Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa zahar egoitzan egiten du lan Usue Pastorrek. Alde batetik, optimista da, esperantza duelako pandemia inflexio puntua izango dela egoitzen kudeaketa ankerrean. Bestetik, etorkizun hurbil iluna usaindu du bere egoitzan. Vitalia enpresak erosi berri ditu akzio gehienak, eta hilabete gutxitan langileak estutu eta egoiliarrak okerrago artatzeko aukera izan du. Diputazioa eta enpresa pribatua eskutik helduta doazen bi lagun moduan irudikatzen ditu. Lehenengoak ‘zama’ bestearengan utzi du eta bigarrenak errentagarritasuna atera dio.
Lau erabiltzaile hil dira COVID-19an positibo emanda eta hiru langilek ere positibo eman zuten testean. Ez da gehien zigortutako egoitzetakoa. Hala ere, 30 egoiliar bigarren solairuan bakartu behar izan zituzten, kutsatzeko arriskuan egonak zirelako.
Usue Pastorrek gauez egiten du lan. Laguntzailea da berez eta gaur egun egoitzako bost solairuetako arduraduna da. Solairu bakoitzeko laguntzaile bat egoten da gauean adinekoak zaintzeko. Otsailera arte 200 bat egoiliar zituzten, solairuko 40 inguru. Ez daukate, ez mediku, ez erizainik. Diputazioak ez die halako exijentziarik ezarri.
COVID garaian baliabide berberekin
Ez dute inolako laguntza gehigarririk izan osasun krisiari aurre egiteko. Martxoaren 14-15ean Pastorrek zuzendariari prebentzio neurriak hartzeko eskatu zion, alegia, hobe zuela birusa ez sartzeko bitartekoak jartzea, birusa etxe barruan zegoela kudeatzea baino. Hala esan zion zuzendariak: “Emaidazu irtenbide bat”. Eta Pastorrek: “Solairu bat prestatu kutsatuak bakartzeko; langile gehiago kontratatu; eta maskarak langile guztiontzat”. Lehenengo eskaera baino ez zuen bete. Diputazioak ez zien eskatu beste biak betetzea, eta gainera, Pastorrek dio nahiko lan bazutela Foru Aldundiak bidalitako protokoloa interpretatu eta betetzen. Bitartean, maskarak bigarren solairuko langileek baino ez zituzten, berrerabili ezin ziren musukoak behin eta berriz janzten ari ziren. Ez zuten langilerik kontratatu eta oso haserre hitz egin du horren harira entzundakoaz: “Hedabideren batean irakurri edo entzun nuen Bizkaiko Foru Aldundiak egoitzak behartuko zituela errefortzuak kontratatzera. Ez da hala izan! Egoitzak kudeatzen dituzten enpresek ez dute inolako obligaziorik izan jendea kontratatzeko. Diputazioak berak esan ez zuen bada erresidentzietan nahikoa langile zegoela!”.
Osasun krisia baino lehen korrika ibiltzen zirela dio Pastorrek eta COVID-19 garaian are gehiago. Bakartutako erabiltzaileak zerbitzatzea konplexuagoa izan da, gelaz gela ibili behar izan dutelako: “Esan daiteke langileek lorratzak utzi dituztela korridoreko hainbat tokitan, hainbeste aldiz joan eta etorri dira bide beretik egunean zehar!”.
Foru Aldundia eta enpresa hildakoak gainetik kendu nahian
Pastorren iritziz, arazoa ez da COVID-19ak egoiliarrak hil izana, baizik eta langile nahikoa ez daukatela, erizainik ez dutela, eta horrela dauden egoitzei, enpresei, inork ez diela ezer esan: “Foru Aldundiak ‘zama’ gainetik kendu du egoitzak enpresa pribatuen esku utzita eta enpresek ‘zama’ negozio bihurtu dute. Egoiliarrak ez dira ‘zama’. Egoiliarrak jabetzen dira gizarteak zer egiten uzten dien enpresei”.
Osasun krisi garai honetan gauza asko azalera atera direla ados badago ere, sektoreko emakume prekarioen errealitatea nekez agertzen dela dio: “Lehenengo minututik telebistan ikusi ditugu Nissango eta Alcoako langileak. Gu noiz? Greba luzea egindakoak gara! [378 eguneko greba egin zuten 2016 eta 2017 urteetan]. Gainera, orain jomugan gaude. Diputazioa eta enpresak bonba, alegia hildakoak, gainetik kendu nahian dabiltza”. Bokazioz lana egin beste erremediorik ez dagoela dio, bestela ezin dela jasan: “Funts putreek pagotxa ikusi dute. Ankerrak dira, kanibalak”.
Osasun krisiak zerbaiterako balioko du?
Optimista izan nahi du eta bihotz-bihotzean espero du balioko duela zerbaiterako. Negarrez hasi da ondokoa kontatzerakoan: “Egoiliarrek laguntza behar dute, erakunde publikoek ezin dute bestaldera begiratu. Langileok hustuta gaude eta ezertarako ahalmenik gabe sentitzen gara. Zerbitzu soziosanitarioak errentagarri direla entzuten ari gara! Ileak tente jartzen zaizkit. Adinekoak ezin ditugu utzi errentagarritasuna bilatzen duten pertsonen eskuetan, eta gainera, diru publikoarekin. Lotsagabeak dira! Paseoak mugatzen dizkiete erabiltzaileei, komunean eserita zenbat denbora egongo diren kontatuta daukate, ohetik nahi ala ez nahi noiz jaiki behar duten esaten dute…”.
Enpresak emakumeen bihozberatasunaz eta sakrifiziorako gaitasunaz baliatzen direla baieztatu du: “Zuzendariari esango diozu ez daukazula denborarik egoiliarrak ohetik altxatzeko, baina beraiek badakite ez ditugula utziko ohean, denak altxatuko ditugula azkarrago edo motelago”.