blogak

Jendartean

16 asteko aitatasun baimena: eskubide… eta betebehar

Aita izatear da eta zortekoa dela esan diot, 16 asteko aitatasun baimena izango du EAEn. Erantzun dit baimenak iraun bitartean ordu batzuk sartzeko eskatu diotela enpresan, 16 aste asko omen direlako, negoziatu behar duela. Zentzuzkoa deritzo berak. “Eskaintza ona egin didate”. Bigarren batek kontatu dit juxtu fabrikan lan asko izango duten boladan etorriko dela haurra; “16 aste, ufa…”. Eta hirugarren batek, enpresan muturra okertu dutela 16 aste hartzeko asmoa agertu duenean. Balirudike, emakumeen kasuan ohiko dena ezinezkoa dela gizon batzuentzat.

Zaintza parekatzea/partekatzea helburu duen neurria zenbatek baliatuko ote du bere osotasunean? Nagusien presioa aipatzen dizu hainbatek, edo beharbada ezinbesteko ikusten du bere burua lanean, agian ez du bertan duen estatusa galdu nahi… Sakonean, zaintzaren erantzukizuna modu ezberdinean esleitzen jarraitzen dugu gizartean: ama batek nola egingo dio uko baimena osorik hartzeari? Zer nolako ama litzateke? Aldiz, aita batek 16 asteak egitea gehiegizkoa iruditzen zaie batzuei.

Hutsunea non utzi

Lanpostuan 16 asteko hutsunea uzteagatik –enpresari huts egiteagatik– hain arduratuta dauden gizonek pentsa dezatela zenbateko hutsunea utzi nahi duten haien ardura ere baden etxeko txikiaren zaintzan. Beharbada 16 asteak derrigorrezkoak balira konturatuko litzateke bat baino gehiago, eskubidea bakarrik ez, betebeharra ere badela seme-alaben zaintza.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07