blogak

Irrizbizi

Besarkada bat.

Zure begiek mintzen naute,

nire gorputza goitik behera, haragi puska bat bailitzan, haragi gosez bazina moduan begiratzen nauzulako, zure botere nahia asetzeko premiaz.

Zure ahoak beldurtzen nau,

bertatik ni umildu asmoz jaurti ditzakezun labankada eta lizunkeriez lotsatu beharrean arro sentitzen zarelako, zure botere nahia asetzen saiatuz.

Bizi izan duenak badaki zer den hau.

Atzo eta gaur, egunero biktimak, egunero erasotzaileak. Banaka zein taldean, eraso bakoitzean emakume oro minduz, eraso bakoitzeko beste hainbat beldurtuz, eraso bakoitzean gu gehiago umiltzen saiatuz, gu zapalduz. Dirua botatzera ere heldu dira, baina, zer uste dute? Diruaren truke salduko baiginan, diruz ordaindu daitekeelakoan biktimak jasandakoa, diruak konpondu dezakeelakoan erasotzaileak egindakoa, diruak boterea ematen duelakoan.

Eta oraindik galdetzen dute askok ea zer gertatzen den. Zer gertatzen den diozu? Ba oraindik barre egin nahi dutela batzuk gure kontura, oraindik ez dela komeni kontzientzia sortzea aldaketa baten beharraz jabetzeko, gaur egun ez dagoela legerik justizia egingo duenik, eta feminismoak dakarren aldaketaz beldur direla gure matxiruloak. Hori da egia. Beldur dira.

Eta oraindik batzuk esango dute zergatik goazen etxera bakarrik, probokazio bat dela gure eskotea eta kontuz ibiltzeko gauez gure herriko kaletan. Ja! Hamazazpi euroak erabil ditzatela ilustratzeko edo hezkuntza on bat jasotzeko!

Guk bitartean borrokan jarraituko dugu.

Besarkada bat biktima guztiei.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07