat: pixkanaka, arrazakeriak politikara egingo du salto, konturatzen garenerako diskurtso politikoan guztiz integratu eta herritarrek onartua izan arte (berriz ere Trumpi erreferentzia garbia eginez, nahiz eta beste hainbat politikari ere etortzen zaizkigun burura).

Benetako gertaerak abiapuntu dituen istorio honek Epaimahaiaren Saria lortu du Cannesen eta arrakastatsu estreinatu da AEBetako aretoetan, komertziala eta ikuserraza baita. Azken finean, nori ez zaio gustatzen estatubatuar zuri ultraeskuindar arrazistez barre egitea?

PERLAK

BlacKkKlansman

Zuzendaria: Spike Lee.

Gidoilariak: Spike Lee, Charlie Wachtel, David Rabinowitz, Kevin Willmott.

Aktoreak: John David Washington, Adam Driver, Topher Grace, Laura Harrier.

AEB, 134 minutu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07