blogak

Jalgi hadi plazara

Entitateen Euskaraldiaren proposamena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak

Estitxu Alkorta (HPS) eta Jasone Mendizabal (Topagunea) 2019ko Euskaraldia aurkezten. Argazkia: Udaltop.

Estitxu Alkorta (HPS) eta Jasone Mendizabal (Topagunea) 2019ko Euskaraldia aurkezten. Argazkia: Udaltop.

Oraindik egin ez den 2018ko Euskaraldiak segida izango du 2019an. Orduan entitateek hartu beharko dituzte neurriak etxe barrura eta kanpora begira hizkuntza ohiturak aldatzeko. Jaurlaritzak eta Topaguneak Udaltopen aurkeztu dute orain arte diseinatutakoa.

Maiatzak 18, Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketak Lasarte-Orian. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak eta Estitxu Alkorta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak “Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak” proposamena aurkeztu dute.

Oraindik 2018ko Euskaraldia egiteke dago, alegia, hizkuntza ohiturak aldatzeko herritarrak aktibatzea helburu duen egitasmoa. Udazkenean izango da, baina elkarlanean ari diren bi eragileek esana zuten 2019an bigarren Euskaraldia egingo zela, aldi horretan entitateak protagonista izanda.

2019ko Euskaraldian beraz, entitateei eskatuko zaie hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak hartzea. Neurri eta estilo guztietako entitateek parte hartu ahal izango dute: kirol klubak, elkarteak, hedabideak, ikastetxeak, erakunde publikoak, enpresa pribatuak, tokian tokikoak, herrialde mailakoak, nazioarte mailakoak…

Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute entitateentzako neurri zehatzik proposatu Udaltopeko saioan. Hala ere, neurri zehatzak izan daitezkeen adibide batzuk azaldu dituzte. Esate baterako, entitate horiek etxe barrura begira honako neurriak har ditzakete: batzarrak euskaraz egitea; lantokian osa daitezkeen “ahobizi” eta “belarriprest” zirkuituak identifikatzea eta babestea; internet bidezko harremana euskaraz egitea. Horiek etxera barrura begira, kanpora begira berriz bi proposamen: bezeroari edo dena delako hartzaileari arreta euskaraz eskaintzea eta jendaurreko jarduerak euskaraz egitea.

Egitasmora ahalik eta entitate gehien biltzea da helburuetako bat. Hartzen dituzten neurriek hasiera eta bukaera izango dute, eta era berean, proposamena da hartutako neurri horietako bat atzeraezina izatea. Eman dezagun enpresa batek konpromisoa hartu duela lau hilabetez lan batzarrak euskaraz egiteko. Bada lau hilabete ondoren berdin jarraitzea izango litzateke proposamena. Noizbehinkako ekintza zehatzak ez dira ontzat hartuko, egunerokoan aplikatu ahal diren neurriak hartuko dira kontuan.

Entitateen artean, lehentasuna erakunde publikoek izango dute, ondoren gizartean eragin handia izan dezaketenak, eta atzetik etorriko dira tamaina txikiagoko elkarte, enpresa, eta bestelakoak, hala nola, herriko dendak eta enpresak.

Jasone Mendizabalek adierazi duenez, 2018ko Euskaraldia dela-eta behetik gorako aktibazio lana egiten ari dira herriz herri, baina “ez da nahikoa, babes soziala eskatuko dugu”. Entitateen inplikazioa lortzeko ardura norena den hausnartu du Mendizabalek: “Herriko dendara Euskaraldia dela-eta sortu diren herri batzordeak joango dira, baina Petronorrek parte hartzea hemen gauden denok joanda ere ez dugu lortuko. Aliatuak beharko ditugu. Arantxa Tapia gure ondoan izango ote dugu, adibidez? Eta Urkullu?”.

Estitxu Alkortaren ustez, egokia litzateke entitate bakoitzak neurri bat erabakitzea eta hori lortzeko ahalegina egitea. Gogorarazi du entitateen ehuneko ikaragarriak ez duela euskara planik eta ondorio logiko eta desiragarria izango litzatekeela egitasmo honen ondorioz euskara planak ezartzen hastea.

Udaltopen azaldu dutena proposamen irekia da, uztaila bitartean landu eta urte bukaerarako prest egongo da 2019ko egitasmoa. Aurkezpen publikoa 2018ko Euskaraldia bukatutakoan egingo da, hau da, abenduaren 3tik aurrera. Udaltopen bertan parte-hartzaileek (batik bat euskara teknikariak) galderak, kezkak eta proposamenak biltzeko lan saioa egin dute eta jasotakoa aurki irakurri ahal izango da Udaltopen webgunean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07