blogak

Izparringia

#AuzolanDigitala Himalaian

Librezale taldeak Himalaian antolatuko du hurrengo #AuzolanDigitala


Hurrengo #AuzolanDigitala egiteko hasi dira prestaketa lanak. Librezale taldeak WIFIa doan eskainiko du Himalaia mendikate osoan.

Izparringia honetako bekadun bat Librezale foro batean sartu da, –inkognitoz, ezizen batekin, jakina–, eta etorkizun hurbilerako dauzkaten planen berri jakin dugu.

Horra mundu mailako primizia.

Librezale taldean, galestarrak eta katalanak aurretik ikusita Common Voice proiektuan, euren komunikazio kanaletan hausnartu eta hausnartu ibili dira azken sei hilabeteotan.

Horra hausnarketa sakon horietatik zer ondorioztatu duten: 10.000 ordu grabatzea, adimen artifizialari euskara, nolabait, ulertzen eta euskaraz ondo ahoskatzeen irakasten saiatzea, eta horretarako, edozein telefonotik, edozein mikrofonotik, edozein tokitatik, esaldiak grabatzea eta besteenak balioztatzea… erronka ERRAZEGIA DA.

“Euskaldunok erronka  handiagoak behar ditugu. Esaldiak, besterik gabe grabatzea edo balioztatzea errazegia da. Horregatik ez diegu oraindino, galestar eta katalanei aurrea hartu. Eta ez badugu oso burutsu den zerbait asmatzen, ez ditugu inoiz aurreratuko”.

Idatzi zuen, hitzez hitz, Librezale taldeko lider batek. (CC0 lizentziapean, beraz).

Taldean luze eztabaidatu eta gero, horra ia-ia aho batez onartu den proposamena. Hurrengo #AuzolanDigitala Himalaian eta ez Bermeon, Zarautzen, Astigarragan edo Arabako Errioxan.

Aurreko proposamenak oso bestelako bidetik zihoazen, hain zuzen ere. #AuzolanDigitalak antolatzea sagardotegi handi batean, edo Errioxako upeltegietan, edo Bilboko jaietan, edo Sanferminetan… Baina, kontuaz sakon hausnartu eta gero, taldean txipa aldatu da eta, argia ikusi dute. Euskaldunok erronka handiak behar ditugula, argi ikusi dute.

Horrela, hurrengo #AuzolanDigitalean parte hartzaileei mendi altuetara igotzeko eskatuko zaie eta igotzen dituzten metroen araberako esaldi kopurua grabatu beharko. Hori bai, esaldiak grabatu beharko dituzte, beti ere, igo bitartean eta OXIGENORIK GABE. (Eta jaisterakoan, besteek grabatutakoak balioztatuko dituzte).

Adibidez, Librezalek antolatutako #AuzolanDigitala bateko partaide batek 8.ooo mila metro igotzen baditu, bada 8.ooo esaldi grabatu beharko. (Kalkulu matematikoan aditua izatea ez da beharrezkoa).

Izparringiak jakin du Juanito Oiartzabal mendizale gasteiztarrak euskara eskolak hartzen hasi dela. “Himalayismoan dena egina neukala uste nuenean, honelako erronka berri bat behar nuen” adierazi du ilusio handiz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07