blogak

Jalgi hadi plazara

Zergatik ez arraunean?

"Zergatik ez" egitasmoan parte hartzen ari diren emakume kirolariak, Oriotik Donostiara egindako zeharkaldian.

“Zergatik ez” egitasmoan parte hartzen ari diren emakume kirolariak, Oriotik Donostiara egindako zeharkaldian.

40 urte betetzekotan ziren eta modu berezian ospatu nahi zuten urtebetetzea. Bazkaria? Asteburu pasa ez dakit non? Ez, beste zerbait izan behar zuen, harrotasunez gogoratuko zutena, barrukoa, beharbada betiko amets bete gabea.

Arraunean ikasi nahi zutela erabaki zuten. Oriotarrak ziren, errioari begira bizitakoak, aitaitak, aitak, anaiak, osabak… arraunlariak. Beraiek ez. Beraiek emakume.

Gutxi batzuek bete behar zituzten 40 urte, baina ideia arraunean ikastea amets zuten guztiekin elkarbanatzea pentsatu zuten.

Orioko Arraun Elkartera jo eta arraunean ikasi nahi zutela esan zieten. Bi baldintza jarri zizkieten: arraunean ikasteaz gain denboraldi bukaeran zeharkaldi bat egitea (alegia, helburu baten bila lan egitea) eta 25 emakume elkartzea.

32 emakumek eman genuen izena 2017ko udazkenean, eta ia denok lehenengo aldiz arrauna hartu genuen eskuetan, traineru batean sartu ginen, toleta, tosta, karela, zer diren ikasi genuen. 2018ko ekainean 30 emakumek jarraitzen dugu arraunean, gazteenak 35 urte ditu eta helduenak 57.

Udazken hartan norbaitek esango zuen ezinezkoa zela erronka, ezinezkoa izango zela 30 emakumek haserretu gabe denboraldi bateko egitasmoari eustea.

Beste batek esango zuen gogorregia dela arrauna, ipurdia haragi bizitan, esku-azpiak babaz josita, gerri-bizkarrak minduta, negu euritsu eta hotzak gorputzak lizunduta.

Maitekiro ere bai batek baino gehiagok: “Baina non sartu zara?”.

Non sartu garen? Makina bat mutil eta gizon urtea joan urtea etorri sartu den tokian. Emakumeek urte luzez sartu ezin izan duten tokian. Arraunean egitea zer den konplexurik gabe probatu nahi du taldeak. Kontxara joateko asmorik ez dugu, berandu xamar gabiltza eliteko kirolarien plantan aritzeko, goi mailako kirolean neska gazteek emango dute egurra, zorionez poliki-poliki bidea irekitzen ari dira-eta.

Arraunlariok ez gara haserretu gure artean, gorputzeko minek eta lesioek ez gaituzte makurtu, neguak ez gaitu uzkurtu. Ekainera iritsi gara eta uztaileko erronkari begira gaude: Orio-Bilbo-Orio lau egunetan. Batzuek diote, gutxi batzuek diote, erronka ez dugula egingo, gehiegi dela guretzat. Ez dakit lortuko dugun, ez dut uste denboraldi osoko egitasmo honen gauza garrantzitsuena denik asteburu luze hori. Oriotar emakume askok ametsa bete dute, oraingo neska gazteek bai baina talde honetan parte hartu dutenek ez dute aukerarik izan traineruan aritzeko. Ametsa 40-50 urterekin bete dute. Guretzat egin dugu arraun, baina ezin uka neurri batean eredu izan dela taldea, begira bestela taldeko kideen hainbat umek zer dioten eskolan harro: “Nire ama arraunlaria da!”.

Askok, emakume eta gizon, sinetsi dute gugan. Eta ez dakit “sinetsi” den hitz egokia. Beharbada egokiagoa da esatea “Zergatik ez” egitasmoa natural-natural hartu zutela: “Arraunean hasiko zarete? Bada, ze ondo ezta?”.

Orioko errioan.

Orioko errioan.

Pasai San Pedron egon zen Hermione ontziari bisita.

Pasai San Pedron egon zen Hermione ontziari bisita.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07