blogak

Jalgi hadi plazara

Amaia Alvarez: “Zahar etxeetako egoiliarren senideok eskuak lotuta dauzkagu”

Ama-alabak bideo-deien bidez komunikatzen dira egunero.

Ama-alabak bideo-deien bidez komunikatzen dira egunero.

Amaia Alvarez Ceballosek 96 urteko ama dauka Barakaldoko Sanitas egoitzan. Babestu Bizkaia egoitzetako senideen elkarteko kidea da, eta era berean, Leioako zahar etxe batean egiten du lan, beraz badaki zertaz ari den hizketan. Pandemia betean gai batek kendu dio loa: zergatik bisitak ere egiten hasi diren egoitzan egoiliarrek isolatuta segitzen duten. Badaki gelan bakartuta egoteak nolako ondorioak izan ditzakeen. Bere amak gainera, zahartzaroko dementzia dauka.

 

Artikulua argitaratu baino lehen, berriz deitu diogu Alvarezi, egun batzuk pasa baitira elkarrizketa egin genuenetik eta kazetariak uste zuen honezkero isolamendua bertan behera geratua izango zela. Zoritxarrez, ez da hobekuntza handirik izan. Ekainaren 2tik aurrera logelatik ateratzen uzten diete, espazio komunetara txandaka. Bi hilabete eta bi eguneko bakartzea egin dute. Hiru enkartelada eta kexak Bizkaiko Foru Aldundian, zuzendaritzak Diputazioaren eta Osasun Sailaren aginduak betetzen ez zituelako. “Gure kexengatik lasaitu dute isolamendua? Auskalo!”. Ondorengo kontakizunean Alvarezek ekainaren 2a baino lehenagoko egoera kontatzen du, esan bezala, tamalez gaur egungotik ez hain desberdina.

Beldurrak airean eta baliabideak inon ez zirela erabaki zuten zahar egoitza askok egoiliarrak bakartzea. Bakartzeak esan nahi du bere logelan igaroko dituela 24 ordu, askok bakarrik, eta beste batzuek ondoko ohean egoiliar bat dutela. Alvarezek dio, pena handiz, baina onartu zutela apirilaren 2an egoitzak erabakitakoa, alegia, isolatzea. Ez zegoen testik, ez zegoen babes neurri nahikorik, beraz ez kutsatzeko neurri eraginkorrena elkarrengandik banatzea zen.

Halako batean testak iritsi ziren eta positiboak eta negatiboak bereizitako solairuetan kokatzen hasi ziren. Maiatzaren hasieran, egoera horretan zeudela, Alvarez eta beste hainbat senide hasi ziren beren buruei galdezka zergatik banaketa eginda gero, negatibo zirenek isolatuta segi behar zuten. Egoitza kudeatzen duen enpresari galdetu zioten isolamendua noiz arte izango zen. Erantzuna: Guk Osakidetzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduak jarraitzen ditugu. Hortik aurrera hainbat kexa jarri ditu Alvarezek, bai egoitzan bertan baita Diputazioan ere. Pilota elkarri pasatzen ibiltzen direla dio, eta bitartean egoiliarrak bakartuta: “Gure senideek aspaldi bete zuten berrogeialdia, baina benetako berrogeialdia!”.

Korridorean ordu erdi

Senideak matraka ematen ari ziren haietako batean zuzendariak gogorarazi zien bakartzea ez zela egiazkoa izan, egunean ordu erdiz korridorean paseoan ibiltzen zirela kutsatu gabeak. Ordu erdi eta barrura. Alvarezi konparaketa egitea bururatu zaio: “Imajinatu ama etxean daukadala. Goizean garbitu dut, altxatu dut, gosaria eman diot eta ni banoa lanera. Eguerdira arte ez naiz etxera itzuli. Bateren batek esango luke hori tratu txarra ematea dela, ezta? Abandonatuta dago! Ados, egoitzan egoera ez da hain muturrekoa: bat garbitzera datorkio, besteak gosaria emango dio, besteak ohetik altxatuko du… baina orduak eta orduak dira bakarrik”.

Elkarrekin egiten zituzten ekintzak bertan behera geratu dira, bingoa, egunkaria batera irakurtzea, marrazketa… Korridorean elkar ikusteak ere badu bere balioa. Orain horrelakorik ez da, besteak beste, langileek ez dutelako denborarik gelaz gela erabiltzaileekin egoteko: “Bakartu zituztenean pentsatu nuen, ‘langile hauek nola demontre moldatuko dira gelaz gela artatzeko? Lehen ezinean eta orain nola?’. Ez daukat langileen aurka ezer esateko. Amak egunkariko titularrak irakurtzen ditu. Badakit egunkaria uzten diotela gelan. Baina bakarrik ezin du, ondokoak segi behar dio eta esan behar dio ‘ama, hemen zer jartzen du?’”.

Bakartzea: egoiliarrak lotzeko beste modu bat.

Egoitzak Liberacare zigilua dauka. Hau da, egoiliarrekin ez dituzte lotura mekaniko eta kimikoak erabiltzen. Salbuespenak salbuespen ez dituzte lotzekoak erabiltzen erabiltzailea ohetik edo aulkitik altxa ez dadin, adibidez, edo ez dituzte lokartzen pilula bidez. Sistema egokia dela iruditzen zaio Alvarezi, baina bakartzea bera egoiliarrentzat beste mota bateko lotura bat dela argi du: “Egoiliar asko ezagutzen ditut eta badakit batzuk ezin direla gelan sartuta eduki. Jakin dut batzuei irteten uzten dietela, bestela ohera lotu beharko lituzkete. Haiek ateratzeko aukera dute, ondo, baina gainerakoek ez? Denak geldirik? Hori lotzeko modu bat da”.

Martxoaren 31n horrela ospatu zuten 96. urtebetetzea.

Martxoaren 31n horrela ospatu zuten 96. urtebetetzea.

Bisitak bai

Ama bisitatzeko aukera dauka, negatiboa eman dutenak bisitatu ditzakete duela aste batzuez geroztik. Bisitak bai, baina negatiboa emanagatik gelatik ezin dira atera.

Bisita kutsatuta egongo balira bezala egiten dutela dio, gehiegizkoa iruditzen zaio. Maskara, eskularruak eta bata urdina janzten dituzte biek, alabak pantaila indibiduala ere badarama, eta bien artean metakrilatozko horma gardena dago. Distantziara daude eta ezin dute elkar ukitu, ezta jarri berri dituzten eskularruekin ere. Maskararekin eta eskularruekin nahikoa litzatekeela dio. Ziur dago amak ez duela ezagutu bisitetan: “Egunero egiten diot bideo-deia eta hobeto ezagutzen nau deian aurrez aurreko bisitan baino. Oso kantaria da nire ama eta nire abestiak jarraitzen ditu, baina ez nau ezagutu. Aurrekoan beste bisita batekoak ondoan genituen eta senideak barkamena eskatu zidan ozen hitz egiten ari zelako. Haren amak ia ez du ikusten eta ez du entzuten”. Alvarezi iruditzen zaio orain babes neurri gehiegi erabiltzen dituztela. Lehen gutxiegi eta orain gehiegi. Bisita batean esan zion langileari bere bata hurrengo bisitarako gordetzeko.

Gehiegizko babesak kezkatzen du Alvarez, bisitak oso zurrunak eta gelatik ateratzeko komeriak: “Orain zaintza muturreraino ari dira eramaten, babes larregi ez da osasungarria. Nik ez diot kalera atera behar dutenik, baina nire amari korridorean aurrera eta atzera ibiltzea gustatzen zaio. Ez da gai ulertzeko zer egiten duen gelan sartuta”.

Udazkenera arte horrela?

Birusak alde egin ez badu ere, gizartea itxialditik ateratzen ari da, aurreko errutina berreskuratzen, nolabait. Alvarez ez da ahazten egoitzetan daudenak nagusiak direla, eta haietako batzuk gu baino ahulagoak. Ordea, beldurraren beldurrez barruan sartuta jarraitzeari ez dio zentzurik hartzen. Egoitzan aipatu die, martxa honetan, birusaren udazkeneko berragertzearekin bat egingo duela oraingo egoerak. Horrela egoteko etxean hobeto daudela dio, sentitu behar dutela egoitzan etxean daudela, etxekoekin egon daitezkeela: “Nahiko etsita nago. Protesta egingo duzu, hedabideetara joko duzu, baina beraiei berdin zaie, haiek jendearen jabeak balira bezala jokatzen dute”.

Errudun nagusia: Bizkaiko Foru Aldundia

Ez duela ardurarik hartzen uste du, gutxieneko batzuk ezarri eta gainerakoan egoitza bakoitzak nahi duena egiten duela: “Egoitzen koordinazioaren ardura hartuko zutela esan zuten. Jendaurrean ondo geratzeko esango zuten zeren guk praktikan ez dugu ikusi”.

Foru Aldundiak hilabete hauetan eskainitako informazio urriaz ere kexu da: “Sekretismo handiz ibili da. Badirudi umeak garela, eta pentsatu dutela ez digutela sustorik eman nahi datuekin. Alde guztietatik entzun dute, baina kasurik ez. Senideok eskuak lotuta dauzkagu eta egoiliarrak haien menpe daude”.

Ondorioak izango ditu bakartzeak

Dagoeneko gainbeheran daude, eta isolamenduak gainbehera indartu eta azkartuko du. Burua ondo daukaten adinekoei ospitalera eramandakoan gertatzen zaiena gogoratu du Alvarezek, egun batetik bestera burua nahasten zaie, batik bat ospitalean dauden bitartean. Kognitiboki gaizki daudenekin utziagoak garela uste du: “Oso ohikoa da jendeak esatea txarto daudela, ez direla ezertaz ohartzen… Zuk zer dakizu ohartzen den ala ez? Jendeak uste du adi ez dagoelako ez dela inguruaz ohartzen. Arazoa da senideok ez ditugula ukitu denbora luzez, langileek ez daukatela denborarik haiekin egoteko. Egoitzak ez daude prestatuta langileak erabiltzaileekin egoteko. Oinarrizkoa (elikadura, garbitasuna) bermatuta dago (beno, egoitza pribatuetan gutxiago), baina alde emozionala ez. Alderdi hori familiok beteko dugu, baina denek ez daukate familia. Sikiera horientzat iritsiko balitz, baina ez da iristen”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07