blogak

Jalgi hadi plazara

Ez ote dut ulertu Euskaraldia?

Argazkian gasteiztarrak Euskaraldiari atxikimendua adierazten.

Argazkian gasteiztarrak Euskaraldiari atxikimendua adierazten.

Pello Jauregi belarriprest izango dela irakurri dut Berria-n eta seko harritu naiz. Egun batzuetara, egunkari berari esker, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere belarriprest izango dela jakin dut. Dirudienez, ez dut Euskaraldia zer den ulertu.

Euskaraldiaren azken txanpan sartu baino dezente lehenago ezagun bati esan nion ahobizi izango nintzela. Ez nuen zalantzarik hark ere gauza bera esango zuela. Ez, ordea: “Nik oraindik ez dut erabaki. Ahobizi banaiz euskarari eutsi beharko diot… belarriprest erosoagoa da”. Berak harro esaten zidan beti euskaraz egiten zuela eta temati gainera. Bada, halako hiztun ahaldundua bi txapen artean paparrean zein jarri pentsatzen ari zen. Badakit norberak aukeratu behar duela rola, baina nik lasai asko esan nion berak ahobizi behar zuela izan, ez zegoela beste aukerarik. Handik aste batzuetara etorri zitzaidan esanez baietz, hura ahobizi izango zela, inolako zalantzarik gabe.

A ze sorpresa joan den astekoa. Pello Jauregi Eusle metodologiarekin urtetan aritu denak eta Lasarte-Orian asmatu zituzten belarriprest eta ahobizi egitasmoaren emaitzak neurtu zituen EHUko irakasleak belarriprest izango zela zioen. Hasieran, kazetariaren hanka-sartzea izango zela pentsatu nuen, baina ikusita eskarmentu handiko kazetariaren elkarrizketa zela akatsaren aukera erori zitzaidan. Hala dio kazetariak sarreran: “Dioenez bere burua ez du prest ikusten toki guztietan lehen hitza euskaraz egiteko eta euskarari eusteko. Hala egingo du maiz, baina ez duenez beti egingo, belarriprest txaparekin ibiliko da. Hori aldarrikatu du: hobe dela belarriprest txaparekin ahobizien jokabideak hartzea, eta ez alderantziz”. Denok ari gara horrelako kasuak ikusten. Ahobizi txapa hartuko duela jakin eta “horrek ahobizi txapa? Ba ote daki zertara doan?”. Eta ziurrenik askok ez lukete ahobizi izan behar (batzuk txapa errazegi ez ote diren ari hartzen) , ezta belarriprest ere. Batzuek agian ez lukete parte hartu behar Euskaraldian. Hori da gauza bat eta beste bat Pello Jauregi batek esatea ez dela ahobizi izango, ez duelako uste beti euskarari eusteko prest egongo denik. Ni ahobizi izango naiz eta ez dakit beti-beti eutsiko diodan euskarari. Hala ez badut egiten ez naiz apaizarengana konfesatzera joango, eta ez ditut espero kale kantoian nire bekatua entzun eta harrika hasiko direnak.

Bingen Zupiriak ildo beretik hitz egin du egunkari berean: “Bizi naizen inguruan ez da batere erraza euskaraz hitz egitea; etxean bai, baina hortik kanpo, Bilbon bizi naizen auzoan oso zaila da. Haur eta gazteekin beti naiz ahobizi. Belarripresten ariketa egin nahi dut; euskara gehiago entzun, eta gonbidapen modura erabili nahi dut, gaitasuna duen edozeinek euskaraz egin diezadan. Belarriprest aktiboa izango naiz: hitz egitean, lehen pausoa ematean, euskaraz egingo dut”.

Bateren batek esan dit zuri eta beltzaren artean aukeratzen ari naizela, baina nik hala pentsatzen dut: edo bagara edo ez gara. Euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz egiteko arazorik ez dugunon rola ahobizia da. Rol horrek ahalduntzen lagunduko digula uste dut, sinesten dut. Belarriprest, (profil horretako hiztunentzat) atzerapausoa da.

Eta ahaztu zait esatea, Pello Jauregiren azalpenek (ETB1eko “Ahoz aho” saioan ere aritu baita) eragina izan dute. Asteburuan lagun batek esan dit oraindik izenik ez duela eman, baina esan diotela aurreko batean gizon batek telebistan esan zuela ez ote den hobe belarriprest izatea. Nire lagunak euskaraz bizi nahi du, kontzientzia dauka, UEMAko herri batean bizi da. Nire laguna belarriprest?

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07