blogak

Jalgi hadi plazara

Zigorra jaso du erizainak valentzieraz egin zion pazienteari errieta egiteagatik

Erizaina bost egunez enplegu eta soldatarik gabe izango da. Argazkia: Laveupv.

Erizaina bost egunez enplegu eta soldatarik gabe izango da. Argazkia: Laveupv.

Xàtivako Osasun Sailak jarri dio bost eguneko enplegu eta soldatarik gabeko zigorra. Osasun etxeko erizainak pazienteari esan zion gaztelania jakitea bere obligazioa zela.

Laveu.cat hedabideak eman du berria. Castelló de la Ribera herrian gertatu zen urtarrilaren 13an eta orain arau-hauste arinaren mailako zigorra ezarri dio Osasun Sailak langile publikoari hizkuntza diskriminazioa egotzita.

Maria José Doménech osasun etxera joan zen eta valentzieraz egin zion erizainari. Hark esan zion ez zuela ulertzen valentziera. Pazienteak esan zion ez zekiela osasun txartelaren zenbakia gaztelaniaz esaten eta orduan langileak errieta egin zion esanez bere obligazioa zela gaztelania jakitea. “Esan zidan valentziera jakiteak ez duela ezertarako balio eta ingelesa ikasteko, etekin gehiago aterako niola”. Pazientearen arabera, langileak sarkastikoki ondokoa gehitu zuen: “Nolako ohitura daukazuen herri honetan valentzieraz egiteko!”.

Domenechek kexa jarri zuen, eta adierazi zuen oso gaizki sentiarazi zuela langile publikoak. Bere ustez, erizainaren jarrera valentzieraz hitz egiteko eskubidearen aurkako erasoa izan zen.

Ez da adibide bakarra

Gertaera urtarrilaren 13koa da. Ekainaren 9an oso antzeko egoera salatu zuen beste emakume batek. Osasun etxera deitu eta osasun txartelaren zenbakia valentzieraz esaten hasi zitzaionean, gaztelaniaz esateko eskatu zion langileak. Pazienteak valentzieraz egiteko eskubidea zeukala erantzun zion eta berak ezin bazion harrera egin beste langile bati deitzeko. Hark erantzun zion ez zegoela beste inor, eta beraz, deia bertan behera utzi eta geroago deitu behar izan zuen pazienteak.

Dekretua

Hain justu, maiatzaren 23az geroztik dago indarrean Valentziako Generalitat-ek onartutako hizkuntza erabilerari buruzko dekretua. Besteak beste, dekretuak herritarren eta administrazio publikoaren arteko harremanetan valentzieraren erabilera arautzen du. Dekretuaren arabera, langile publikoak ezin du artatu gabe utzi herritarra valentzieraz egin diolako.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07