blogak

Jendartean

“Another Day of Life”. Kapuścińskiren lumak pareko filma

Gerraren horrorea. Geopolitika. Konpromisoa. Memoria. Gizatasuna. Kazetaritza hizki larritan. Eta Kapuściński. Hori guztia barnebiltzen du hasieratik amaierara harrapatzen zaituen –eta Angolako gerrara bete-betean eramaten zaituen– Another Day of Life pelikulak.

Badoaz kolono portugaldarrak Angolatik eta bere independentzia aldarrikatzear da herrialde afrikarra, baina berau gobernatzeko gerra betean dago herri xehea batetik (errusiarrek eta kubatarrek babestuta) eta estatubatuarrek/CIAk ordaindutako indarrak bestetik. Egoera bertatik bertara ezagutzera joan da Kapuściński kazetari poloniarra, benetan gertatzen ari dena mundu zabalari kontatzeko, herriaren alde bizitza emateko prest daudenak ahanzturan erori ez daitezen, zanpatuen/txiroen/ahulenen memoria gorde dadin. Kazetari gisa, noraino iristeko prest egongo da, errealitate gordina kontatzeko? Pertsona gisa, kazetaritzaren kode deontologikoa albo batera uzteko prest egongo al da, kausa handiagoen mesedetan?

Kapuściński beraren Another Day of Life liburua eta hitzak oinarri, gerra-kazetariak Angolan bizitu zituenak narratzen ditu filmak, eta harrigarria da zeinen sinesgarria eta boteretsua den animaziozko dokumental hau, benetako pertsonaiak irudikatzen dituena. Tarteka, garaiko irudi errealak eta protagonistak eurak (bizirik jarraitzen dutenak) hezur-haragizko agertzen zaizkigu, garai hura eta bereziki Kapuściński nola gogoratzen duten azalduz. Estilo eta formatu uztarketak lagundu egiten dio istorioari, eta omenaldi bikaina egiten dio kazetari poloniarrari.

Damian Nenowrekin batera Raúl De la Fuente nafarrak ederto zuzendu eta muntaturiko lan hau Cannesen aurkeztua izan zen. De la Fuentek Argian adierazi zuen moduan, “askok diote XX. mendeko kronikari onena izan dela Kapuściński. Oso poetikoa eta sentiberatasun handikoa zen, Afrika ederki ongi ezagutzen zuen”, eta halaxe islatu dute pelikula honetan.

PERLAK

Another Day of Life

Zuzendaria: Raúl De la Fuente, Damian Nenow

Gidoilariak: Raúl de la Fuente, Amaia Remirez.

Aktoreak: Carlota, Farrusco komandantea.

Euskal Herria-Polonia, 86 minutu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07