blogak

Jalgi hadi plazara

Zahar egoitzetako langileen testigantzak, koronabirus garaian

Gipuzkoako egoitzetako langileak greban ziren martxoaren 11 arte. 242 greba egun zeramatzaten langileentzat eta egoiliarrentzat baldintza hobeak eskatzen. Greba atzeratu behar izan dute, koronabirusak ezustean harrapatu dituelako. Egunerokoan lana duintasunez egin eta egoiliarrak egoki zaintzeko zailtasunak bazituzten, orain egoera are okerragoa da. ELA sindikatuko ordezkarien bidez hainbat langileren testigantzak jaso ditugu eta hemen jaso kontatu dizkiguten moduan. Martxoaren 17 eta 20koak badira ere, egoitzetan egoera ez dela aldatu ziurtatu digute.

ELA sindikatuak bost eskaera nagusi egin dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta egoitzen jabeei egoera larriari erantzun ahal izateko: protokoloa eguneratzea; langileei koronabirus testak egitea; norbere babeserako ekipamenduak izatea; desinfekzio neurri bereziak hartzea; eta langile gehiago kontratatzea.

Naiz.eus-ek martxoaren 23an jasotako datuen arabera, Gipuzkoako egoitzetan 28 egoiliar kutsatu dira: 14 Irungo Caser Residencial Anaka zentroan, 10 Tolosako Iurramendi egoitzan, hiru Hondarribiko Caser Residencial Betharram zentroan eta bat Eibarko Egogainen.

Martxoaren 17ko testigantzak:

AMA XANTALEN (IRUN)

Ez dago maskararik, ezta mantalik ere. Badakit eskuak garbitzeko protokoloa ez dela betetzen, ezta nik ere, zeren ez dago eskuak lehortzeko paperik egoiliarren komunetan eta ezinezkoa izango litzateke lana aurrera ateratzea langile kopuru berarekin. Ez dago hidrogelik denentzako.

Uniformea bi egunetik behin garbitzera botatzeko esan digute, baina garbiketa enpresak ez digu itzultzen arropa maiztasun hori mantendu ahal izateko moduan. Ez gara gauzak ondo egiten ari baliabideak falta ditugulako eta langileak falta direlako. Egoera honen larritasunaz jabetzen garen batzuk estututa gaude.

TXARA II (DONOSTIA)

Maskararik gabe jarraitzen dugu. Solairu bakoitzean toki batean baino ez dago xaboia. Geletan ez dago eskuak lehortzeko paperik.

SANMARKOSENE (ERRENTERIA)

Eguneko bi zentroak itxi dituzte eta horietan aritzen ziren langileak egoitzara etorri dira, eta beraz, jende gehiago ari da lanean, eta eskerrak! Gaur babeserako baliabideak nola jarri jakiteko ikastaroa hasi dugu, kutsaturen bat baldin badago nola aritu jakiteko.

IURREAMENDI (TOLOSA)

Maskarak dituztenek lanegun guztiak egin arte ezin dituzte zaborretara bota. 3-4 egun egiten badituzte lan, bada egun horiek bukatu arte. Maskara bustita, lerde eta guzti dabiltza.

SAN MARTIN EGOITZA (AZPEITIA)

Egoiliar batetik bestera metro bateko tartea, siestarako butakatan ezartzen ditugunean hortxe nonbait, baina jantokian bazkalorduan ez daukagu tokirik. Sei egoiliarri ahora eman behar diet jaten… Maskararik ez daukagu.

Atzo solasaldi informatiboa izan genuen, eta erizainak guk baino gutxiago zekien. Batek galdetu zion nola kendu behar diren eskularruak eta erantzun zion beti bezala egin behar zela. Eskularruak nola kendu behar diren erakusten duen bideo bat bidali ziguten eta inork ez zuen ausardiarik izan gaizki azaltzen ari zela esateko. Jakina, nagusietako bat denez… Ez zigun ez genekien ezer azaldu.

Martxoaren 20ko testigantzak:

IURREAMENDI (TOLOSA)

Ratioak amaitu dira. Kaosa hainbestekoa da, non orduari ez zaion begiratu ere egiten.

Langileen jai eguna izanda deitzen diete lanera joateko. Langile bakoitzak bere solairuan egiten du lan normalean (zentzua dauka, egoiliarrak ezagutzen dituztelako). Orain zerbitzua indartzeko ezagutzen ez dituzten egoiliarrengana bideratzen dituzte.

Ekipoak plastikozko poltsatan gorde behar izaten ditugu berrerabiltzeko.

Ohar bat jarri dute harreran esanez egoiliarrak goxo-goxo zaintzeko, bisitarik ez dutelako. Amorrua eman dit gure profesionaltasuna zalantzan jartzeak. Guk egoiliarrak egunero tratatzen ditugu goxo-goxo.

ERRENTERIAKO EGUNEKO ZENTROA

Lan bera egiteko askoz ere denbora gehiago behar dugu. Bazkalordua, esaterako, 13:30ak aldera amaitzen dugu eta egun hauetan kaosa handia da; egun batzuetan 14:30ak eman dizkigute.

Isolamenduetarako unitatea prest ez dagoenez, administraria eskulanak egiten ari da norbere babeserako tresnak izan ditzagun.

SAN MARKOSENE EGOITZA (ERRENTERIA)

Greban egonda baino askoz okerrago gabiltza. Aiton-amona gaixoek 10:45ean amaitu dute gosaltzen eta 12:30ean bazkaltzen hasten dira. Lan kargak izugarriak dira; baja ez badugu hartzen birusagatik, denok lepoko edo bizkarreko arazoengatik hartuko dugu. Egiten ari garen esfortzua eta lan erritmoak ezin dira jasan.

VILLA SACRAMENTO (DONOSTIA)

Eguneko zentroko langileak egoitzetan kokatzen ari dira. Orain arte auxiliarrak solairu batean baino gehiagotan ibili gara, baina orain langile bakoitza solairu batean geldituko da.

Eguneko zentroko gunea, kutsatu berrien espazio gisa egokitzen ari dira. Maskarak plastikozko poltsatan sartu behar ditugu.

SAN JUAN EGOITZA (ZUMAIA)

Sukaldean ezin dute gehiago, lehen bi txandatan jaten zuten eta jangela bakar batean, baina orain txanda eta solairu bakoitzeko lau gurdi igo behar dira.

Zuzendaria laguntzen ari da. Uniformea jantzi eta gosariak eta bazkariak ematen ari da, ezinezkoa delako dagoen pertsonalarekin lana ateratzea. Garbitokira ere sartu izan da guri uniformeak garbitzera.

Ratioak ezabatu dira. Erlojuari ez zaio begiratu ere egiten, helburu bakarra zerbitzuaren antolakuntza da.

OTEZURI (ZUMAIA)

Ostegunetik (martxoak 19) ditugu maskarak, baina ordura arte ez geneukan ezer eta ezinezkoa zen gure segurtasuna bermatzea. Maskarak gordetzeko esan digute, badaezpada. Egoiliarren bat sintomekin badago, isolatu egiten da berehala. Ezin dira eskailerak erabili, ez erloju, ez pultsera…

Bakoitzak bere solairuan egon behar du, atsedenaldiak ere bertan egiten ditugu, ezin gara mugitu. Bilerak egiten dira txanda hasi aurretik eta ostean.

Lan kargak izugarriak dira, ratioak ez dira errespetatzen eta saiatzen gara aiton-amonei ahalik eta atentzio gehien eskaintzen, baina ezinezkoa da.

SAN MARKOSENE (ERRENTERIA)

Langile oso gutxirekin jarraitzen dugu eta ez gara iristen. Enpresak esan digu modulu bat sortu nahi duela kutsatu berrientzako. Oheak, arropak, eta abarrak mugitzen hasi dira guri inolako azalpenik eman gabe. Informaziorik ez zaigu ematen eta honek ezinegona eta beldurra sortu du langileengan.

Sekulako kaosa da hau guztia eta hasi baino ez da egin.

IURREAMENDI (TOLOSA), ZAZPI LANGILEK POSITIBO EMAN DUTE

Kutsatze arriskua ikusi zutenetik lau egun pasa ziren langileei proba egin arte. Lau egun horietan, nahiz eta langileek hamaika aldiz eskatu, lanean jarraitu behar izan zuten inolako babes neurririk gabe. Egun horietan zortzi langile kutsatu ginen eta lau egoiliar gaixotu zirenean, orduan hasi ziren beharrezko neurriak hartzen.

GREBAN BEZALA

Egoitza bateko langileek jakinarazi dute greban bezala hasi direla jokatzen nagusiak. Orduan edalontziak, sardexkak eta koilarak, platerak, ez zituzten garbitzen, aldi bakoitzean zakarrontzira botatzekoak erabili zituzten. Orain gauza bera egiten hasi dira. Garbitzaileak garbitasun sakonagoa behar duten lanetan ari dira, geletako komunak hobeto garbitzen, ateetako heldulekuak garbitzen… Beraz, garbitzaile gehiago kontratatu beharrean eguneroko ontziteria zakarretara doa egunero.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07