blogak

Jalgi hadi plazara

Amaia Álvarez: “Medikuari egunero esaten nion uzteko ama bisitatzen, bazihoala, eta berak ezetz”

Ama-alabak bideo-deien bidez komunikatzen dira egunero.

Ekainean egindako elkarrizketarako bidali zizkigun argazkiok Amaia Álvarezek, bideo-deia baliatuz ateratako argazkiak dira. Irailaren 4an hil zen Álvarezen ama.

Ekainean elkarrizketatu nuen Amaia Álvarez Ceballos. Ama Barakaldoko Sanitas egoitzan zuen. Ez zuen ulertzen zergatik jarraitzen zuten egoiliarrak bakartuta edukitzen. Orduz geroztik egoerak ez du askoz hobera egin adinekoentzat: bisita hotz urriak, bideo-deiak, eta egoitza barruan bakardadea. Álvarezi ez diot, ordea, berriz elkarrizketa egin egoera hori kontatzeko, baizik eta amaren azken asteak kontatzeko. Bazekien, bai, 96 urteko amak luze ez zuela iraungo, baina ez zuen espero azkenetan zegoela hain gutxi ikusteko aukera izango zuenik. Egoitzako medikuaren irizpidea gailendu zen, ama egonkor zegoenez bisita berezirik ez… halako batean hil zen arte. Álvarezek berak kontatu digu bizitako kalbarioa.

 

Hilzorian ez dagoenez, bisita berezirik ez

“Irailaren 4an hil zen. Abuztuko azken bi asteetan ia itzartu gabe egon zen. Egunero bideo-deiaren bidez ikusten nuen ama, aulkian, guztiz ahulduta. Nik pantaila baten bidez antzematen nuena haiek ez zuten ikusten? Azken astea ohean pasa zuen, ia itzartu gabe. Medikuak ostiralean joaten utzi zidan eta hurrengo astelehenean [bisitak bost egunetik behin egiteko aukera zuten]. Hurrengo egunetan joaten ez zidaten utzi eta ostegun horretan hil zen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren protokoloa eskuetan nuela medikuari esaten nion pertsona bat azkenetan zegoela bisitak egiteko aukera nuela, bere ondoan egotekoa. Azkenetan egoteak ez zuen esan nahi agonian egotea. Egoitzako medikuari egunero esaten nion mesedez uzteko ama bisitatzen, alde egiten ari zela, nik ikusten nuela. Berak ezetz, egoera horretan egoiliar asko zeudela. Egonkor zegoela, alegia, bizi-konstanteak ondo zeuzkala. Nik esan nion, ‘baina hau eskatu dizut uztailean edo maiatzean? Orain eskatu dizut! Ez duzu ikusten zein egoeratan dagoen?’. Eta berak: ‘Egoera horretan sei hilabetez egon daitezke’. Foru Aldundiaren buletin ofizialak dio momentu horietan bisitak erraztu behar direla, baina hitzak dira, ez dute betetzen.

Mediku batek esaten badizu ez dagoela egoera horretan, zuk ezin duzu ezer egin. Nik aste horretan nahi nuena zen ama nirekin hiltzea, banekien hilko zela, baina ezin dira izan hain mediku txarrak ez ikusteko, ez dira mediku txarrak.

Nire bi anaiak uztailaren 18tik ama ikusi gabe zeuden. Esan nien anaiek agur esan nahi ziotela amari, eta ezetz. Ostegunean, hil zen egunean, 10:00etan deitu zidaten esateko anaiek joatea bazutela. Berak ikusi zuenean ama azken-azkenetan zegoela. Anaia bat egun horretan joango zen, beste anaia hurrengo egunean, eta ni 48 orduro, horixe esan zigun medikuak. Ostegunean joan zen anaiak esan zidan amak ez ziola eskua estutzen, eta medikuak: ‘egonkor dago’. Bizi-konstanteak ondo izango zituen, baina hori begiratzea ez da nahikoa. Amatatzen joan zen, kandela moduan. Ez dute inoiz onartuko itzaltzen ari zela. Ni ez naiz aditua, baina 30 urte daramatzat egoitza batean lan egiten, ez naiz medikua eta nire ama da, baina badakit zertaz hitz egiten ari naizen. Azken aurreko bisita ohean egin nion, logelara joaten utzi zidaten zeren ama altxatzeak ez zuen zentzurik. Esan nien gaia oso modu autoritarioan tratatzen zutela, eta esan zidaten ez zutela horrela jokatzen nire ama zelako, denengatik egin behar zela. Zuzenean logelara sartzea eskatzen nuen, nahi izanez gero beraiek erabiltzen dituzten babes arropak jantzita!

Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzuna

Pandemia hasi zenetik ez dakit zenbat eskutitz idatzi nituen Diputaziora, azkena irailaren 3an, ama hil bezperan. Abuztuaren 21eko buletin ofizialean jartzen zuenagatik idatzi nuen, lehen azaldu dizudan horregatik, alegia, egoiliarra azkenetan dagoenean mediku taldeak erraztu behar duela senideak gerturatzea. Eskutitzean esaten nien hiru anai-arrebok ikusi nahi genuela, oso egoera ahulean zegoelako. Izan ere, azken bisitak nik egin nituen pertsona bera joatea eskatzen zutelako. Hirurok eta sarriago joatea eskatu nuen, berandu baino lehen. Hurrengo egunean erantzun zidaten. Erantzuna harrigarria da! Erantzunean zioen Barakaldon egoera epidemiologiko oso txarra zegoela eta bost egunean behingo bisitak izaten jarraituko genuela, eta bisitetara beti pertsona bera joango zela. Ulertu zuten nire eskaera? Ez zuten irakurri? Edo erantzunetarako formatu itxi bat dute, eta kito?

Hurbiltasun eske

Neurri zorrotzegiak zituzten uda aurretik eta neurri zorrotzegiak ezarri dituzte gure amaren azkenetan. Badakit ez dela erraza, baina malguagoak izan behar dute. Maskara, ados, eta nahi baduzu langileek janzten duten arropa jarriko dut, baina utzi hurbil egoten. Babesa bai, baina hurbiltasuna ere bai.

Nire bikotekideak ama dauka egoitza berean eta ez dakit zenbat aldiz esan dien uzteko hurbiltzen, kognitiboki nirea zegoena baino okerrago dago eta gehienetan erdi lotan dago. Ezin du ukitu eta bere aurrean ibiltzen da ‘ama! ama!’ oihuka. Nik ere nire amarengana hurbiltzerik ez nuenez, lokarriaren muturrean pilota bat lotu nuen eta hura botatzen nion pixka bat estimulatu ahal izateko. Bikotekideak kortxoa jartzen du lokarriaren muturrean eta bota egiten dio. Zuk ez duzu uste hori penagarria denik?

Langileek errieta bat baino gehiago egin didate. Mehatxatu ninduten zuzendariari deituko ziotela eta esaten nien, baietz, esateko zuzendariari etortzeko. Nire beldur bakarra zen ez zidatela berriz sartzen utziko. Askotan hurbildu nintzen amarengana, adibidez telefono mugikorrean abesti bat ipintzeko. Azken bisitan ama guztiz burua makurtuta zegoen, ez dakit entzuten zuen ala ez, nik uste dut baietz ze burua mugitzen zuen. Mugikorrean bilbainadak jarri nizkion eta horrela egon nintzen bisitak iraun zuen ordu erdian.

Oso hilabete txarrak izan dira, eta horrela jarraitzen dute. Batzuetan nire buruari esaten nion, “agian ni naiz berezia, apetatsua naiz amarengana hurbildu nahi dudalako egoera honetan”, baina bestaldetik esaten nuen “eta zergatik ez naiz hurbilduko?”. Birusa atzemateko probak egin dizkidate nire lanagatik, medikuari esan nion nire kabuz gehiago egingo nituela, baina ez, oso zorrotzak dira, alde emozionala ez dute batere landu. Bestelako biztanleok ez gaituzte horrela tratatu, gure amak eta aitak desberdinak dira? Beti gauza bera esaten ziguten: talde ahula dira.

Etxera eraman ez izanaren damua

Onartuta neukan ama bazihoala, hilabete bazen etsi zuela, apenas jaten zuen, ahul zegoen. Horrexegatik pentsatu nuen bakarrik hiltzea baino nahiago nuela nire etxera ekartzea. Etxe bila hastekotan nintzen nirea txikiegia zelako. Egoera honek iraun bitartean etxean izango nuen eta gero itzuliko zen egoitzara. Eta bitartean zerbait gertatuko bazitzaion ni hor egongo nintzen. Pena horixe daukat. Ez naiz aztia, baina hain seguru nengoen bazihoala! Nik gehiago egon nahi nuen berarekin! Haien irizpidearen kontra egin behar nuen. Ez daukazu zer eginik. Ulertzen dut erakunde batean bizi direla eta han daudenean konfiantza izan behar duzu ondo zainduko dutela, baina pandemia batean, hain egoera berezian, malguagoak izan behar dute. Ikusi dute egoiliar batzuk joan direla eta ez COVIDagatik, baizik eta beste arrazoi batzuengatik, jateari utzi diote, triste daude, hori dena badakite baina ez dute erremediorik jartzen. Egoiliarrak COVIDagatik ez hiltzea, hori da zaindu nahi duten gauza bakarra.

Senideak izurridunak bezala tratatzen gaituzte, eta aldiz, langileak gu baino askoz hurbilago daude egunero. Ez dira haien senideak, gu gara haien senideak. Zuek zaintzen duzue, baina nik nahi diot eman maitasun apur bat. Senide askoren sentsazioa da berriro ez garela egongo haien ondoan musu bat ematen, besarkada bat ematen.

Lehendakariak COVID-19arekin hildakoei omenaldia egin zien. COVIDarekin hildakoak? Eta penaz hil direnekin ez zara gogoratzen?

Amaren eskubideak

Senidearekiko dena galtzen duzula sentitzen duzu. Nire eskubideak baino, berak bereak galdu dituela esango nuke. Egoiliarrei ez diete ezer galdetzen. Galdetuko baliete batek baino gehiagok esango luke ‘ze COVID eta ze demontre! Gosea, gerra, gerraondorena, tuberkulosia… denetarik bizi izan dut eta zer arraio, nik nire alabarekin egon nahi dut!’

Lasaitua

Lasai sentitzen naiz, ama ez delako sufritzen ari. Azken hilabetean ez zen sufritzen ari, baina puskatuta zegoen, halako zerbait esango balu moduan: ‘Berdin zait, ez dut gehiago jarraitu nahi’ edo ‘oso nagusia naiz eta orain ez daukat lehen neukan pizgarririk’. Oso alaia zen. Orain aske da”.

Posdata. Álvarezek gutuna idatzi dio amari eta hedabideetan zabaltzea nahi du. Hona hemen idatzia:

Sanitas-Barakaldon bizi zen amari

 

Zoriontsu ginen, egunero ikusten genuen elkar. Zuk pasilloetan zure eskutxoekin aulkia mugitzen zenuen eta esaten zenidan“etorri nire bila”. Agertzen nintzenean, besoek eta irribarre itzelak jasotzen ninduten.

Martxoan dena aldatu zen. Jadanik, ez zidaten joaten uzten. Mugikor pantaila txiki baten bidez ikusten zintudan. Egunez egun alde egiten ari zinen, hilabetez hilabete zure begi berdeek niri begiratzeari eta betiko alaitasuna adierazteari utzi zioten. Hala eta guztiz ere, “etorri nire bila” jarraitzen zenuen esaten.

Azken egunak logelan, joan direnengandik gero eta hurbilago zinen, ama. Begiak apenas zabaltzen dituzun, baina, ahots oso ahularekin,zure gustuko abesti baten hitzak jarraitzen dituzu.

Izurrite honek eramandakoen zerrendan ez zara egongo, ama. Jakina ezetz!. Zu bakardadeak, isolamenduak, itxialdiak, eta batez ere zure familiaren maitasuna eta hurbiltasuna ez sentitzeak eraman zaituelako.

Zorroztasuna, gupidarik eta gizatasunik eza. Autoritarismoa eta eskubide urraketa da jaso duguna. Azken egun hauetan, zuk, ama, eta guk, seme-alabok, zure ondoan egoteko eskubide osoa geneukan. Hori da jaso duguna.

Zure irribarrea eta umore ona dauzkagu gurekin, amatxu maitea.

Orain aske zara.

Amaia Àlvarez

The post Amaia Álvarez: “Medikuari egunero esaten nion uzteko ama bisitatzen, bazihoala, eta berak ezetz” appeared first on Jalgi hadi plazara.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07