blogak

Jalgi hadi plazara

“Uste dute emakume langile, sindikalista, eta feministok gaitasunik ez dugula”

Ia urtebete daramate greban zahar egoitzetako langileek. Urriaren 31ra arte luzatuko dute deialdia. Argazkia: Ecuador Etxea.

Ia urtebete daramate greban zahar egoitzetako langileek. Urriaren 31ra arte luzatuko dute deialdia. Argazkia: Ecuador Etxea.

Soraya García Bizkaiko zahar egoitzen sektorean ELA sindikatuko delegatuaren hitzak dira. Greban jarrera nabarmen matxistak jasan dituzte patronalengandik. ELAk adierazi duenez, patronaletako batekin, Gescarekin, akordiora iritsi dira. Bigarren patronal batekin adostasunera iritsiko balira ia urtebeteko greba bukatutzat emango lukete.

Soraya Garcíarekin akordioaren berri eman baino lehen hitz egin dugu eta urtebeteko borroka nolakoa izan den kontatu digu.

Zein dira zuen aldarrikapenak?

Lerro nagusiak hiru dira: soldata, lanorduak eta ratioa. Lehenik eta behin, ez dugu nahi inor 1.200 euro baino gutxiagorekin etxera joatea. Bada jendea 1.000 eurora iristen ez dena. Bigarrenik, 1.592 lanordu eskatzen ditugu, orain 1.700 inguruan gabiltza. Hirugarrenik, ratioak hobetzea eskatzen dugu. 1998tik eguneratu gabe dago ratioa. Gure gatazka dela-eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen plegu berrietan aldaketa bat egin du eta saldu du ratioak hobetuko balira bezala, baina ez da erreala. Ratioaren ardura nagusia Eusko Jaurlaritzarena da, ez patronalarena. Hala ere, enpresa pribatuek nahi duten langile kopurua kontratatu dezakete, beti ere eskatu zaien gutxienekoa beteta. Jakina, gutxienekora jotzen dute.

Gure aldarrikapenak betez gero enpresek dirua galdu behar dute . Gu gizarte politika ezbaian jartzen ari gara, diru publikoarekin egoitza pribatuak kudeatzen direlako. Tartean diru publikoa baldin badago Foru Aldundiak parte hartu behar du. Haiek diote lan gatazka dela, baina dirua zuk jartzen duzu-eta? Ordaintzaile diren neurrian ardura daukate. Nahiz eta ratioen ardura nagusia Eusko Jaurlaritzarena izan, Foru Aldundiak kontzertazio pleguetan era guztietako baldintzak jar ditzake. Aurreko hitzarmenean inplikatu ziren eta Bizkaikoa aplikatu zuten, estatuko erreforma ez aplikatzeko. Pleguen bidez asko egin dezakete, baina ez dute nahi, zirkulu bat da, enpresariena eta diputazioarena, nik uste dut lagunen zirkulua dela.

Ia urtebete greban. Zuek diozue emakumeak zaretelako zaudetela halako egoeran.

Argi daukagu. Emakumearekin zerikusia daukaten lan guztiak, zaintzakoak, arretakoak, komertzioa, garbiketa… historian zehar emakumeok izan dugun rolarekin lotutakoak dira. Lehen guretzako lanak ziren, doan egitekoak, gero negozio bihurtu dira. Negozio denez geroztik diru pixka batengatik egitea eskatzen digute eta horrelako esaldiak entzuten ditugu: senarraren osagarri garela; ez dela hainbesteraino, ez dela familiako buru baten soldata. Esaldi sexista horiek erabiltzen dituzte eta horrek esan nahi du emakumearen soldata ez dela garrantzitsua uste dutela.

Esaten dutena sinesten dute?

Bai, zuk imajinatu esaldia: “Hau irabazten duzue senarraren osagarri zaretelako”. Bati esan nion, “baina zer, kontratuan senar bana eman diguzue ala?”. Emakumearen aurkako errespetu falta da esatea gizon baten mende dagoela bere soldata. Emakume horrek egun osoko jarduna du, 1.700 ordu urtean. Guztiz sexista da.

Gure enpresa hauetan galera handirik ez dago, gizonen enpresak (ekoizten edo eraikitzen dutenak) gelditzen badira galera dago. Gurean gutxieneko zerbitzuak %90 dira egunez eta gauez %100. Galera ez da hainbestekoa eta enpresak askoz denbora gehiago iraun dezake.

Emakumeenak sektore prekarioenak dira, soldata kaxkarrenak, gizonen eta emakumeen arteko arrailak handia izaten jarraitzen du. Oso argi dago emakumeen gatazka dela. Beste gatazka batzuk azkarrago konpontzen dira.

Gizonak bazinate, adibidez.

Sektore hau gizonena balitz (eta bada nahiko pentsaezina gizartea matxista baita), maila bereko harremanak izango lituzkete eta ez guri bezala destainez begiratuta. Asko kostatzen zaie errespetatzea, denetarik esan digute: sindikatuak maneiatzen gaituela eta horrelakoak, segitzen dute pentsatzen ez daukagula gaitasunik emakume langile, sindikalista, eta feministok.

Foru Aldundiak diskriminatuta sentitu al zarete?

Diputazioak axolagabe jokatu du. Ia urtebete pasa da eta diputazioko arduraduna inoiz ez da grebalariekin elkartu.

Greba, ahalduntzeko erreminta ederra izan dela esan izan duzue.

Emakume langile horietako askok ez zuten inoiz bizi izan greba gatazkarik edo inoiz ez ziren feminista sentitu. Hasi zen greba, hasi ginen hitzaldiak ematen, eta borrokaren parte sentitzen hasi ziren, babesa sentitzen dute, eta kalera ateratzen dira.

Lan merkatuan denbora gutxi daraman 60 urte inguruko emakume asko dago gure artean. Etxetik berandu atera dira. Bat-batean greban daude. Hunkituta ikusi ditut. Lehenengo grebatan ordulariari begira egoten ziren eta manifestazioa bukatu bezain pronto etxera joaten ziren bazkarirako. Halako batean erlojua begiratu eta esaten dute: “Hemen geratuko naiz, moldatuko dira ni gabe”. Batzuk zuzendaritzara hitz egitera joateko beldurrez ibiltzen ziren eta orain halakoak esaten dituzte: “Orain askoz indartsuago sentitzen naiz hitz egitera joateko, talde baten parte sentitzen naiz”. Emakume askori daukaten indarra deskubritzeko aukera eman die gatazkak, betetzen duten lekua, beren lana baloratzeko aukera, feminista sentitzeko edo emakume feminista izatea zer den ulertzeko aukera izan dute. “Orain ez daukat beldurrik, nire gatazka da, nire lan baldintzak dira, eta nik erabakitzen dut”, esan dute askok.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07