blogak

Jalgi hadi plazara

Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: Euskal bertsioa ontzen ari dira 80 eragile

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Haizpea Abrisketa (Kontseilua), Amagoia Osinalde (Urtxintxa), Josu Waliño (PuntuEus), Amaia Aurrekoetxea (LAB) eta Olatz Egiguren (Sortzen). Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Haizpea Abrisketa (Kontseilua), Amagoia Osinalde (Urtxintxa), Josu Waliño (PuntuEus), Amaia Aurrekoetxea (LAB) eta Olatz Egiguren (Sortzen). Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Urte eta erdi pasa da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Donostian aurkeztu zutenetik. 185 neurri prestatu dituzte Europako hizkuntza gutxiagotuetako komunitateen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Europarako neurriak horiek. Orain ordea, neurriok Euskal Herrira, euskarara, egokitzeko ordua da. 80 eragile aritu dira neurri bakoitzaren ezaugarriak zehazten. Hizkuntza politika berri bat gauzatzeko bide eman dezakeela adierazi du Kontseiluak.

Protokoloaren Euskal Herriko Garapena (EHGarapena) deitu dio Kontseiluak hurrengo urratsari. EHGarapena tresnak euskararen eremuan lehentasunak adosteko balioko du. Erremintak hainbat sektoretan eragiteko asmoa du: administrazioan, hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, kulturan, hedabideetan, ingurune digitalean eta onomastikan.
Maiatzaren 9an, Kontseiluak jendaurrean egindako aurkezpenean, prozesu guztian parte hartu duten lau eragilek protokoloa eta haren jarraipena nola bizi duten azaldu zuten, bakoitzak bere talaiatik.
Gogoeta partekatzera gonbidatuetako bat Amagoia Osinalde Urtxintxa Eskolako arduraduna izan zen eta aisialdian egiten ari diren lanketaren berri eman zuen. Osinaldek aitortu zuen haien esparruan gutxi hitz egiten dela euskararen normalizazioaz, hitzetara ekartzea kosta egiten dela. Bestalde, protokoloa gauzatzerakoan aisialdiko hezitzaileek protagonismo handia hartuko dutela uste du Osinaldek, haien esku egongo baita prozesu horren zabalkundea egitea.
Hezkuntza formalaren ordezkari, Sortzen elkarteko euskara arduradun Olatz Egiguren aritu zen. Neurri garrantzitsuena jarri zuen mahai gainean: murgiltze eta mantentze eredua. Hori egikaritzea funtsezkotzat du, 16 urteko ikasleek euskara maila egokia izan dezaten.
Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendaria da. Euskara ingurune digitalean osasuntsu dagoela adierazi zuen, baina ahaztu gabe euskara inguratuta dagoela eta teknologia kanpotik datorkigula. Waliñoren ustez, estrategia digital baten beharra daukagu eta Hizkuntza Eskubideen Protokoloak hori bideratzeko balio beharko luke. Besteak beste, euskarazko ingurune digitala atomizatuta dagoela azpimarratu zuen.
LAB sindikatuko Amaia Aurrekoetxeak eremu sozioekonomikoaz jardun zuen eta protokoloak zehaztutako lau puntu azpimarratu zituen. Batetik, ofizialki lehen aldiz langileek hizkuntza eskubideak dituztela jasotzen da; bigarrenik, orain arte lan mundua euskalduntzea maila abstraktuan irudikatu bada, orain EHGarapenak neurri zehatzak jarriko ditu eskura; hirugarrenik, komunitate osoa hartzen da kontuan: enpresaburuak, langileak, bezeroak eta administrazioa; eta laugarrenik, eremu sozioekonomikoa protokoloan eremu bereizi gisa (eta ez gizartetik kanpo balego moduan) hartu izana azpimarratu zuen Aurrekoetxeak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07