blogak

Jalgi hadi plazara

Nor ausartuko da sexu erasoak salatzera?

2016ko sanferminetako eraso sexistaren epaia jakin ondorengo elkarretaratzea. Argazkia: Ekinklik kolektiboa.

2016ko sanferminetako eraso sexistaren epaia jakin ondorengo elkarretaratzea. Argazkia: Ekinklik kolektiboa.

Horixe mugimendu feministako kideen, politikarien zein abokatuen sentipena. Emakumeek erasoak salatzera justizia sistemara jo dutenean erreakzio antifeminista abian jarri da.

“Bizitza libreak eraikiz. Indarkeria matxistei erantzunak” jardunaldiak EH Bilduk antolatuta. Ekainak 22. Bezperan, duela bi urte Iruñeko sanferminetan bortxatu zuten neskaren bost erasotzaileak aske utzi zituzten. Gonbidatuek ezin izan zioten iskin egin bezperako albisteari eta aurrez prestatutako gogoetak bezperako kolpearekin nahastu ziren.

Patricia Perales Iruñeko Udaleko EH Bilduko zinegotzia da. 2013. urteaz geroztik sanferminetako erasoak nola landu dituzten azaldu zuen. Aurrez agintean zegoen UPNren taktika gertaeren aurrean isilik egotea zela esan zuen. 2013ko sanferminen balorazioan festak zoragarriak izan zirela esan omen zuten, eta urte hartan hiru bortxaketa izan ziren. Peralesen ustez, gaia ezkututik argitara ekarri du oraingo udal gobernuak. Orain trabak bi dira. Batetik, hedabideek zer egiten duten erasoak daudenean, nola biktimak are biktimago egiten dituzten. Bestetik, justizia sistemaren ohartarazpena dator: neskak, geldik! Peralesek baieztatu zuen hainbat eraso ez salatzea erabaki dutela hainbat emakumek, ikusita zer gertatu den duela bi urteko kasuarekin. Esan dezagun, egunean zehar hizlari aritu zirenak, oro har, ados zirela ondoko balorazioarekin: gizarteak aurrerapausoak eman ditu, gizartearen babesa dute mota horietako erasoak salatzen dituztenek, baina nor ausartzen da salatzera hedabideen eta justizia sistemaren jokatzeko moduak kontuan hartuta?

Ana Murciaren ustez, kalean jarraitu beste erremediorik ez dago. Bere ustez, inolako mugimenduk ez dio aurre egin justizia sistemari mugimendu feministak egin dion bezala. “Luzaroko gerra da hau”, esan zuen Donostiako Garaipen elkarteko kideak.

Irantzu Varela kazetariak zehaztasun esanguratsua egin zuen: “’La Manadakoa’ ez da justizia sistemaren akats bat izan, egiazko justizia sistema da”.

Miren Ortubayk (abokatua eta zuzenbide penalean doktorea EHUn) azpimarratu zuen gizarteak aurrera egin duen heinean, abokatutzan eta epailetzan, erreakzio antifeminista hasi dela. “Gogorregiak izan diren sentipena dute eta orain biktima bera zigortzera ere iritsi dira, kontrasalaketak ere jartzen dira. Badakizue, emakumeak salaketa jarri badu gizonak haren aurkako salaketa jarriko du, eta batzuetan emakumea epaitu dute. Hasi dira esaten salaketa faltsuak jartzen dituztela emakumeek, gertaerak puztu egiten dituztela…”.

Ortubayk gaur egungo kontraesan esanguratsua jarri zuen mahai gainean: batetik emakumeei esaten zaie salaketa jartzeko eta bestetik justizia sistemara jotzen dutenean kontuz ibiltzeko esaten zaie. “Kontraesan ederra da baina ez dago besterik. Emakumeok justizia sistema erabili beste erremediorik ez dugu. Gu ez gara ez multinazional ez bestelako erakunde, justizia sistemarik gabe konpontzen direnak, guk ez daukagu beste ezer”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07