blogak

Jalgi hadi plazara

Uztaritzeko herri kontseiluan euskara hutsean egiteak eztabaida piztu du

Uztaritzeko Herriko Etxea. Argazkia: Euskal Irratiak.

Uztaritzeko Herriko Etxea. Argazkia: Euskal Irratiak.

Hala adierazi du If Matxikote Herriko Etxeko Hizkuntza Politikarako arduradunak: “Frantses hutsez eginda ez da deus erraten eta euskara hutsez eginda ez da uzten pasatzen”.

Euskal Irratiak-ek kontatu du Uztaritzeko herri kontseiluan egin den azken bilkuran gertatutakoa. Hautetsi batek euskara hutsean hitz egingo zuela adierazi zuen eta ondoren idatzizko aktan frantsesez jasoko zela. Dirudienez, ez zen frantsesez jaso eta ezinegona piztu da.

If Matxikotek Euskal Irratiak-en adierazi duenez, “frantses hutsean eginda ez, baina euskara hutsean eginda erra guztia ateratzen da. Iritzi artikuluak atera dira eta kasik euskaldunon kontrako gudura deitu dute. Iraganeko jarrerek irauten dute. Arrazistak garela diote eta euskaldunok ditugula diskriminatzen frankofonoak”.

Bruno Carrere Uztaritzeko auzapezak irrati berari esan dionez, “halako bilkuretan euskaraz egiten duenak (ez dakitenek uler dezaten) ondotik norberak frantsesera itzuli beharrak desoreka sortzen du eta agian irtenbidea bat-bateko itzulpena da”. Alegia, entzungailuak erabiltzea aztertzea proposatu du auzapezak. Herriko Etxearen funtzionamenduaren ehuneko 0,03 kostako litzateke.

Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu zuen egun hura

Uztaritze Bai alderdi politiko abertzaleak 2014ko hauteskundeak irabazi zituen, eta hizkuntzari dagokionez ondoko erabakia hartu zuen: “Euskara hizkuntza ofiziala da Uztaritzen, frantsesaren hein berean”. Udalbatza osatutako 29 hautetsien gehiengoak ebatzi zuen, hots, Uztaritze Baiko 22 hautetsien baiezkoarekin. Oposizioko inork ez zuen kontrako bozik eman. Biharamunean, estatuaren ordezkari Durand prefetak auzitegietara eraman zuen erabakia, eta jakina, Herriko Etxearen erabakia baliogabetu zuen.

Herriko Etxeak ez zuen aldarri teoriko hutsa egin. Praktikan, hainbat pauso ematen saiatu da Uztaritze Bai alderdia. Besteak beste, herritarrei harrera euskaraz egiten saiatu dira, eta Herriko Etxeko langileen euskara maila aztertu eta euskara ikasi nahi zutenei eskolak hartzeko aukera eman zieten.

2015eko otsailean, ARGIAn, Mikel Asurmendik erreportaje luzea egin zuen Uztaritzeko Herriko Etxearen hizkuntza politikaz.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07