blogak

Jalgi hadi plazara

Oihana Etxebarrieta: “Alardean elkarrizketarako aukera sortzen denean uste dut gauza asko konponduko direla”

Jaizkibel konpainia 2016ko irailaren 8an desfilatzen. Ondoan betiko alardea defendatzen dutenak protestan. Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press

Jaizkibel konpainia 2016ko irailaren 8an desfilatzen. Ondoan betiko alardea defendatzen dutenak protestan. Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press

Oihana Etxebarrietaren hitzak dira, alarde parekidearen alde 20 urte borrokatzen daraman Jaizkibel konpainiaren kapitain berriarenak. Bezperatan elkarrizketa egin diogu.

Nolako aldartearekin helduko diozu ardura berriari, kontuan izanda ez duzuela jai giro hutseko alarde batean parte hartzen. Gatazkak dirau.

Pixka bat urduri nago eta informazio berri asko jasotzen ari naiz. Hamaika urte daramatzat Jaizkibel konpainian, baina beti konpainiako kide bezala eta jakin gabe zer den hori guztia antolatzea, atzetik dakarren ardura guztia, bilerak… Jaiaz gozatzeko gogo handia dut, baina jaia bakarrik ez denez, oraindik badugunez gatazka puri-purian, milaka bilera egiten gabiltza: Ertzaintza, erakundeekin hitz egin… Egunean bertan oraindik dauden eta sortu daitezkeen gatazka egoerei aurre hartzeko lanean ari gara.

Hamaika urte daramazu Jaizkibel konpainian. Giroan aldaketarik antzeman al duzu?

Bai. Duela hamaika urte, urratsa ematera ausartu nintzenean, momentu polit eta aldi berean gogor bezala gogoratzen dut. Konpainiako kide izateak esan nahi du jende batekin harremanak eteten direla, irailaren 8aren bueltan urduritasuna sumatzen duzula…

Geroz eta gazte gehiagok egiten du bat Jaizkibelekin eta hori oso ona da. Jaizkibel beste aukera bat bezala ikusten dute Hondarribiko gazte askok, festa egin ahal izateko. Garai batean agian hautu askoz militanteagoa, oso kontzientea eta oso pentsatua zena, hautu normal bat izatera pasa da, komatxo artean esanda.

Gatazka gunea den Alde Zaharrak bere horretan jarraitzen du, plastiko beltzek hor jarraitzen dute, baina geroz eta jende gehiago dago beraien aurrean plastiko beltzak jartzea onartzen ez duena, gu ikustera datorrena. Aldaketak ematen ari dira, oraingo giroak duela hamaika urtekoarekin ez dauka zerikusirik, nahiz eta badauden gatazka egoerak.

Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitain berria. Argazkia: Dani Blanco.

Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitain berria. Argazkia: Dani Blanco.

Erakundeei dagokienez, zein dira erantzuleak eta zeinekin egon nahi duzue?

Norekin egon nahi dugun beti oso argi esan dugu, desfile pribatua antolatzen dutenekin hitz egin nahi dugu. Urteak daramatzagu hori esaten eta horrela jarraituko dugu, espero dezagun egi bihurtzea. Guk eztabaidarako espazioa nahi dugu, hitz egiten hasteko espazioa.

Bestetik, Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza aipatu behar dira. Erantzule asko ditu gatazka honek, erantzuleak edo behintzat gatazka beste eztabaida marko batera eraman eta konponbidean jartzeko ardura daukatenak. Saiakerak egin dira, aurreko foru aldundiarena adibidez, baina bertan behera geratu zen.

Udalarekin harremanetan zaudete?

Gaur bertan (abuztuak 30) izan dugu bileratxo bat. Nahiko protokolozkoa izan da, elkar ezagutzekoa. Eztabaidarako espazioa eskatu dugu. Udalak zer edo zer egin behar duela badaki, eta saiakera batzuk badituzte, baina gu horretan ez gara sartuko, Udaleko kontuak direlako. Baina uste dugu Udala izan daitekeela gure eta alarde pribatua antolatzen duten pertsonen arteko elkargune bihurtuko den aktore bat, izan beharko luke behintzat. Oraingoz ez dugu antzeman horretarako aukerarik. Ikusiko dugu aurrerago.

Foru Aldundiarekin denboratxoa da ez dugula hartu-emanik izan. Gaia Berdintasun alorretik Elkarbizitza alorrera pasa zen. Bi aldiz eskatu dugu hitzordua eta ez gara bildu. Eskaera egiten jarraituko dugu.

Emakunderen eta Arartekoaren babesa duzue.

Emakunde eta Arartekoa beti hor egon dira, eta izugarri eskertu izan dugu, baina urteak daramatzagu eskatzen haiez gain erakundeen ordezkari nagusiak diren lehendakaria edo gobernu taldeko kideak hemen egotea, eta ez dira egon. Nolabaiteko aldaketatxoa suma daiteke lehendakariari galdera egin zitzaionean eta esan zuenean bere ordezkari gorenak bidaltzen zituela. Nolabait adierazi zuen gobernua hor zegoela, baina aspaldi egin diogu gonbidapena Iñigo Urkullu lehendakariari eta ez da etorri. Euskal autonomia erkidegoko agintari goren bezala,bere lurraldean ematen ari den gatazka gordinenetako baten aurrean, posizioa hartzea edo behintzat harrera egitea garrantzitsua izango litzateke. Aurten ere egin diogu gonbidapena. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Ordezkari nagusiak bidali dituela esango du. Esperantza al duzue?

Guk ez dugu inoiz esperantza galtzen. Jaizkibelek 20 urte betetzen ditu, horrelako data borobilek batzuetan jendea hurbiltzera bultzatzen dute.

Konpainia batean biltzen zarete denak, nahiz eta asko izan. Ez duzue Irunen bezala bigarren alarderik antolatu nahi.

Ez dugu alarde paraleloa sortu nahi, herri guztiak elkarrekin festa egin dezala nahi dugu, eta horretarako Jaizkibel besteekin batera ibiliko den eta alardea ospatuko duen egunaren bila goaz.

Giroa baretu da. Intentsitate baxuko gatazka betikotuko ote da? Zein da zuen lehen estrategia?

Lehen estrategia festa egitea da, eta ikustaraztea beste herritar guztiak bezala gure herriko festetan ondo pasatzeko sortu genuela Jaizkibel, modu parekidean eta guztiei ateak zabaldu dizkion espazioa sortuz. Agian tontakeria eman dezake, baina guk ere festa maite dugula ikusaraztea izan daiteke lehenengo estrategietako bat. Askotan esan baitigute festa puskatzera etorri garela, ez dugula herria maite.

Horrek ez du bigarren aldea kentzen. Ez dakit intentsitate baxuko erasoak diren, baina oraindik buruan daukat: pertsonaren batek beldurra izaten jarraitzen duen bitartean Jaizkibelen parte hartzeko, edo kaleren batean bakarrik ibiltzeko, edo bere konpainiaren arropekin irailaren 8an parranda egiteko; Jaizkibelen parte hartzeagatik edo hura defendatzeagatik norbaitek berari hitz egiteari uzten dion bitartean, gatazka dagoela adierazi behar dugu. Plastiko beltzak horren adierazle dira eta ikusten ez diren baina festa osotasunean bizitzea oztopatzen duten milaka egoera txiki ematen dira oraindik.

Lehen esan dudan bezala, ez dugu elkarrizketarako aukerarik izan eta uste dut garai hori heltzen denean gauza asko konponduko direla. Zeren jendeak, hitz egiten hasten denean, elkar ulertzeko momentuak bilatzen ditu. Maila pertsonalean horrelako bizipenak izan ditugu askok eta askok, ingurukoekin, betiko alardean desfilatzen duen jendearekin. Goragoko mailan, konpainiatik konpainiara hitz egiten hasten garen momentua, ona izango litzateke guztientzat.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07